Hilda aurkitu dute Gabon zahar egunean Erriberrin (Nafarroa) desagertu zen 68 urteko gizonezkoa. Adinekoen egoitza batean bizi zen, eta arratsaldean paseo bat ematera atera, baina ez zen itzuli. Foruzaingoaren esku dauden irudi batzuen bidez froga daitekeenez, 18:30 aldera Erriberriko San Silvestre lasterketa ikusten egon zen, Karlos III.a Noblearen plazan. Ordutik hona, ordea, ez dute haren berririk izan. Gaur arte, adinekoaren gorpua agertu baita Erriberri eta Beire arteko landa bide batean.
Desagerpenaren berri eman ondoren, gau hartan gizonezkoa bilatzen hasi ziren Erriberri inguruan, eta, biharamunean, bilaketa dispositibo zabalago bat antolatu. Besteak beste, helikoptero bat eta droneak erabili zituzten. Horrez gain, uretako erreskate taldeko suhiltzaileek Zidakos ibaia arakatu zuten Tafalla eta Beire artean. Eta oinez ere aritu ziren bila udaltzainak, foruzainak, suhiltzaileak, guardia zibilak eta hainbat boluntario.
Halere, ez zuten modurik egin desagertutako adinekoa topatzeko. Urtarrilaren 6an bertan behera utzi zuten bilaketa, kasuari buruzko berritasunen bat izan arte, eta Foruzaingoaren esku geratu zen ikerketa judiziala.