Kontrako erreakzioak pilatzen ari zaizkie Solaria enpresaren Zierbena 2, 3 eta 4 proiektuei. Azkena Abantoko (Bizkaia) alkate Iñaki Urrutiarena izan da. Udalerriko EAJren taldeak prentsa ohar bidez adierazi du ez datorrela bat egitasmo horrekin eta lan egingo duela «irtenbide alternatiboak garatzeko». Era berean, ez du begi onez ikusten argindarra Abantotik Castroraino (Kantabria, Espainia) garraiatzeko egin nahi duten 132 kilowatteko linea. I-DE Redes Electricas Inteligentes enpresak sustatzen du proiektu hori.
«Informazio gehiago biltzen ari gara, baina gure udalerriaren eskumen eremuan egin nahi dituzten energia berriztagarrien bi proiektuei buruz ditugun xehetasunak ez dira atseginak suertatzen ari. Inpaktu bisual oso handia izango lukete Abanton, eta hori ez dugu onartuko. Badakigu badaudela eragin txikiagoko aukerak, nahiz eta aukera horien kostu ekonomikoa handiagoa izan», esan du Urrutiak. Azaldu duenez, bi lineak iparretik hegoaldera zeharkatuko lukete herria, eta eragina izango luke natura eremu, landagune, herrigune eta komunikazio azpiegitura batzuetan.
Alkateak gaineratu du proiektu horien aurkako alegazioak aurkezteko epea luzatzeko eskatuko duela, opor garaian zabaldu baita. «Horrek asko zailtzen du 30 egunetan proiektuak eraginkortasunez aztertzea». Urrutiak adierazi du udala egitasmoak aztertzen ari dela, eta alegazioak aurkezten lagunduko diela hala egin nahi duten herritarrei.
Abantoko EAJren iritziz, beharrezkoa da energia berriztagarrien hedatzea bultzatzea, «baina ez edonola». Elkarrizketarako prest agertu da, «Bizkaiaren eta Euskadiren hazkundea bultzatzeko», baina ez herritarren ongizatearen kaltetan. «Lan egingo dugu Abanto funtsezko pieza izan dadin gure lurraldearen eta gure herriaren garapenean, baina, betiere, gure herria babestuz», jaso du oharrean.
Solariaren Zierbena 2, 3 eta 4 proiektuek Araban hiru eguzki parke eraikitzea aurreikusten dute, eta bertan sortutako energia Zierbenaraino (Bizkaia) garraiatzea, ehun kilometro baino gehiagoko tentsio handiko lineen bidez, hango azpiestazioan sareratzeko.
Egitasmoak kritika ugari jaso ditu. Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek iazko ekainean adierazi zuen ez zuela egoki ikusten. «Ez du zentzurik energia ekoizten den gunea eta energia kontsumituko den gunea elkarrengandik urrun egoteak», esan zuen. Arabako Aldundiak alegazioak aurkeztu zituen proiektu horien aurka. Beste hainbeste egin zuten hainbat gizarte eragilek eta tokiko erakundek.
Alegazio oldearen ostean, Solariak bigarrenez aurkeztu zizkion hiru proiektuak Eusko Jaurlaritzari; hala jakinarazi zuen Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak joan den ekainean, EAEko aldizkari ofizialean.