Abian da Kilometroak urtea Azpeitian: 'Izpiz izpi'

2024ko Kilometroak jaia aurkeztu dute gaur arratsaldean, Azpeitian.

Kilometroak
Kilometroen aurkezpen ekitaldia. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2023ko abenduaren 5a
20:00
Entzun

Soreasu antzokian egindako ekitaldi batean, 2024ko Kilometroak jaiaren irudia eta leloa aurkeztu dituzte gaur, Azpeitian (Gipuzkoa), eta Kilometroak urtea martxan jarri dute. Eguzkilore bat hautatu dute ikur moduan; lelo gisara, honako hau: Izpiz izpi. Hiru ardatzen inguruan urte osoko egitaraua landu nahi dute, «txikira», baina helburu handiekin: euskara sustatzea, kulturartekotasunean haztea, eta herrigintza trinkotzea.

Eguzkilorea horra zergatik hautatu duten: «Eguzkilorearen hosto guztiak ezberdinak dira». Bada, desberdintasun horren aldarria egin nahi dute. «Azpeitian bizi garen kultura, arraza, hizkuntza ezberdinetako gazte, zahar norbanako edo kolektibo ezberdin bakoitza gara hosto horietako bakoitza. Guri dagokigu, lore eder hau, gure hizkuntza, elkarren ondoan eta elkarlanean zaintzea».

Izpiz izpi leloaren zergatia ere azaldu dute: «Datorren urtea, Kilometroak urtea, harremanan urtea izatea nahi dugu, talde eta eragile desberdinekin hitz egiteko urtea. Zubiak eraikitzeko urtea, elkarlanaren eta auzolanaren urtea», azaldu dute: «Izpiz izpi arituko gara lanean herriko eragileekin».

Errenterian egin da aurten Kilometroak jaia, eta orain bi asteburu jaso zuten Ikasberri ikastolako kideek lekukoa Errenteriako Orereta ikastolako arduradunen eskuetatik. Azpeitian hartu dute jaia aurrez ere: 1979an, 2000n eta 2011n. Gogoan izan dute: «Lehen aldiko errespetuaz eta ilusioaz ekin diogu bide honi, garenetik eta dakigunetik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.