Bake eta Bizikidetza Plana. Giza eskubideen urraketei buruzko txostena (1960-2013)

40.000 atxilotu egon dira 1960tik, Jaurlaritzaren txostenaren arabera

Adituek jaso dutenez, Barne Ministerioak dioenaren arabera, 40.000tik 10.000ri baino gutxiagori leporatu diete ETArekin lotura1960tik 2013ra arte gatazka politikoaren eraginez 1.004 lagun hil direla jaso dute

Jon Mirena Landa, Juan Maria Uriarte, Manuela Carmena eta Ramon Mujika atzo, Iñigo Urkullu lehendakariari giza eskubideen urraketen txostena eskura ematen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2013ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
1960tik 2013ra euskal gatazkaren eraginez Euskal Herrian izandako giza eskubideen urraketa guztiak «ahalik eta modu zehatzenean» bildu eta egiaztatu duen txostena landu du Eusko Jaurlaritzak. Urraketa horien sailkapena eta kuantifikazioa jaso dute dokumentuan, biktimen izenik eman gabe. Independenteak eta giza eskubideen alorrean ezagunak diren lau adituk egin dute txostena: Juan Maria Uriartek, Ramon Mujikak, Jon Mirena Landak eta Manuela Carmenak. Aditu taldeak lagunduta aurkeztu zuen dokumentua, atzo, Iñigo Urkullu lehendakariak.

Euskal gatazkaren ondorioz gertatu diren indarkeria ekintzak, giza eskubideen bortxaketak eta askatasunaren aurkako erasoak oinarri dituen datuak bildu dituzte txostenean, gatazkaren eraginez sortutako askotariko oinazeak kontuan hartuta: atentatuetan hildakoak eta zauritutakoak, kale borroka ekintzak, mehatxuak, poliziaren zaintzapean hildakoak, manifestazio eta mobilizazioetan hildako eta zauritutakoak, komunikabideen aurkako atentatuak, estortsio ekonomikoa pairatu dutenak...

Besteak beste, euskal gatazkaren ondorioz hildako eta zauritutako pertsonen kopurua zehaztu dute txostenean: azken 53 urteotan 1.004 lagun hil dira Euskal Herrian giza eskubideen zapalketen ondorioz, 3.700 pertsona baino gehiago zauritu dira, eta 40.000 lagun atxilotu dituzte. Horri buruz, zera diotea adituek, iradokizunetan: «Presoen senideek ere sufritu egiten dute, baita 40.000 atxilotu horien senitartekoek ere. Atxilotu horietarik, Barne Ministerioaren datuen arabera, 10.000 baino gutxiago dira ETArekin lotura izateagatik atxilotutakoak». Alegia, Barne Ministerioaren arabera, atxilotuen lautik bati baino gutxiagori leporatu diete ETArekin lotura izatea.

Bestalde, «segurtasun fisikorako eta psikikorako eskubidearen» urraketa larriak ere jasotzen ditu dokumentuak, eta, besteak beste, tortura kasuei aipamena egiten die. Tortura eta tratu txarrak pairatu dituzten pertsonen zifra zehatzik ez du ematen, «behar beste kontrastaturik» ez dagoelako, baina 5.500 tortura salaketa publiko daudela jasotzen du, eta horiek ikertzeko deia egiten du.

Giza eskubideen urraketen zerrenda eta deskribapena bi epetan jasota dago: 1960tik 1978ra bata, eta 1979tik 2013ra, bestea. Txostenaren egileek bi arrazoi eman dituzte urte horiek aukeratzeko: batetik, 1960. urtea baino lehenagoko datuak lortzeko zailtasunak daudelako; eta, bestetik, «terrorismoaren biktimei» buruzko politikek urte hori hartzen dutelako erreferentziatzat.

Juan Mari Uriarte Donostiako gotzainak adierazi du egindako lanarekin «ekarpen xumea eta erabilgarria» egin nahi izan diotela baketzeari eta adiskidetzeari. Argitu duenez, euren asmoa ez da izan bidegabekeriak «parekatzea eta interpretatzea», giza eskubideen urraketak «zenbatzea eta egiaztatzea»baizik. Lehendakariaren esanetan, berriz, lanak «oinarri etiko sendoak» ditu, eta«biktima guztiei egia, justizia eta ordaina» ematea du helburu.

1. Hildakoak

Gatazka politikoaren ondorioz azken 53 urteotan 1.004lagun hil dira, eta 3.772 zauritu. Heriotza horien egileei dagokienez, ETAren adarrek —ETA (m), ETA (pm), ETA VII eta ETA VIII—, Komando Autonomo Antikapitalistak eta Iraultza erakunde armatuak 837 pertsona hil eta ia 2.600 zauritu dituzte. Segurtasun indarrek, berriz, 94 lagun hil dituzte eta beste 746 zauritu. Talde parapolizialek eta eskuin muturreko taldeek, azkenik, 73 lagun hil dituzte, eta 426 zauritu. Hildakoen eta zauritutakoen zerrendaren barruan, «ikerketa zehatzagoa» behar dituzten 201 kasu aipatu dira. Horien artean daude poliziaren zaintzapean, manifestazioetan edota kale borrokaren eraginez hil diren 77 lagun.

2. Tortura

Giza eskubideen urraketen txostenak dituen hutsuneen arteantortura kasuak daude. Txostenean azaltzen denez, torturaren kasuan «oso zaila» da datuak eskuratzea eta kasuak aztertzea: «Ez dago kontrastaturiko behar beste datu. Jarrerak oso bestelakoak dira: batzuek ukatu egiten dituzte,eta beste batzuek 10.000 kasu zenbatzen dituzte». Adituenarabera, hala ere, 5.500 tortura salaketa publiko egiazta daitezke —judizialak eta auzibidez kanpokoak batuta —. Halaber, 1979tik gaur egun arte tortura salaketak jarri dituzten 31 lagunei eragiten dieten 19 epai izan direla dio. Epai horien ondorioz 62 polizia zigortu dituzte, baina horietatik 27ri indultua eman diete. Bestalde, polizia etxean zeuden bitartean eta ustez jasotako tratu txarren ondorioz, 124 lagun erietxera eraman behar izan dituzte azken bost hamarkadetan, txostenean diotenez.

Giza eskubideen arloko nazioarteko erakundeei aipamen eginez, dokumentuaren egileek diote tortura ohikoa zela 1980eko hamarkadara arte, baina oraindik ere «noizbehinka baino gehiago» gertatzen dela. Hori horrela, tortura salaketen fidagarritasunari buruzko azterketa bat egitea gomendatu dute, bai eta 1978tik 2013ra bitarteko tortura salaketetan izandako gorabehera judizialei buruzko txostena lantzea ere.

3. Ikertu gabekoak

Ikertu gabe dauden giza eskubideen hainbat eta hainbat urraketa badira, txostenean jasotzen dutenez. Besteak beste, tortura kasuak, ETAren zenbait atentatu, estortsio ekonomikoa jasan duten pertsonak, «jazarpen indarkeriaren» ondorioz Euskal Herritik alde egin behar izan duen jendea, eta espetxeetan presoei emandako tratu txarren salaketak daude.

Presoek kartzelan pairatzen dituzten giza eskubideen urraketei dagokienez, txostenean gogora dakarte giza eskubideak defendatzeko erakunde ofizialek —bereziki Torturaren Prebentziorako Europako Batzordearen txostenak— ohartarazi dutela ikertu eta kuantifikatu behar direla presoei emandako tratu txar ankerren eta umiliagarrien salaketak. Halaber, bi aholku ematen dizkie erakundeei: batetik, «jazarpenaren eta indarkeriaren» ondorioz Euskal Herritik zenbat jendek alde egin duen argitzeko tresnak martxan jartzeko; eta, bestetik, ordena publikoko indarrek edo talde biolentoek egindako eta argitu gabeko giza eskubideen urraketak ikertzeko.

4. Sufrimenduak

Sufrimendu guztiak ezin direla giza eskubideen urraketatzat hartu diote txostenean, nahiz eta denak aintzat hartu beharrekoak diren. Familia eremua aipatzen dute horren adibide gisara. «ETAren mehatxuak, estortsioa edo irainak» jasan behar izan dituenaren edo presoen senitarteko bakoitzak ere sufritu egiten duela dio. Atxilotuen senideak ere aipatzen ditu talde horretan, eta datu esanguratsua ematen du: 1960tik gaur egun arte gatazka politikoaren ondorioz 40.000 atxilotu dituztela, eta, Barne Ministerioaren arabera, atxilotutakoetatik 10.000ri baino gutxiagori leporatu dietela ETArekin harremana izatea. Indarkeriarekin lotutako gertaera edo egoeratan hil diren 277 pertsonaren kasua ezin dela ahaztu ere badiote txostenan: nork bere buruaz beste egindakoak, liskarretan, armak manipulatzen edota ustekabeko tiroz hildako poliziak aipatu ditu, besteak beste. «Gertakari horiek ezin dira zentzu hertsian giza eskubideen urraketatzat jo, baina, hala ere, gertatutakoaren memoria osatzen dute».

5. Atentatuak

Askatasunen aurkako delituak goiburupean ETAk, talde parapolizialek, eta eskuin muturreko taldeek egindako atentatuak bildu dira. ETAk 3.600 atentatu inguru egin dituela dio, baina ez du datuargirik ematen talde parapolizialek eta eskuin muturreko taldeek egindakoen inguruan. Heriotzak eragin dituzten atentatuak aipatzen ditu talde batean: BVEk 14 atentatu egin zituen, Triple Ak hiru, Antiterrorismo ETAk (ATE)k bat, GAEk zazpi eta GALek 24.Talde horiek heriotza eragin zuten 73 atentatu egin zituzten 1960az geroztik, baina horietatik erdia baino gutxiago epaitu dira.

6. Iradokizun orokorrak

Giza eskubideen urraketa larrien biktima guztiek «egia, justizia eta ordaina» izateko eskubidea dute, txostenean diotenez. Horren ondorioz, aditu taldeak hiru iradokizun egin dituzte. Batetik, erakunde publiko guztiei eskatu diete giza eskubideen arloko nazioarteko instituzio ofizialek emandako gomendioak betetzeko. Bigarrenik, erakunde publiko, zibikoen eta gizarte zibilari galdegin diete giza eskubide guztiak errespetatu, susta eta defenda ditzaten, eta iraganaren «irakurketa autokritiko eta arduratsua» egin dezaten, biktimei eta bereziki, bidegabeki eraildakoei lehentasuna emanda. Hirugarrenik, euskal alderdi politikoei eskatu diete giza eskubideen aldeko eta biktimak laguntzeko politika publikoak babes ditzatela, «alderdikeria» alde batera utzita. Hartara, «biktimizazio» gehiago izatea saihesteko eta bakegintzan eta adiskidetzeko prozesuan aitzindari izateko deia luzatu diete adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.