Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute hiriko txosnetatik kanpo utzi dituztela seigarren urtez

Bi taldeen arabera, aurten ere txosna batzordeak sarrera ukatu die. Ezker abertzaleari egotzi diote Mugimendu Sozialista «zokoratzeko estrategia».

GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren agerraldia Gasteizko txosnen inguruan. GASTEIZKO GKS
GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren agerraldia Gasteizko txosnen inguruan. GASTEIZKO GKS
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko maiatzaren 14a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Seigarren urtez «ehunka gasteiztar txosnagunetik kanpo» geldituko direla salatu dute Gasteizko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak. Adierazi dutenez, txosna batzordean sartzeko eskaera egin dute, baina ez diete onartu. Batzordearen jarrera gogor salatu dute: «Hilabete gutxiren faltan, oraindik ez dugu eskubiderik txosnagunearen parte izateko, eta egoera konpontzeko eskabidea helarazi nahi diogu txosna batzordeari. Bidegabekeria hau gertatzen den bitartean, salatzen jarraituko dugu».

Duela bi urte, Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak eta Bilboko Luberri konpartsak salatu zuten debekatu egin zietela bi hiriburu horietako jaietako txosnetan parte hartzea, eta adierazi prest zeudela «elkarrizketaren bideari» ekiteko. Bide horretan, mugimendu horiek txosnaguneetan parte hartzea exijitu zuten 150 kulturgilek.

Iaz ere hiru eragileek agerraldi bat egin zuten egoerak berdin jarraitzen zuela salatzeko. Bilbon egin zuten agerraldian «urteak irauten ari den beto politikoa» eteteko eskatu zuten, eta horretarako Bilboko Konpartsekin eta Gasteizko txosna batzordearekin hitz egiteko borondatea adierazi zuten. Antza denez, Gasteizko txosna batzordeak adierazi zien aurreko urteko urritik aurrera irtenbide bat lortzeko lanean hasiko zirela, baina egoera ez zen aldatu. Mugimendu Sozialistako kideek adierazi zuten itxaropentsu zeudela baina ez zutela gatazka konpontzea lortu: «Aurtengo urteak bazterketa politikoa alde batera utzi eta konponbidea lortzeko urtea zirudien arren, ez zaio egoerari irtenbide bat eman, eta beste urte batez luzatuko dela dirudi». Egoera salatzeko, jaiak hasi baino astebete lehenago, GKSk kanpaldi bat egin zuen Andre Maria Zuriaren plazan, baina udaltzainek eta poliziak kolpeka hustu zuten. Hala ere, Gasteizko festetan beren txosna ipini zuten, eta ohartarazi zuten Poliziak esku hartuz gero «babesgabe» egongo zirela.

Bada, gatazka beste urtebetez luzatu da. Gaur egindako agerraldian adierazi dutenez, aurten ere, txosna batzordean sartzeko eskaera egin dute, egoera «zentzugabe hau» gainditzeko esperantzaz, baina ez dute erantzunik jaso. Kontatu dute irtenbiderako proposamen bat helarazi dietela batzordekoei eta iazko erantzun bera jaso dutela: ezezkoa gailendu da, eta ez dago bestelako alternatibarik. Salatu dute ezker abertzaleak txosnen batzordean duen errepresentazio «puztuak» Gasteizko txosnen izaera plural historikoaren aurka egiten duela, eta txosnetako «betoa» Mugimendu Sozialista «zokoratzeko» estrategia bat dela. Ohartarazi dute egoera hori gehiago luzatzeak gatazka «gehiago tenkatzea» dakarrela.

Bergaran ere, berdin

Pasa den astean, Debagoieneko GKSk deituta, elkarretaratzea egin zuten Bergaran (Gipuzkoa). Bertan azaldu zuten herriko plazan obrak egiten ari direla-eta udalak Oxirondora lekualdatu duela txosnagunea, eta salatu zuten oraindik ez dutela bertan egoteko baimenik jaso —datorren asteburuan dira bertako jaiak—. Agerraldian salatu zuten, halaber, udalak «interes alderdikoien arabera» erabiltzen dituela baliabide publikoak, eta esan zuten «oztopoak oztopo» lanean jarraituko dutela: «Txosna izango dugun arren, borrokan jarraituko dugu guztiontzako txosnagunea izan arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE