Udako lehen ekaitz handia izango da Euskal Herrian gaur eta bihar artean. Hego Euskal Herrian alerta laranja piztu du muturreko eguraldiagatik. Hego-ekialdetik iritsiko da ekaitza, Pirinioen bi aldeetatik, eta zazpi lurraldeak joko ditu. Bihar goizean goiz ere joko du oraindik, batik bat Nafarroa Beherean eta Zuberoan, baina orduak pasatu ahala, ekaitza ere pasatu egingo da, eguerditik aurrera.
Eguna oskarbi eta hondartza giroa dagoela hasiko da gaur. Tenperatura altuak espero dira; leku gehienetan 30 gradutik gora egingo ditu. Beroaren ondorioz, hodeiak sortuko dira, eta 18:00etatik 24:00 bitarte ekaitza izango da; tximisten arriskuaz ere ohartarazi dute. Litekeena da ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pilatzea, eta zenbait lekutan kazkabarra ere egingo du. Haize zakarra ere nabarituko da, orduko 60-100 kilometroko abiaduran ibiliko baita.
Posible da Hego Euskal Herrian bihar goizean euria egitea oraindik; batez ere barnealdean. Baina arriskua Iparraldean izango da: abisu horia iragarri dute, ekaitz elektrikoengatik. Eguerdiko hamabietatik egunaren amaiera arteko tartea izango da larriena, aurreikusi dutenez.
Oraingoz, Iruñeko sanferminetan eta Baionako bestetan ez da egitaraua aldatu. Ehunmiliak lasterketa, berriz, atzeratu egin da, arriskua saihesteko. Bihar goizean abiatzea erabaki dute, eta ibilbidea laburragoa izango da.