3.436 lekuko hartze, nornahiren eskura

Gaurtik eskuratu ditzakete aurrez parte hartu ez duten eragileek 24. Korrikako lekuko hartzeak, Korrikaren herrialdeetako bulegoetan.

Bi lagun lekukoa eramaten, 23. Korrikaren hasieran, Irunen. JON URBE / FOKU
Bi lagun lekukoa eramaten, 23. Korrikaren hasieran, Irunen. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko otsailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirol taldeetakoek, enpresetakoek, euskara taldeetakoek, eskolek, lagun kuadrillek, familiek... Askotariko taldeek eta norbanakoek eraman ohi dute Korrikaren lekukoa, eta, horretarako, ezinbestekoa da aurrez lekuko hartze bat eskuratzea; gaur zabaldu dute horretarako aukera aurrez Korrikan parte hartu izan ez dutenentzat —gainerakoek aurretik ere izan dute aukera—.

Martxoaren 19an abiatuko da Korrika, Atharratzen (Zuberoa): parez pare izango ditu 460 herri, 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze. Bada, lekuko hartze horietako baten bat eskuratu nahi duenak Korrikaren herrialdeetako bulegoetara jo behar du, edo haiekin kontaktuak jarri. Bost bulego dituzte: Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. 

AEKren asmoa da lekukoa eraman nahi dutenei lekua egitea. Hala nabarmendu zuen AEK-ko Nazio Kontseiluko ordezkari Maialen Begiristainek: «Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita».

Ekarpena

Orain bi urte Ane Elordik, Korrikaren atarian egindako elkarrizketan, ziurtatu zuen AEK-k Korrika ezinbestekoa duela aurrera egiteko: «Momentuz, AEK-k ezin du aurrera egin Korrika barik. Hori da errealitatea. Gure helburuetako bat ekonomikoa da, eta hori argi azaltzen dugu». Hots, Korrikak ematen dion babes ekonomikoa behar du AEK-k. Beraz, behar-beharrezkoa da herritarrek lekuko hartzeak eskuratzea; horretarako, 475 euroko ekarpena egin behar da gutxienez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.