Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Â
Eguzki eklipse osoaz «beste modu batean» gozatzeko gonbita egin die Edorta Unamunok herritarrei eta bisitariei. Eguraldia lagun bada gaurko gertakari astronomikoa «ikusgarria» izango dela argi dauka Urdaibai Bird Centerreko (Gautegiz Arteaga, Bizkaia) biologoak. «Hala ere, eklipsearen irudiak hamaika aldiz ikusteko aukera izango dugu komunikabideetan, gero; eta lagunek ere argazki eta bideo izugarri politak bidaliko dizkigute», adierazi du. Unamunok gomendatu du «kamerak alde batera uztea eta inguruan gertatzen denari arreta jartzea», eklipsearen aurrean animaliek nolako portaera izango duten ikusteko.
Uste faltsu asko dago animaliek eguzki eklipseetan duten portaerari buruz. «Besteak beste, txakurrak urduri jarri eta zaunka hasten direla esan ohi da; baina, gehienetan, eklipsea ikusten ari diren pertsonen portaeraren ondorioz gertatzen da hori», adierazi du Irene Mendoza biologoak. Sevillako Unibertsitateko doktorego ondoko ikertzailea da, eta Doñanako Estazio Biologikoan (Espainia) egiten du lan.
GIZAKIENGAN ERE BADUTE ERAGINA EGUZKI EKLIPSEEK
Berak irakurritakoaz mintzo da Irene Mendoza biologoa eguzki eklipseek gizakiengan nolako eragina duten esplikatzen duenean. «Orain arte, nik ez dut horrelako gertakari astronomikorik ikusi», aitortu du. Mendozaren arabera, zentzumen guztiei eragiten die eklipseak. «Ikusmenari eragiten dio ilundu egiten duelako, baina ez bakarrik ikusmenari: soinuak ere aldatu egiten dira; eta ukimenari ere eragiten dio, tenperaturak bat-batean behera egiten duelako eta, horren eraginez, haizea aldatzen delako», zehaztu du.
Baina, horretaz gain, eklipseak ikara inkontzientea ere eragin dezake gizakiengan, Mendozak irakurritakoaren arabera. «Nahiz eta zure garunak, arrazionalki, zer gertatzen ari den jakin eta normaltzat hartu, zure garunaren beste zati batean senezko erreakzio bat pizten da, bat-batean argia egon behar zuen ordu batean ilun dagoelako», azaldu du biologoak. Harridura eta nahasmen sentsazioa eragin ohi ditu.
Hain zuzen, Iruñeko Planetarioak antolatutako Eklipsearen aurreko 12 egunak hitzaldi zikloan parte hartu zuen Mendozak, maiatzaren 12an. Biologoak esplikatu duenez, animaliek bat-bateko argi aldaketari erantzuten diote. Ziklo zirkadianoa esaten zaio horri: animalien barne erloju biologikoa da ziklo zirkadianoa, 24 ordukoa, eta nagusiki lo txandak erregulatzen ditu. Ziklo hori garuneko eremu batek kontrolatzen ditu, argiaren eta iluntasunaren eraginez.
«Munduko hainbat zoologikotan egindako esperimentuen bidez, frogatu dute eguneko animaliek gautuko balu bezala jokatu ohi dutela eklipseetan: beren babeslekuetara joaten dira. Zenbait hegazti, berriz, kantuan hasten dira eguzkia ezkutatu aurretik eta berriro ateratzean, horixe bera egiten baitute egunero, ilunabarrean eta egunsentian; eklipsea bukatzen den uneari egunsenti faltsua deritzo. Eta animalia gutxi batzuek harrituta edo beldurtuta egongo balira bezala jokatzen dute. Animalia gautarrak, ordea, aktibatu egiten dira», azaldu du Mendozak.
«Zoologikoetan egindako behin-behineko behaketez gain, ikerketa zehatzagoak behar ditugu, animaliek eklipseetan zelan jokatzen duten jakiteko»
IRENE MENDOZA Biologoa
Landareek ere argi aldaketei erantzuteko gaitasuna dute: lore batzuk itxi egiten dira argirik ez dagoenean. Baina, gaurko eguzki eklipsea minutu gutxiko kontua izango denez, ez du ia eraginik izango landareengan.
Behaketa zehatzagoen premia
Dena dela, orain arte egindako ikerketen emaitzekin mesfidati azaldu da Doñanako Estazio Biologikoko ikertzailea. Hori azaltzeko, 2024ko apirilaren 8ko eguzki eklipsearen harira Dallasko (AEB) eta Granbyko (Quebec) zoologikoetan egin zituzten esperimentuak gogora ekarri ditu Mendozak.
Esplikatu duenez, Dallasen ikusi zuten, besteak beste, Seychelleetako eta Galapago uharteko (Ekuador) dortoka arrak emeak estaltzen hasi zirela eklipsearekin batera, eta flamenkoak asaldatu egin zirela. Antzekoa izan zen Granbyn egindako esperimentua, baina Dallasko zoologikoan ez bezala, bigarrenean ez zen bisitaririk egon eklipseak iraun bitartean, eta animalia gehienak lotara joan ziren.
«Argi geratu zen Dallasko animaliek bisitarien jokaeraren ondorioz erantzun zutela horrela: jendea oso aztoratuta zebilen, eta su artifizialak ere baziren. Horrez guztiak antsietatea eragin zien animaliei», nabarmendu du Mendozak.

Horrekin lotuta, etxe abereei buruz ere mintzatu da biologoa. Haren ustez, «oso zaila» da aurreikustea animalia horien portaera zein izango den eklipsean, «gizakion bizimoduari oso ohituta baitaude».
«Animalien jokaeraren hainbat adibide badauzkagu, baina kontu puntualak baino ez dira. Zoologikoetan egindako behin-behineko behaketez gain, ikerketa zehatzagoak behar ditugu, animaliek eklipseetan zelan jokatzen duten jakiteko», ondorioztatu du Mendozak.
«Garrantzitsua da ulertzea zer portaera daukate animaliek eklipsearen ondorioz, horrek aukera emango baitigu jakiteko nola jokatzen duten argi kutsaduraren eraginez»
IRENE MENDOZA Biologoa
Horiek horrela, 1991ko uztailaren 11n Veracruzen (Mexiko) egindako esperimentu bat gogora ekarri du biologo andaluziarrak. Metepeira incrassata izeneko armiarmaren jokabidea aztertu zuen zientzialari talde batek, George W. Uetz ekologoa buru zutela. Mendozak esplikatu duenez, araknido espezie horretako indibiduoek sare bat ehuntzen dute goizean, eta gauean desegin. «Eguzki eklipsearen egunean, baina, armiarma batzuk eklipsearen eraginpean utzi zituzten, eta beste batzuei argiztapen artifiziala jarri zieten. Bada, lehenengoak armiarma sareak desegiten hasi ziren eklipsea gertatu zenean; argi artifizialaren eraginpean zeuden armiarmak, ordea, ez», kontatu du Mendozak.
Doñanako Estazio Biologikoko ikertzailearen ustez, garrantzitsua da ulertzea zer portaera duten animaliek argi aldaketa oso zakarren ondorioz; besteak beste, horrek aukera emango baitie ikerlariei jakiteko «nola jokatzen duten animaliek argi kutsadura dagoenean».
Bestalde, erleek zelako jokaera duten ere aipatu nahi izan du Mendozak, «bitxia» iruditzen baitzaio: «Eguzki eklipsea hasten denean, zoro moduan itzultzen dira erlauntzera; eta sarreran pilatzen dira, sartu ezinda».
Hegaztientzat, «nahasgarria»
Edorta Unamunok ere uste du gaurko eguzki eklipsea «gau labur bat» bezalakoa izango dela animalientzat. Biologoa, ornitologoa eta ingurumen dibulgatzailea da Unamuno, baita Urdaibai Bird Centerreko proiektuen eta komunikazioaren arduraduna ere. Aranzadi zientzia elkarteak kudeatutako zentro horretan, hegaztien eta haien migrazioen ezaguera lantzen da. Gainera, hegaztiei behatzen diete, Urdaibaiko biosfera erreserban baitago (Gautegiz Arteaga).
Unamunok esplikatu duenez, argi aldaketek eragin handia dute hegaztiengan, fotorrezeptore oso sentikorrak dituztelako begietan: «Argia ikusteko ez ezik, migratzeko ere oso baliagarriak zaizkie fotorrezeptoreak, orientatzeko balio baitute», zehaztu du ornitologoak.
«Eklipseak ustekabean harrapatuko ditu txoriak, ilunabarrean eguna pixkanaka itzaltzen baita, eta eklipsean azkarrago ilunduko baitu»
EDORTA UNAMUNO Ornitologoa
Bada, Urdaibai Bird Centerreko ikertzaileek uste dute eguzki eklipseak «eragin handia» izango duela padurako hegaztiengan: «Litekeena da iluntzean atseden hartzera joaten diren hegaztiak lehenago erretiratzen hastea», aurreratu du Unamunok. Haren ustez, txoriak «ustekabean» harrapatuko ditu; izan ere, «ilunabarrean eguna pixkanaka itzaltzen da, baina eklipsean azkarrago ilunduko du».
Eklipsea bukatuta berriro argia itzultzeak ere ezustean harrapatuko ditu hegaztiak: «Berriro argituko du, eta, handik gutxira, ilunabarra helduko da: nahasgarria izango da txorientzat», uste du Unamunok.
Hala ere, Urdaibai Bird Centerrekoak argi utzi du horiek guztiak «hipotesiak baino ez» direla, eguzki eklipseak ezohikoak baitira eta animaliengan duten eragina ez baita ia ikertu. Unamunok gogorarazi duenez, Euskal Herrian ikusi ahal izan zen azken eguzki eklipse osoa 1912ko apirilaren 17an izan zen. «Ehun urte baino gehiago igaro dira. Gainera, ez dut uste jende asko ibiltzen denik eklipseen atzetik animalien portaera aztertzeko», azpimarratu du ornitologoak.
Urdaibain, txoriei begira
Zalantzak gorabehera, Urdaibai Bird Centerreko ikertzaileek paduretara begira egongo dira, txorien portaera behatu ahal izateko. Besteak beste, arreta berezia jarriko diete enarei. Unamunok azaldu duenez, iparraldetik hegoaldera migratzen duten enarek Arantzadik kudeatutako zentroaren aurrean dauden hezeguneetako lezkadi handi batean egiten dute geldialdia, urtero. Han dute lolekua.

«2.000 eta 5.000 artean izango dira, urtean urteko migrazioaren arabera. Bada, iluntzean, lolekuetara joan aurretik, batu egiten dira guztiak, hegaka, eta lezkadira jaisten dira ilunabarrean. Zoragarria da», adierazi du Unamunok. Eklipsea amaitutakoan enarek zer egingo duten asmatzea ez da horren erraza: «Agian oso gustura daude lozorroan, eta lezkadian lasai-lasai geratzea erabakitzen dute. Edo baliteke erratu direla pentsatzea eta berriro hegan hastea».
«Adibide bat jartzearren, enarek ez dakite eguzki eklipse bat zer den, ez baitute horrelakorik bizi izan. Logikoena da pentsatzea senari jaramon egingo diotela, baina agian erratuta gaude»
EDORTA UNAMUNO Ornitologoa
Baina, enarez gain, hegazti gautarrak ere kontuan izango dituzte Urdaibaiko biosfera erreserbako biologoek. Izan ere, han badaude ilunabarrean lozorrotik ateratzen diren txoriak: besteak beste, hontzak, mozoloak eta urubiak.
«Iluntzen hasten denean abesten hasten dira urubiak. Beraz, litekeena da eklipsearekin batera abesten hastea, eta argia itzultzen denean bat-batean isiltzea», azaldu du Unamunok. Saguzarrak ere gordelekuetatik lehenago aterako direla uste du. Hala ere, argi utzi nahi izan du ez daukatela erantzun garbirik: «Adibide bat jartzearren, enarek ez dakite eguzki eklipse bat zer den, ez baitute horrelakorik bizi izan. Logikoena da pentsatzea senari jaramon egingo diotela, baina agian erratuta gaude».
Animalien portaerari buruzko uste faltsuak
- Animaliak izutu egiten dira, eta ihes egiten dute. Oso gutxitan gertatzen da hori. Ohikoena da animaliak geldi geratzea, elkartzea edo lotara joatea. Ez dute arriskutsutzat jotzen; gaua heldu dela uste dute.
- Txoriak zerutik erortzen dira. Hegan egiteari uzten diote eta nonbaiten pausatu egiten dira, ilunduko balu bezala. Ez dute hegan egiteko gaitasuna galtzen, eta ez dira noraezean ibiltzen lurra jo arte. Lehenago erretiratzen dira.
- Behiek esnea emateari eta oiloek arrautzak egiteari uzten diote betiko. Baliteke eklipseak irauten duen bitartean —10-20 minutuz— geldi geratzea, «lotara» doazelako. Baina argia itzultzean lehengo erritmora itzultzen dira. Ez dago luzera begirako ondoriorik.
- Txakurrek ulu egiten dute eta otsoek eraso, «munduaren amaiera datorrela uste baitute». Txakur batzuk erne jartzen dira edo jabearen bila hasten dira. Beste batzuk etzan egiten dira. Ez dira oldarkorrago jartzen. Batzuetan, ulu egiten dute bat-bateko isiltasuna dela eta.
- Erleek erlauntza uzten dute. Kontrakoa egiten dute. Kanpoan lore soro bat egonda ere, azkar itzultzen dira erlauntzera, ilundu duela uste baitute. Argia itzultzen denean berriro ateratzen dira.
- Animaliak itsu gera daitezke eguzkiari begiratzean, gizakiak bezala. Animalia gehienek ez diote eguzkiari zuzenean begiratzen. Eta halakorik egingo balute ere, beren erretinak ez dira gizakienak baino sendoagoak. Arrisku bera dute: eguzkiari zuzenean begiratuz gero, kaltetu daitezke. Baina ez dago frogarik baieztatzeko eklipseen ondorioz animalia gehiago itsu geratzen direla.
- Animaliek ordu batzuk lehenago sumatzen dute eklipsea. Seigarren zentzumen moduko bat daukatela baieztatzeko frogarik ez dago. Argi kantitateak %75 behera egiten duenean hasten dira zerbait nabaritzen. Aurretik normal jokatzen dute.
- Eklipsearen ondoren, «traumatizatuta» geratzen dira, eta zenbait egunez desberdin jokatzen dute. 20-30 minuturen ostean, normaltasunera itzultzen dira. Primateekin, hegaztiekin eta abereekin egindako azterketetan ez dute aldaketa iraunkorrik identifikatu.
Behaketa Lindusko lepoan
Gaurko eguzki eklipsean hegazti migratzaileek duten portaera aztertuko dute Ornitolan enpresako bi ornitologok, Lindusko lepoan, Auritzen (Nafarroa). Sozietate horretako ikertzaileek 17 urte daramate Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritzarekin elkarlanean, Europa eta Afrika artean urtero bidaiatzen duten hegaztien eztei osteko migrazioa aztertzen.
Urtero, uztailaren 15etik azaroaren 15era, Lindusko lepoan jarrita, ia 90 espezietako milaka ale zenbatzen dituzte behatzaileek: aurten, 19.000 hegazti zenbatu dituzte dagoeneko. 2025eko behaketa aldian, guztira, 147.500 hegazti baino gehiago monitorizatu zituzten, gehienak miru beltzak eta pagausoak. Adituek uste dute Europako hegazti migratzaileen %90 bertatik igarotzen direla.
Ikerketa horren bidez aztertu nahi dute, besteak beste, hainbat aldagaik nola eragiten dieten hegaztiei; hala nola, tenperaturen igoera, eurien aldaketa, eta hegaztiak hazten diren lurzoruaren egoera eta erabilera aldaketa. Duela urte batzuetatik hona, ikerketa horretan bertan, tximeleten igarotzea aztertzen dute.
«Hegazti migratzaileen jarraipena eta ibilbideak egiteko aukeratzen dituzten denboren azterketa klima aldaketa globalaren eta habitat sentikorrenen egoeraren adierazle onak dira», nabarmendu dute foru iturriek. Migrazioek berotze globalaren ondorioz izan dituzten aldaketen ondorioz, espezie batzuek joan-etorriak laburtzen dituzte, bidaiak aurreratzen dituzte edo migratzeari ere uzten diote, adituen arabera.