450 kulturgilek baino gehiagok eskatu dute Mugimendu Sozialistari Bilbon eta Gasteizen txosnak jartzen uzteko

Bada Garaia egitasmoak antolatuta, jaialdia egin dute bart Bilboko Kafe Antzokian.

Javier Jorajuria eta Maixa, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. BADA GARAIA
Javier Jorajuria eta Maixa atzo, Bilboko Kafe Antzokian. BADA GARAIA
Isabel Jaurena.
2026ko ekainaren 5a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hemendik dei egin nahi diegu Bilboko Konpartsei eta Gasteizko Txosna Batzordeari, eskatzeko kanpoan dauden eragileekin eseri eta mesedez egoera honi amaiera eman diezaiotela». Javier Jorajuria J Martina taldeko musikariak eta Maixak eskaera hori egin zuten atzo gauean Bilboko Kafe Antzokian. Bada Garaia egitasmoak antolatuta, jaialdia egin dute bart, eta iragarri 450 kulturgilek baino gehiagok bat egin dutela Bilboko eta Gasteizko txosnetan Mugimendu Sozialistako eragileei ezartzen zaien «debekua» amaitu dadin eskatzeko.

Izan ere, aurten ere txosnetatik kanpo utzi dituztela salatu dute Gasteizko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Bilboko Luberri konpartsak; eta berriz ere kulturgile andana batu zaizkie, «beto zentzugabe» horri behingoz irtenbidea eman diezaiotela eskatzeko. Duela bi urte, 150 artistak eta musika taldek gutun bat izenpetu zuten, eta «konponbidea» eskatu. «150 kulturgile asko dira. Bai. Baina hain da zentzugabea egoera, aurten 450etik gora batu baikara. 450 kulturgile baino gehiago batu gara ozen esateko jaiak denontzat direla», adierazi zuten atzo Jorajuriak eta Maixak. 

Ehunka kulturgile horien artean, bertzeak bertze, honako hauek nabarmendu dituzte: Itziar Ituño, Fermin Muguruza, Joseba Sarrionandia, Josu Zabala, Eñaut Elorrieta, Pantxoa eta Peio, Evaristo, Uxue Alberdi, Fermin Valencia, Amets Arzallus,Toti Martinez de Lezea eta Miren Agur Meabe.

«Ulertezina»

Gasteizen, maiatzaren 14an egin zuten agerraldia Mugimendu Sozialistako eragileek, txosnetatik kanpo utzi dituztela salatzeko. Maiatzaren 20an, berriz, bertze urrats bat egin zuten 43 kulturgilek: Bada Garaia egitasmoa aurkeztu zuten, Bilboko San Frantzisko auzoko udaltegian. Egitasmoarekin aurkezpenarekin batera, dinamika horren kantua eta bideoklipa ere aurkeztu zituzten, Mirua eta Malakias musika taldeekin eta Kiliki musikariarekin batera.

Ekimenaren aurkezpenean erran zutenez, «jai herrikoien parte izateak herri erakunde guztien eskubidea izan beharko luke». «Ulertezina» zaie bi hiriburuetako egoera, eta horri behingoz irtenbide bat emateko eskatu zuten: «Nork bere izaera eta aldarriekin, jaiek gozatzeko eta ospatzeko lekua izan beharko lukete, berdintasunean eta diskriminaziorik gabe». Are, bestetan kantua txosnetan «ozen entzutea» espero dute, «beto zentzugabe honi irtenbide bat ematea eskatzen dugun guztion oihu bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE