Aberri Eguna

Aberri Egunean ikurrinak eskegitzera deitu du Ortuzarrek

EAJk bat egingo du igandean 12:30ean koronabirusaren biktimak oroitzeko deitutako minutu bateko isilunearekin, eta pozik agertu da Aberri Eguna ospatzeko «ekimen berriak agertu» direlako.

Andoni Ortuzar, EAJk Aberri Egunerako prestatutako agiriaren berri ematen. EAJ
jon olano
2020ko apirilaren 8a
15:40
Entzun

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak dei egin die herritarrei datorren igandean Aberri Egunez ikurrina zintzilikatu dezaten balkoitik, eguna ospatzeko baina baita «koronabirusaren ondorioz hildakoak gogoratzeko eta pandemiaren kontrako borrokan lehen lerroan ari diren emakume eta gizonei esker ona adierazteko» ere.

EAJk gogorarazi du ikurrinak eskegitzeko deia «urtero» egin ohi duela, baina aurtengoak «sinbolismo berezia» izango du, Ortuzarren hitzetan, eta «pozik» agertu da Aberri Eguna ospatzeko «ekimen berriak agertu» direlako: «Une latz hauetan, albiste ona da ikustea urterik urtera gero eta gehiago direla Euskal Aberriaren Eguna ospatzeko prest dauden herritarrak. Sabino Aranak duela 125 urte esan zuen bezala, Euskotarren Aberria Euskadi da esango dutenak», baieztatu du.

Aberri Egunaren aurreko agiria argitaratu du EAJk. Ortuzarrek azaldu duenez, egungo testuinguruan «euskal herritarrak zaintzea eta babestea» da EAJren lehentasuna; izan ere, «pertsonak zaintzea eta babestea da gaur Aberria eraikitzeko modurik onena, Herri gisa daukagun etorkizuna bermatzeko». Jeltzaleek nabarmendu dute euskal gizarteak «indarra eta kemena» dituela «edozein erronkari aurre egiteko" eta, horrez gain, erakundeak ere badituela «Euskadi aske eta burujabea eraikitzera eramango gaituen bidea egiteko”.

Krisialdian balkoiak «batasun eta elkartasun sinbolo» eta «makalaldiari aurre egiteko orduan erresistentziarako toki bihurtu» direla ikusita, Ortuzarrek proposatu du ikurrinak jartzea «Euskadi deitzen den aberri honen esker ona» adierazteko osasun eta segurtasuneko profesionalei, zerbitzuetako eta elikagaien sektoreko langileei, garraiolariei eta pandemiaren kontrako borroka honetan lehen lerroan dauden sektore guztietakoei. «Gure abertzaletasuna partekatu ala ez, gure begietara denak dira abertzale eredugarriak», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.