40.000 etxe eskaini nahi ditu Jaurlaritzak 2013rako, horietatik %58 alokairuan

Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea onartu du, eta 2.900 milioi euroko aurrekontua du

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea onartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, eta, plan horri esker, Jaurlaritzak beste 40.000 etxebizitza izango ditu eskaintzeko 2013rako. Horietatik %58 —23.100 etxebizitza— alokatzeko izango dira, eta gainerako %43 —16.900 etxebizitza— saltzeko. Herrialdeen arteko oreka ere lortu nahi du; horregatik etxebizitza premia handienak dituzten tokietan ahalegin «handiagoa» egingo du. Hala, Araban 6.700 etxe eskainiko ditu, Bizkaian 19.500 etxe eta Gipuzkoan 13.800.

Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak aurkeztu du plan zuzentzailea, eta, haren esanetan, bere sailak beste 76 gizarte erakunderekin batera 2010eko ekainaren 16an sinatutako Etxebizitza Itunean finkatutako helburuak eta ildo estrategikoak jasotzen ditu. Egun lantzen ari diren Etxebizitzaren Legeak plana garatzeko lege oinarria eskainiko du. Planaren xedea da etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonen beharrei «erantzutea», alokatzeko etxebizitzen kopurua handituz, etxebizitzak berrituz eta ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko «lankidetza» bultzatuz.

Arriolaren esanetan, plana «testuinguru sozioekonomiko zailean» garatu beharko dute, izan ere, krisi ekonomiko eta finantzario sakonaren ondorioz, etxebizitzaren eta lurzoruaren merkatuan «disfuntzioak» sortu dira. «Kredituak lortzeko baldintzak gogortu egin dira, eta horreksoberako eskaintza sortzea ekarri du. Horrek guztiak ondorioak izan ditu prezioetan, eta eraikuntza eta etxebizitzak sustatzea moteldu du». Gainera, egoera horri «beste ahulezia» batzuk gehitu behar zaizkiola uste du sailburuak: hala nola lurzoru eskasia, alokairuan etxe gutxi eskaintzea —gaur egun etxeen %7 baino ez daude alokatuta—, eta eragile pribatuek babestutako etxebizitzetan eta batez ere alokairukoetan duten inplikazio txikia. Hain zuzen, babes ofizialeko etxebizitzen prezioak eraikuntzako «benetako kostuetara» egokitzeko asmoz, Jaurlaritzak garestitu egin ditu %2 eta %12 artean babes ofizialeko etxebizitzak.

Testuinguru horretan, planak bost lan ildo estrategiko bereizten ditu: alokairua, zaharberritzea, lurzoruaren kudeaketa, gobernantza berria eta baliabideen optimizazioa. Planaren helburuak lortzeko, era guztietako 130.000 jarduera egingo dituzte, Arriolaren arabera.

Alokairua

Baliabide publikoak, batez ere, alokairura bideratu nahi ditu Jaurlaritzak, eta datozen lau urteetan eskainiko dituen 40.000 etxeetatik %58 alokairuan emango ditu. 40.000 etxe horietatik, 20.000 etxe berriak izango dira, babes ofizialekoak guztiak, eta horietatik %41 —8.100 etxe— alokatzeko izango dira eta %59 —11.900— saltzeko. Bizigune programaren bidez, egun hutsik dauden 5.000 etxe atera nahi dituzte alokairura, eta abian jarri nahi duten beste bitartekaritza programa baten bidez, beste 2.000 etxe.

Asmo horiei, honako hauek gehitu behar zaizkie, besteak beste: 850 lokal etxe bihurtzeko asmoa, eta alokairurako beste 8.000 etxe mobilizatzeko asmoa, emantzipazioko oinarrizko errenta kudeatzeko programaren bidez.

Alokairuaren aldeko neurri fiskalak ere proposatzen dira. Hala, alokairuko etxe publikoa eskuratzeko ezarrita dauden diru sarreren mugak zabaldu egingo ditu Jaurlaritzak, «jende gehiagok izan dezan aukera hori».

Etxeak zaharberritzea

Etxebizitza planaren bigarren ildo estrategikoa da etxeak berritzea eta inguruneak biziberritzea. Iaz 110.000 eraikin eta 722.000 etxebizitza inguruk zituzten 30 urtetik gora. Iñaki Arriola sailburuak azaldu duenez, lehentasuna emango zaio eraikinak berritzeari, eta helburuen araberako diru laguntzak emango dituzte. Helburu horien artean berokuntza eta ur beroa lortzeko sistemak eta irisgarritasuna sartuko dira.

Ildo estrategiko hori garatuta,besteak beste, Jaurlaritzak 2.800 etxebizitza berri atera nahi ditu salmentarako.

Lurzoruaren kudeaketa

Jaurlaritzak lurzoruaren kudeaketa «aktiboa» sustatu nahi du, «etxebizitza berriaren eraikuntza arintzeko eta lurraldeen arteko banaketa orekatuagoa lortzeko ezinbesteko baldintza gisa». Horretarako, beharrezkotzat jotzen du eragile publiko eta pribatu guztien artean elkarrekin eta modu koordinatuan lan egitea, «EAEko lurzoru guztien egoerari buruzko informazio guztia biltzen duen tresna partekatu bat lortzeko».

Plan zuzentzailearen helburua da lurzorua mobilizatzea 19.500 etxebizitza berri sustatzeko. Zehazki, Etxebizitza Sailak lurzoru horren %46a —9.000 etxebizitza— mobilizatuko du; Visesa/Orubidek %41a —8.000 etxe—, eta gainerako %13a udalek eta sozietate publikoek —1.500 etxe— eta sustatzaile pribatuek —1.000 etxe—.

Finantzaketa

Planak aurreikusten du kreditu erakundeekin egingo diren urteko finantza hitzarmenen bidez 1.843 milioi euro beharko dituztela finantza baliabideetan. Etxeak berritzeko, 184 milioi euro beharko dituzte, eta alokairua sustatzeko, 532 milioi euro.

Aurrekontua

Planaren aurrekontua 1.194 milioi eurokoa da. Horri gehitu behar zaio sozietate publikoen aurrekontua: 1.517 milioi euro. Hala, bien aurrekontuak batuz gero, 2.906 milioi euro ateratzen dira. Horixe da Jaurlaritzak behar duen dirua, helburuak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.