Abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo duen ekitaldian, musikarien eta kulturgileen bidez ozenduko du Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen «pizkunde» berri baten aldeko mezua. Gaur ezagutarazi ditu ekitaldian «euskararen soinu banda» osatuko duten musikarien izenak: Gorka Urbizu, Anari, Gontzal Mendibil, Amets Aranguren, Joseba Tapia, Maia Iribarne, Benizze, Miren Narbaiza eta Flako Fonki izango dira. Beste hainbat arlotako kulturgile ezagunek ere parte hartuko dute ekitaldian. Ramon Agirre, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga eta Edurne Azkarte aktoreak, eta Sustrai Colina eta Ane Labaka bertsolariak, besteak beste, han izango dira. Oier Guillan antzerkigileak gidatuko du ekitaldia.
Kontseiluak martxoan azaldu zuen ekitaldi hori egiteko asmoa, eta urrian jarri zituzten sarrerak salgai. «Euskarari arnasa berri bat» ematea da ekitaldi horren helburua, euskaltzaleen sarea trinkotzea. Gaur, ekitaldian parte hartuko duten artistak zein izango diren azaltzeko plazaratu duten mezuan, berriz gogoratu dute zein den xedea: «Ekitaldiaren helburua ahalik eta euskaltzale konprometitu gehien batzea eta euskaltzaletasunaren indarra erakustea da».
Iazko azaroan euskara larrialdi egoeran zegoela ohartarazi zuen Kontseiluak. Bilbon egin zuten urteko batzarra Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sare ELENeko ordezkariek, eta larrialdiari buruzko ebazpena onartu zuten hantxe. Larrialdia aipatu orduko, ordea, «indarraldirako» oinarriak ere jarri nahi zituztela esan zuten Kontseiluko buruek, eta bide horretan aurrera egiteko mugarri bat jarri nahi dute Bilbon egingo duten ekitaldiaren bidez.