Udako lehen ekaitz handia izango da gaur eta bihar artean. Euskalmetek alerta horia piztu du kostaldean, muturreko eguraldiagatik. Barnealdean, aldiz, abisu laranja eman dute. Gaur Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin eragingo du. Bihar ipar-ekialderantz joango da; Nafarroa Beherera eta Zuberoara zabalduko da abisua.
Eguna oskarbi eta hondartza giroarekin hasi da gaur. Tenperatura altuak espero dira; leku gehienetan 30 gradutik gora egingo du. Beroaren ondorioz, hodeiak sortuko dira eta 18:00etatik gauerdira bitarte ekaitzak izango dira. Aipatutako lurralde horietan tximistak izango dira. Ordubetean metro koadroko hamabost litro euri baino gehiago pilatu litezke; zenbait lekutan kazkabarra ere egingo du. Haize zakarra ere nabarituko da, orduko 60 eta 100 kilometro arteko abiada har dezake zenbait lekutan.
Posible da Hego Euskal Herrian bihar goizean euriak jarraitzea; batez ere barnealdean. Baina arriskua Iparraldera igaroko da. Bertan abisu horia biharko iragarri dute, ekaitz elektrikoengatik. Eguerdiko hamabietatik egunaren amaiera arte espero dituzte unerik larrienak.
Momentuz, Iruñeko sanferminetan eta Baionako bestetan ez da egitaraua aldatu. Ehunmiliak lasterketa, aldiz, atzeratu egin da, arriskua saihesteko. Bihar goizean abiatzea erabaki, eta ibilbidea laburragoa izango da.