EH Bilduk bat egin du Euskal Herria Batera ekimenarekin, eta Aberri Egunean horrek deituriko ekimenetan parte hartzera deitu ditu "Euskal Herria burujabe" nahi dute herritarrak. Apirilaren 4ean izango da aurten Aberri Eguna eta Euskal Herria Baterak plazetan abestera eta balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak jartzera deitu du. EH Bilduk iragarri du ekien horietan parte hartuko duela.
Iazko Aberri Eguna bezala, aurtengoa are koronabirusak baldintzatuko du, eta tokian tokiko mobilizazioak egitera deitu du Euskal Herria Batera-k. Iaz, itxialdia zela eta, leiho eta balkoietan ospatu zen Aberri Eguna, eta orduko "arrakasta" aintzat hartuta egin du aurtengo deia Batera herri egitasmoak, elkarrekin ospatzekoa, baina plazetara jauzi eginez.
Ospatzeko ordua 12:30ak izango dira, eta sustatzileek aurkezpenean azaldu zutenez, ordu horretan «ikus-entzunezko seinale bat» igorriko dutela irratietan, tokiko telebistetan eta sarean. Hiru kantu kantatzea proposatu dute, horiek «Euskal Herria batzen dutelakoan»: Gernikako arbola, Txoria txori eta Ikusi mendizaleak.
EAJk, berriz, Aberri Batzarrarekin batera egingo duen ekitaldi politikoan ospatuko du Aberri Eguna, Euskaldunan Bilbon. Ikurrinak jarri eta ekitaldietan arduratsu parte hartzera deitu du.