Abantoko Udalak Petronorri emandako jarduera lizentzia baliogabetzat jo du epaileak

Jaurlaritzak ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko dagoenez, epaileak dio udalak ezin zuela baimen hori eman

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Jarduera baimena ez zen legezkoa, aurrez jarriak zizkioten baldintzak ez zituelako bete Petronorrek. Abantoko Udalak Petronorren findegiari emandako jarduera baimena baliogabetzat jo du administrazioarekiko auzien auzitegiko Bilboko Epaitegiak. Epaileak dio udalak ezin ziezaiokeela eman lizentzia Petronorri, hark ez zituelako beteak aurrez Eusko Jaurlaritzak ezarri zizkion baldintzak. Ingurumen baimen bateratua ematean, hainbat txosten aurkezteko agindu zion Jaurlaritzak petrolio enpresari. Epaileak dio ez dutela egin izanaren berri eman, eta udalak ezin ziola eman jarduera baimena. Epaia aurrekari izan daiteke, Muskizko Udalak ere gisa bereko baimena eman baitzuen. Auzitegietan dago kasu hori ere.

Meatzaldea Bizirik elkarteak jo zuen auzitegira, Abantoko Udalaren baimena legez kanpokoa zelakoan. 2008ko uztaila zen. Maiatzean, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak IBB ingurumen baimen bateratua emana zion enpresari. Ordea, lizentzia hori ez zen behin betikoa, baldintza batzuk betetzearen araberakoa baizik: «[Jaurlaritzaren baimenaren] eraginkortasuna atzeratuta eta baldintzatuta zegoen, harik eta ezarritako betebeharrak bete arte; benetan, ez da ziurtatu horiek bete direnik, eta, areago, alde salatuek ez dute horren alegaziorik aurkeztu».

Hori aintzat hartu gabe, baimena eman zion Abantoko Udalak. Are gehiago, epaiak nabarmendu du epeak ez zituela errespetatu udalak: Petronorrek sei hilabete zituen baldintza horiek betetzeko, eta hiru hilabete aurretik eman zion baimena Abantok. Erabaki hori eman beharrekoa zela defendatu du herriko etxeak. «Epaile honek ere hala uste du, baina, halaber, egia da ezin dela aintzat hartu lizentzia eskaera, Jaurlaritzak eskatutako baldintzak bete direla agiri bidez egiaztatu arte», adierazi du epaileak. Horregatik, ez du onartu udalaren argudioetako bat, dioena jarduera lizentzia emateko erabakia «automatikoa» dela. «Ez zen automatikoa, baizik eta baldintzak bete izanaren araberakoa».

Findegiko jarduera arriskutsua dela gogorarazi du epaileak, ezin dela arinkeriaz eman baimena: «Kontuan izanda kasuak ingurumenean duen berebiziko eragina, oinarrizkoa da txosten horiek izatea, Petronorren findegiak sortutako kontaminazioa prebenitzeko ikuspegitik».

Muskizko baimena, ezbaian

Epailearen ebazpena eskuan, lehenbiziko galdera, zer egin duen erakundeek ziurtatzeko Petronorrek bete dituela behin-behineko ingurumen baimena ematean ezarritako baldintzak. Epaileak berak baitio: ezin izan da egiaztatu Petronorrek bete dituela eskariak, eta enpresak berak eta Jaurlaritzak ez dute horri buruzko alegaziorik aurkeztu. Iazko apirilean, behin betiko ingurumen baimena eman zion Jaurlaritzak, baldintzak bete zituela esanda. Epaileak ezetz dio. Jaurlaritzan galdera eginda, ez da erantzunik.

Argitzeko bigarren gaia, beste udalek emandako baimenen auzietan zer eragin izango duen ebazpenak. Hiru herri hartzen ditu Petronorren findegiak: Abanto, Zierbena eta Muskiz. Azken herri horretako udalak emandako baimena ere auzitegietan dago, koke plantaren aurkako plataformak helegitea jarrita. Oraingo epaia eredu izango dela uste du plataformako kide Sara Ibañezek: «Muskizko eta Abantoko udalen baimenak berdinak dira». Abantok 2008ko uztailean eman zuen baimena; Muskizek, 2009ko otsailean. «Gainera, Muskizek galdetu zion Ingurumen Sailari ea ingurumen baimena baldintzatua izanda eman zezakeen baimena. Baietz esan zuen hark, baina, hain zuzen ere, epaileak ezezkoa eman du orain». Eragina izango duela uste du Muskizko Ingurumen zinegotzi Markos Cucok ere: «Egoera berbera da. Nik planteatu nuen ezin zela lizentzia eman, ingurumen baimena baldintzatua zelako. Orain, hurrengo epaiketa Muskizko Udalaren baimenarena izango da».

Aldeko epaiak egun batetik bestera funtsean ze eragin izango duen, argitzeko dago. Isilik egotea erabaki du Petronorrek, epaiaren berri zehatzik ez duela esanda; Abantoko Udalak ere ez du deus adierazi ebazpenari buruz. Itxaropentsu hartu dute ebazpena koke plantaren aurkakoek, baina ez dute espero Petronor geratuko denik: «Lehenago 40 urtean aritu zen jarduera baimenik gabe, eta segituko dute», dio Ibañezek. Aralarrek jakinarazi du Pilar Unzalu Jaurlaritzako Eusko Ingurumen sailburuaren agerraldia eskatu duela Eusko Legebiltzarrean.

Epaia ez da behin betikoa. Aldeek —Meatzaldea Bizirik elkartea, Abantoko Udala, Ingurumen Saila eta Petronor— aukera dute EAEko Auzitegi Nagusira jotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.