Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du biharko, Euskalmetek iragarri duenez, bero handia espero baita, eta beroak larunbatera arte iraungo du. Abisua 13:00etatik 20:00etara egongo da aktibatuta, tenperatura «oso altuengatik».
Isurialde atlantikoaren barnealdean espero dute berorik handiena, eta ohartarazi dute agian 35 gradu zentigradura iritsiko dela tenperatura. Kostaldean 28 gradu inguru izango dira; 34 gradu, tarteko eremuan, eta Ebro ibaiaren inguruko eskualdeetan ere 33 gradu ingurukoa izango da gehienezko tenperatura.
Nafarroan ere bero handia iragarri dute, eta Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak esan du Nafarroan sute arriskua «oso handia» edo «muturrekoa» izango dela, eremuaren arabera. Zehazki, bihar oso handia izango da sute arriskua Nafarroa osoan, eta etzi eta larunbatean, berriz, muturrekoa. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak adi egoteko eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu die herritarrei. Nafarroan ere 36 gradutik gorako tenperaturak espero dira. Bero horri hego haizea batuko zaio: ostiral gauean, orduko 50 eta 60 kilometroko abiadurako haize ufadak espero dira; horregatik da hain handia sute arriskua.
Uda honetan hiru bero bolada gogor izan dira, eta Euskal Herriko leku batzuetan 40 graduko tenperaturak gainditu dira. Espainiako Osasun Ministerioaren Momo zerbitzuaren arabera, maiatzaren 15etik hona 196 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian bero handiagatik.