Urriaren 17an, nazioarteko pertsona esanguratsuek Aieteko Adierazpenaren berri eman zuten. Atzo, Europako Parlamentuko joera politiko guztietako 67 legebiltzarkide ohik bat egin zuten adierazpen horren edukiarekin. Gainera, Europako erakundeei EBko azken gatazka armatuaren konponbidean ekarpena egiteko eskaera egin diete. Sinatzaileen artean hauek daude: Alderdi Laboristako Michael Mc Gowan, ERCko presidente Oriol Junqueras , Italiako Alderdi Komunistako Maria Luis Cinciari, Europako Ezker Batua koalizioko Helmut Marcov eta Andres Tarand Estoniako lehen ministro ohia. Gainera, europarlamentari ohi gisa, adierazpenarekin bat egin dute Karlos Garaikoetxea lehendakari ohiak, Mikel Irujo EAkoak eta Txema Montero, Karmelo Landa eta Koldo Gorostiaga Herri Batasunarekin europarlamentari izandakoek ere.
Hain justu ere, atzo Bruselan ekimen horren berri eman zuten Karmelo Landak eta Koldo Gorostiagak. Haiekin batera izan ziren Europako Aliantza Libreko Nelly Maes eta Frieda Brepoels flandriarrak. Oraingoz zerrenda irekia dago. Koldo Gorostiagak adierazi duenez, François Hollandek ere babesa adieraztea izango da helburuetako bat. Frantziako hauteskundeak irabazi berri ditu Hollandek, eta, Gorostiagaren ustez, haren garaipena «oso gertakari garrantzitsua izan da», eta Europako Parlamentuko legebiltzarkide izan denez, ekarpen esanguratsua egin dezake itunarekin bat eginez gero.
Karmelo Landak, berriz, «esker ona» adierazi die agiriarekin bat egin duten guztiei. «Ez dut zalantzarik nire esker onarekin bat egiten duela euskal gizartearen gehiengoak». Landak gogora ekarri du konponbide prozesuan nazioarteko komunitatearen parte hartzea gero eta handiagoa izan dela. 2010eko martxoan Bruselako Adierazpena zabaldu ondotik, azaroan Nazioarteko Harreman Taldea osatu zen. Urtebete geroago etorri zen Aieteko Adierazpena, eta handik gutxira ETAren agiri historikoa. Testuinguru hartan, gainera, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea eratu zen.
Aieteko Adierazpenak bost puntu ditu, eta euskal auziaren behin betiko konponbidea erdiesteko bide orria ezartzen du. Lehenik eta behin, ETAri bere jarduera behin betiko uzteko eta bi gobernuei gatazkaren ondorioei heltzeko elkarrizketak izatera dei egiteko eskatzen dio. ETAk urriaren 20an bete zuen eskakizuna. Bigarrenik, ETArekin gatazkaren ondorioen inguruan elkarrizketak has ditzatela eskatzen zaie gobernuei. Hirugarrenik, elkarbizitzan aurrera egiteko, eragindako mina aitortzea eta zauri pertsonal eta sozialak sendatzen laguntzea galdegiten da. Laugarrenik, iradokitzen da auzi politikoez hitz egin dezatela ordezkari politikoek. Azkenik, aholku horien jarraipen batzorde bat antolatzeko prest azaltzen dira agiriaren bultzatzaileak —hots, Kofi Annan, Bertie Ahern, Gerry Adams, Gro Harlem Bruntland eta Jonathan Powell—.
Elkarrizketetarako deia
Landaren arabera, Euskal Herrian aro politiko berria hasteko «gako nagusietako» bat izan da nazioartearen parte hartzea, eta etorkizunean ere garrantzitsua izango dela deritzo. Dena den, egungo egoerari begira, gogora ekarri du Frantziako zein Espainiako estatuek salbuespen neurriei eusten dietela. «Espainiak eta Frantziak oinarrizko giza eskubideen bortxaketa dute argudio politiko bakar gisa oraindik ere, eta horren adibide dira espetxe politika ankerra eta erakunde politikoen ilegalizazioa». Hala, estatuei «erabateko ardurarekin» joka dezatela eskatu die, eta europarlamentariek emandako pausoen norabide bera hartzeko.
Nelly Maesek, berriz, gogora ekarri du bakea lortzea «prozesu zail bat» dela, eta uste du Euskal Herria ez dela salbuespen bat. Dena den, horretarako elkarrizketa funtsezkoa dela deritzo, eta gogora ekarri du Europa batuaren sustatzaileetako batek, Robert Schumanek esan ohi zuena: «Bake proiektu gisa Europak ez du sinesgarritasunik, baldin eta eskualdeetan bakea errazteko gai ez bada».
67 europarlamentari ohik babesa eman diote Aieteko Adierazpenari
Europako Parlamentuko legebiltzarkide izan den heinean, adierazpena babestu dezala eskatuko diote Hollanderi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu