Sarebide proiektua abian jartzeko bilera egin dute, eta euskarazko bost komunikabideren eta Elhuyarren arteko lankidetza proiektua garatzeko lana hasi da, beraz. Datozen hiru urteetan, BERRIAk, Hamaika Telebistak, Euskal Irratiek, Kanaldudek eta Euskalerria Irratiak baliabide eta soluzio teknologiko komun batzuk garatuko dituzte, euskarazko ikus-entzunezko edukiak zabaltzeko tresna berriak sortzeko.
Europako Batasunak finantzatuko du proiektuaren %65, Interreg POCTEFA mugaz gaindiko lankidetza programaren funtsen bitartez, Mendebaldeko Eremu Funtzionalari (AFOMEF) dagokion deialdiaren barruan. Diru laguntzen berri eman zutenean azaldu zutenez, «asmoa da sare bat sortzea, Iparraldeko, Nafarroako eta Euskadiko euskarazko hedabideak bateratzeko eta izan ditzaketen oztopoak gainditzeko». Sarea osatzen duten bost komunikabideen gaitasun teknologikoak eguneratu nahi dituzte, euskarazko ikus-entzunezko edukien eta musikaren banaketa errazteko, eta, horren barruan, adimen artifiziala ikertu eta aplikatu nahi dute, edukien kudeaketa eta erabiltzaileen esperientzia hobetzeko.
Zehazki, eduki digitalak kudeatzeko eta trukatzeko sistema komun bat garatu nahi dute datozen hiru urteetan, eta, horri lotuta, euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma digital bat sortu, eta, zehatzago, baita musika plataforma partekatu bat ere. Horrez gain, euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpen komuna arakatu nahi dute, «publiko berriengana iristeko» asmoz; gainera, Elhuyarreko Orai zentroaren eskutik, adimen artifizialean oinarritutako tresnak ikertu eta aplikatu nahi dituzte.