Adierazpen askatasunaren aldeko lege erreformak, zurrunbilo amaigabean trabatuta

Espainiako parlamentuan dozenaka ahalegin egin dituzte 'mozal legea', Sekretu Ofizialen Legea eta koroaren eta banderen kontrako irainen delituak bertan behera uzteko, baina denak antzuak izan dira, hauteskunde deialdiak eta izapide amaigabeak zirela eta.

'Mozal legearen' kontrako protesta baten artxiboko irudia. ELOY ALONSO / EFE
'Mozal legearen' kontrako protesta baten artxiboko irudia. ELOY ALONSO / EFE
kristina martin
2026ko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hauteskundeak aurreratzearekin batera, parlamentuan bidea egiten ari ziren makina bat lege proiektu geratu da bidean. Espainiako Gorteak deseginda, erregistratuta eta bidea egiten ari ziren hirurehundik gora ekinaldi parlamentariok ez dute, oraingoz, argia ikusiko. Horietako hiruk interes berezia dute Hego Euskal Herrian, horiek aldatzeko edo bertan behera uzteko egitasmoak euskal alderdien ekimenez aurkeztu direlako edo haien babesa jaso dutelako. Legeak aldatzeko ekinaldi horiek ezaugarri batzuk dituzte komunean: guztien helburua da adierazpen askatasunaren alde aurrerapausoak lortzea, eta behin eta berriro porrot egin dute. Mozal legea, Sekretu Ofizialen Legea, eta Espainiako koroa, bandera eta sentimendu erlijiosoak iraintzeagatik Zigor Kodean jasotzen diren delituak bertan behera uztea zuten helburu.

1

'Mozal legea'

Herritarren Segurtasunerako Legea, mozal legea esaten zaiona, 2015ean onartu zuen Mariano Rajoyren gobernuak. Parlamentuan gehiengo osoa zuen orduan PPk, eta lege horrekin egin nahi izan zion aurre M-15 mugimenduak kalean sortutako protesta giroari. Segurtasunaren aitzakian, adierazpen askatasuna eta manifestatzeko eskubidea nabarmen murriztu zituen. Poliziari ahalmen handiagoa eman zion, identifikazioetan, miaketetan eta zigor administratiboetan. Gainera, lege horretan isun ekonomiko handiak aurreikusten dira baimenik gabeko kontzentrazioak egiteagatik, agintariei eta Poliziari aurre egiteagatik eta haien irudiak baimenik gabe zabaltzeagatik.

Eskubide zibilen defentsan aritzen diren ehunka erakunde eta elkartek, tartean Amnesty International, salatu zuten lege horrek, batetik, arrazakeria instituzionala sustatzen duela, eta, bestetik, desobedientzia zigortuta gizarte mugimenduen desmobilizazioa bilatzen duela.

Sanchezek —oposizioan zegoen orduan— agindu zuen gobernura iritsiz gero legea deuseztatuko zuela. 2018an, Rajoyren kontrako mozioaren ondorioz, presidente izendatu zuten, eta handik gutxira egindako hauteskundeak irabazi zituen. PSOEren hauteskunde programan jasota zegoen mozal legea aldatzeko konpromisoa. 

Orduz geroztik ere, gobernua osatu duten guztietan aurkeztu dituzte lege hori erreformatzeko proposamenak, eta batzuek nahiko bide luzea egin dute. PSOEren gobernuaren makulu izan diren alderdi gehienak aldaketak egitearen aldekoak izan arren, ez dute inoiz akordioa lortu. Azken mugimendua 2024an izan zen. EH Bilduren eta ERCren eskariz, gobernuak onartu zuen eztabaida berpiztea, baina bozen deialdiaren horma jo du ekinaldiak. 

Erreforma ez gauzatzeko gakoa aldaketa horien detaileetan dago. Zer aldaketa eta noraino egin behar diren adostea ezinezkoa izan zaie. EAJk hitz erdika arbuiatu izan ditu lege horren atal batzuk. Jeltzaleek aurkeztutako zuzenketen artean, desobedientziarengatik jarritako isunak aurrerantzean ere larriak izateko eskaera egon da. Bestalde, Poliziari egindako errespetu faltak zigortzen jarraitzea ere nahi zuten, nahiz eta egileak barkamena eskatu. Gainera, Ertzaintzak erruz aplikatu izan du lege hori, nahiz eta Eusko Legebiltzarrak 2016an konpromisoa hartu zuen lege hori ez erabiltzeko. Nafarroako Parlamentuak ere antzeko adierazpen bat onartu zuen urte hartan bertan.

Hala ere, datuek erakusten dute Hego Euskal Herrian diharduten poliziek ez ziotela parlamentuen aginduari jaramon handirik egin. Izan ere, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrek eguneko 8.500 euro ordaindu dituzte isunetan mozal legearengatik: guztira, 32.597.090 euro. Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak, Foruzaingoak, Ertzaintzak eta udaltzaingoek irekitako espediente kopurua eta bildutako dirua batzen dute datu horiek.

2

Sekretu Ofizialen Legea

Lege frankista horri esker —1968an sortu zen—, sekretupean gordetako dokumentuak betiko egon daitezke ezkutuan «estatuaren segurtasuna eta defentsa babesteko» aitzakian. Espainiako Gobernuaren eta organo militarren esku uzten du dokumentuak «sailkatzeko» eta isilpean gordetzeko ahalmena. Beraz, informaziorako eskubidea murrizten duen lege horren babesean, mugatuta geratzen da giza eskubideen zenbait urraketa larri ikertzea; adibidez, ez dira argitara eman GALi, estatuaren gerra zikinari eta trantsizio garaiko gertakari askori buruzko agiriak.

Azken hamarkadan, EAJren ekimenez nagusiki, hura erreformatzeko zenbait saiakera izan dira kongresuan, baina bakar batek ere ez du arrakastarik izan. Jeltzaleek legealdi bat hasi den bakoitzean eraman izan dute proposamena, asmoa izanik dokumentuak sekretupean egon daitezkeen epea murriztea. 2024an egin zuten azken saiakera, eta proposamena hauxe zen: sekretu gisa klasifikatuko agiriak gehienez 25 urtez gordetzeko aukera izatea —35 urteraino luzatzeko aukerarekin—, eta ezkutuko agiriak, berriz, hamar urtez. Horrek, besteak beste, frankismoarekin, trantsizioarekin eta gerra zikinarekin lotutako informazioa argitaratzea ekarriko luke. Era berean, proposamenak ezartzen zuen Espainiako Ministroen Kontseiluaren ardura izatea informazio hori sailkatzea, eta Espainiako Gorteek eskura izatea. Sanchezen inbestidura babestu zuen blokearen babesa izan arren, oraingoan ere bidean gelditu da.

Sekretu Ofizialak legea
Sekretu Ofizialen Legearen erreforma bozkatzeko hautetsontzia, 2024ko irudi batean. TXEMA MOYA / EFE

2025eko uztailean, Sanchezen gobernuak berak aurkeztu zuen Informazio Klasifikatuaren lege proiektua. Ministroen Kontseiluak onartutako egitasmo horrek 30 urteko epea ezartzen zuen sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa «goi mailako» sekretuetarako —bi kasuetan, beste hamabost urtez luzatzeko aukera aurreikusten zen—. Gainera, ezartzen zuen dokumentuak automatikoki desklasifikatzea horretarako epea igaro eta gero. Hedabideetan gainerako taldeen saiakerek baino sona handiagoa lortu zuen, baina aurrekoen emaitza antzu bera izan du: ez da indarrean sartu.

Gobernuak berak ere ez zuen onartzeko premia handirik; PSOEk eta Sumarrek 31 bider eskatu baitute zuzenketak aurkezteko epea luzatzeko. EAJk lehendik ere aurpegiratu izan dio gobernuari erreforma «hiltzen» utzi izana.

EH Bilduk, EAJren ekinaldiak babesteaz gain, lege horren aldaketa bat ere sustatu du: 2025ean, gobernuak Informazio Klasifikatuaren lege proiektua aurkeztu baino hilabete lehenago, koalizio subiranistak PSOErekin eta Sumarrekin adostutako legez besteko proposamen bat onartu zuen Kongresuak. Kasu jakin batzuei buruzko informazioa argitaratzeko eskaera egin zuten: 1978ko sanferminetako gertakariei buruzkoa eta German Rodriguezen hilketari buruzkoa.

3

Espainiako koroaren eta sinboloen kontrako irainak

Espainiako Zigor Kodeak delitutzat jotzen ditu errege-erreginen etxeko kideen kontrako irainak, erlijio sentimenduen aurkako irainak, estatuaren goi instituzioen aurkako kalumniak, eta ikur nazionalen, Espainiako Gorteen eta erkidego autonomoetako legebiltzarren kontrako laidoak. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak behin baino gehiagotan ebatzi du adierazpen askatasunaren aurkakoa dela delitu gisa jotzea zenbait ekintza, hala nola errege-erreginen etxeko kideen argazkiak erretzea edo kide horiek iraintzea, eta banderen aurkako irainak egitea. Hori dela eta, zenbait ekimen aurkeztu izan dituzte Kongresuan ekintza horiek delitu izan ez daitezen.

ERC, 2008tik, lau bat bider saiatu da Kongresuan errege-erreginen etxearen eta ikurren aurkako irainak zigorgabetzen. Podemosek ere 2018an proposatu zuen. Saialdi guztiek PSOEren horma jo zuten. 2020an, Podemos PSOErekin koalizioan gobernatzen hasi berria zela, berriro ere jarri zuten mahai gainean. Gobernukideen arteko desadostasunak galbidera eraman zuen ekimena. 2022an, EH Bilduk eta ERCk ekarri zuten berriro ere auzi hori plazara. Oraingoan, PSOEk alderdi independentisten ekimenaren alde bozkatu zuen, EAJ, Junts eta Espainiako ezker konfederalarekin batera. Zigor Kodea aldatzeari bide eman zioten, baina 2023ko hauteskundeek berriro eraman zuten amaitu gabekoen kutxara. 

Sanchezek hirugarren gobernua osatu zuen orduan, Sumarrekin koalizioan. Hain zuzen, Yolanda Diaz buru zuen alderdi horrek hartu zuen berriz ekimena, 2023an bertan. Aurtengo ekainean lortu zuten Zigor Kodea moldatzeko akordioa, nahiz eta jatorrizko proposamena urardotu zuten: erdibideko bertsio horren arabera, estatuko erakundeen eta sentimendu erlijiosoen aurkako kalumniak eta irainak zigorgabetuko lirateke, baina delitu izango lirateke oraindik ere mehatxu larriak eta intimidazioa lortzeko indarra erabiltzea. Era berean, «terrorismoa goratzeko delitua» bere horretan utzi zuten. PPk eta Voxek osoko zuzenketak aurkeztu zizkioten gobernuaren erreforma horri, eta horiek tramitatzeko denbora izan aurretik beste hauteskunde deialdi bat egin du Espainiako gobernuburuak. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA