75 urtetik gorakoek gripearen kontrako txerto «indartua» hartuko dute Osakidetzaren aurtengo kanpainan

Txertaketa hilaren 6an hasiko da, astelehenarekin. Gaurtik aurrera eska dezakete ordua kanpainaren xede direnek; hau da, 60 urtetik gorakoek, 5 urte arteko haurrek, haurdun dauden emakumeek eta arrisku taldekoek.

Osakidetzako arduradunek gripearen aurkako txertaketa kanpaina aurkeztu dute, gaur, Bilbon. IREKIA
Osakidetzako arduradunek gripearen aurkako txertaketa kanpaina aurkeztu dute gaur, Bilbon. IREKIA
kristina martin
2025eko urriaren 2a
14:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gripearen kontrako txertaketa kanpaina aurkeztu du gaur, Bilbon. Alberto Martinez sailburuak eta sail horretako beste zenbait arduradunek eman dute aurtengo kanpainaren nondik norakoen berri. Adinekoen egoitzetan hasiak dira txertoak jartzen, eta gainontzeko herritarrentzako kanpaina hilaren 6an abiatuko dute, astelehenarekin.

Astelehenetik aurrera,kanpainaren xede diren taldekoak txertatuko dituzte lehenik: 60 urtetik gorakoak, 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrak, haurdun dauden emakumeak eta osasun arazoak izateko arrisku handiena duten pertsonak. Kolektibo horietakoek ordua hartu behar dute, Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun zentrora deituta. 

Osasun arduradunek txertoa hartzeko dei berezia egin diete patologia kronikoren bat dutenei —biriketakoa, bihotzekoa eta diabetesa, kasurako—, osasun arloko langileei, pertsona zaurgarrien zaintzaileei, haur eskoletako eta Haur Hezkuntzako ikastetxeetako langileei, animaliekin zuzeneko harremana dutenei —albaitariak, abeletxeetako langileak— eta funtsezko zerbitzu publikoetako langileei —suhiltzaileak eta poliziak—.

80 urtetik gorakoei, berriz, telefonoz deituko diete osasun langileek. Kolektibo zaurgarrienak txertatu ostean, gainerako herritarren txanda izango da; horiek azaroaren hasieratik aurrera izango dute txertoa hartzeko aukera.

Bestalde, jakinarazi dutenez, 75 urtetik gorakoek gripearen aurkako txerto «indartua» hartuko dute aurten lehen aldiz. Txerto hori adinekoen egoitzetako egoiliarrei jarri izan diete, eta, emaitza ona dela ikusita, aurten 75 urtetik gorakoengana zabaltzea erabaki dute. Gainera, kolektibo horrek aukera izango du COVIDaren aurkako txertoa aldi berean jartzeko. 75 urtetik gorakoei ez ezik, beste arrisku taldeetako herritarrei ere eskainiko diete bi txertoak batera jartzeko aukera.

Iazko kanpainaren datuak eman dituzte Osasun Saileko arduradunek, eta nabarmendu dute aurten hobetu egin nahi dituztela. Hartara, iaz biztanleria taldeen arabera bereizita, 60 urte edo gehiagokoen artean %57,5ek hartu zuten txertoa —%64koa, 65 urtetik gorakoen artean—; 6 hilabete eta 5 urte artekoetan, %41ekoa; eta haurdunen artean, %52koa. 

Sudur bidezko txertoa haurrentzat

Iaz bezala, aurten ere arreta berezia jarriko dute haurren txertaketan. Azaldu dutenez, umeen osasunean izan ditzakeen konplikazioengatik, eta «gaixotasuna beste batzuei transmititzeko gaitasuna dutelako, bereziki adinekoei». Hori dela eta, duela hiru urtetik, Osakidetzak sistematikoki jartzen die txertoa 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrei, bai eta arrisku egoeraren bat duten 5 urtetik gorakoei ere. «Txertaketaren molestiak saihesteko», aurten ere sudur bidezko txertoa emango diete 2 urtetik 5 urtera arteko haurrei.

Kanpainak ekarriko duen ezohiko lanari aurre egiteko, osasun langileen taldea indartu du Osakidetzak. Gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, beste 175 erizain eta administrazioko 103 langile kontratatu dituzte. Txertoei dagokienez, guztira 786.200 dosi izango dituzte. Dosi guztien ezaugarri nagusia da gripearen aurkako txerto tribalente bat dela, bi A andui eta B andui bat dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.