Zigoitia Bai elkartea

Solaria: engainuak eta beharrezko laguntzaileak

Alex Larragoiti
2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Desinformazioak eta pentsamendu likidoak den-dena hartzen duten garaiak bizi ditugu; garai aproposak beren benetako izatearen disimuluan arituentzat. Garai aproposak jendea engainatzeko eta Kodizia jainkosa gurtzen jarraitzeko; jazartzen gaituen Solariaren garaia omen da?

Solariak ez dio jendeari entzuten. Berdin zaio zer komunitatetan instalatu nahi dituen bere negozioak, eta, gainera, enpresa- eta erakunde-etikarik oinarrizkoena alde batera utzita dabil. Baina horretarako beharrezko laguntzaileak behar ditu, eta beren jazarpen saiakera berriari legezko bidea ematen jolasten dutenek oso serio hausnartu beharko lukete beren jarreraren kaltegarritasunaz eta gure gizartean zein etorkizun ereiten ari diren.

Egunotan jakin dugu Solaria, Ibex35eko enpresa harrapari hori, berriro ere Araban eskua sartzen ari dela. Bere zuzendarietako batek agindu zigun bezala egiten du, zigorgabe sentitzen denaren berezko jarrera horrekin. Solariak berriro erregistratu ditu Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailean Zierbena Solar 2, 3 eta 4 makroproiektu fotovoltaikoen eta baita Zierbenarainoko 100 kilometro inguruko tentsio oso handiko linearen proiektuak. Horiei berdin zaie eragindako udal eta kontzejuek osoko bilkuratan halako proiektuak gaitzestea, eta jendetsua izatea herritarren «Horrela Ez» adierazpen garbia.

Denok dakigu Solariako megaproiektu fotovoltaikoek ez dutela ibilbiderik erakunde publikoen laguntzarik gabe, horrelako abusuzko egoera batean aurrera egiteko arau-hutsune bat baliatzen dutelarik. Baina ez gaitezen Solariaren hatzari begira geratu, euskal administrazio publikoko arduradunen ilargia ikusi gabe. Solaria tematzen bada, Euskadiko Lurralde Antolamendua benetako kaosa delako da. Hausnar dezagun jazarleen zaldien oinetan uzten gaituen egoera hau nork bultzatuta eta zergatik existitzen den.

Solaria irrikan dago oraindik behin-behinekoa den araudi-esparru bat saihesteko aukera baliatzeko: Energia Berriztagarrien lurralde plan sektorial (LPS) berria, zeina bere garaian enpresak berak alegatu baitzuen are baldintza erregulatzaile eta bermatzaile gutxiago izateko. Onartzeko bidean dagoen egungo LPSa Euskadin energia berriztagarrien hedapena modu ordenatu eta arrazionalean planifikatzeko nahikoa ez den arren, eta Araba Euskadin lurralde sakrifikagarritzat jotzen duelarik, Solaria oraindik ez da mozkin eta dibidendu-egarriz ase.

Solaria pozik izan behar da ikusita Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila, jazarpen-estrategia arbuiatu beharrean, bidea emateko prest dagoela, gurean dugun testuinguruan: Solariak ez du kontuan hartu nahi energia berriztagarrien LPSa (asko hobetu daitekeena, noski) edo Erdialdeko Arabako lurralde plan partziala (LPP), gaur egun behin-behinean onartua dena. Plan horiek diote ezin dela energia berriztagarriko azpiegitura handirik ezarri balio agrologiko handiko lurretan, edo hiriguneetatik 500 metro baino gutxiagora, eta lurraren gehienezko betetze-muga ezartzen dute. Solariak muzin egiten dio horri guztiari. 

Solariak bere jazarpenarekin aurrera egitea erabaki badu, neurri batean behintzat, itzalean erabaki politiko bat dagoelako izan da. Ez dago propaganda politikorik errealitate hori garbituko duenik. Hemen eta orain Solariak aurrera jarraitzeko edo Madrilgo Castellana pasealekura itzultzeko erabakia Industria Sailari dagokio. Industria Sailak industria-baimena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematen ditu. Aukera izan dute —eta oraindik ere esan diezaiekete— esateko horrela ezin dela berriztagarrien hedapenik egin Araba eta Euskadiko lurretan. Zain jarraitzen dugu.

Industria Sailak jaso zituen Solaria Zierbana Solar 2, 3, 4 proiektuei eta Zierbenarainoko goi tentsioko lineari egindako gure alegazio teknikoak. Alegazio horiek objektiboki erakusten dute bidegabekeria onartezin baten aurrean gaudela, eta, gainera, ez datorrela bat laster onartuko den araudiarekin (adibidez, LPSa). Baina Eusko Jaurlaritzak gure alegazio teknikoei ez die oraindik erantzunik eman (aurkeztu eta hamar hilabetera!). Are gehiago, badakigu Solariak Eusko Jaurlaritzaren eskutik jaso zituela, oso modu kolaboratzailean, lana errazteko gaika filtratutako alegazio guztiak. 

Zaurgarritasun eta etengabeko jazarpen egoera baten aurrean gaude. Argi dugu, hau onartezina izateaz gain, gizarte zibila babesgabe uzten duela. Eusko Jaurlaritzak Solariari berea ateratzen uzten badio tropelia horien bidez, bera izango da Arabako ingurumena, gizartea eta kultura hondamenean deklaratzearen erantzule nagusietako bat. Eta ez da marketin instituzionalik edo prentsan argitaratutako erreportajerik egongo gertakari hori makillatuko duenik. Kontuan har dezatela: oso arriskutsua da Araban ereiten ari diren bidegabekeria-sentimendua.

Gure komunitateak ondo antolatuta daude, eta behar den guztia borrokatuko dute, gizarte demokratiko batek onartu behar ez lukeen jazarpen horretatik babesteko. Alderdi politiko batzuei maizago gogorarazi beharko genieke erakunde publikoak ez direla haienak, baizik eta gizarteak haien kudeaketa egiteko eskatu diela, eta horretan etika eta gardentasuna izan behar dutela. Trantsizio ekosoziala guztiz beharrezkoa da, eta hala defendatzen dugu gure egunerokoan, baina trantsizio hori ere ondo egin behar dela argi dugu. 

Erakunde publikoek ez lukete ahaztu behar, norbaitek esan zuen bezala: «Mundu guztia engaina dezakezu denbora batez. Batzuk engaina ditzakezu denbora guztian. Baina ezin duzu mundu guztia engainatu denbora guztian». Beraz, aurrean izango gaituzte, bidezko trantsizio ekosozialaren alde lan eginez eta azpimarratuz ez dagoela justiziarik herritarren nahia kontuan hartu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.