Adimen artifizialeko zenbait tresna aurkeztu dituzte gizarte zientzietan ikerketak egiteko

Clariah-eus foroa egin dute Donostian, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak erakusteko. Abian jarri dute B Zentroa, ikertzaileen lana errazteko tresna eta zerbitzu digitalen plataforma irekia.

Agirre Lehendakari Centerreko ordezkariak K-Tool aurkezten, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Agirre Lehendakari Centerreko ordezkariak K-Tool aurkezten, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Informazio historikoa bilatu. Batzuetan, dokumentazio zentroetako edo artxiboetako agirietan, liburuetan edo egunkarietan, bertara joanda eta eskuz; besteetan, digitalizatutako edukietan banan-banan bilatuta. Eduki digitalen kasuan, PDFak banan-banan ireki. Intereseko artikuluak aurkitu. Irakurri. Interesgarria den erabaki. Interesgarria bada, hartu. Eta, gero, historialariaren lana egin: informazioa antolatu, ondorioak atera eta idatzi.

Historialariaren lan egiteko modua laburbildu zuen Aritz Farnwell historialari estatubatuarrak, atzo, Donostiako Tabakaleran. Zehatzago esateko, prentsa historikoarekin lan egiten duten historialariena. Haren hitzaldiaren izenak erakusten du lan egiteko modu horren zailtasuna: Prentsa historikoaren katramila askatzeko bideak.

Farnwellek, gaur egun, adimen artifizialaren laguntza du prentsa historikoa aztertzeko eta ikertzeko. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz ikerketa zentroak garatutako tresna bat erabiltzen du, informazioa bilatzeko, irudi gisa gordetako orrietako testua sailkatzeko —OCR karaktereen ezagutza optikoari esker—, informazioa ateratzeko, pertsonak eta lekuak identifikatzeko, informazioa laburtzeko eta sailkatzeko. Xabier Goenaga Hitz zentroko ikertzailearen laguntzarekin.

«Aplikazio horiek ikerketarako aukerak zabaltzen dituzte, eta orain arte erantzuteko oso zailak ziren galderei erantzuteko aukera ematen dute»

AINARA ESTARRONA Hitz ikerketa zentroko ikertzailea

Adibideak erakutsi zituen. Adimen artifizialeko tresnak egunkariak erakutsi zizkion, zerrendatu, gai nagusiak erakutsi, testuko elementuak sailkatu... eta artikuluetan agertzen zen gai edo pertsona bati buruz galdetuz gero, hari buruz idatzitakoa zehaztu. Euskariana egitasmoarekin —euskal kulturari buruzko edukiak eskuratzeko atari digitala— elkarlanean ari dira proiektua garatzen, Europako Pressmint proiektuaren barruan.

Euskal Herrian adimen artifiziala eta hizkuntzaren teknologia berriak erabiltzen ari dira gizarte zientziak eta humanitateak ikertzeko. Hitz zentroak gidatzen du Clariah-eus, ikerketa digitalerako azpiegitura eta komunitatea. Gizarte zientziak eta humanitateak lotu egiten ditu hizkuntzaren teknologiekin eta adimen artifizialarekin. Arreta berezia eskaintzen diete euskarari eta euskal kulturari. Hamazazpi ikerketa talde eta erakunde biltzen ditu. Espainiako Clariah-es sarearen parte da, eta Europako bi ikerketa azpiegitura handiri lotuta dago: Clarin —hizkuntzaren teknologiak— eta Dariah —humanitate digitalak—.

Clariah-eus foroa egin zuten atzo, Donostian. Tresna digital berriak eta hiru ikerketa aurkeztu zituzten. Horietako bat izan zen Farnwellek azaldutakoa. «Aplikazio horiek ikerketarako aukerak zabaltzen dituzte, eta orain arte erantzuteko oso zailak ziren galderei erantzuteko aukera ematen dute», esan zuen atzoko saioan Ainara Estarrona Hitzeko ikertzaileak.

OCRa eta transkripzioa

Berrikuntza bat: abian jarri dute B Zentroa. Ikertzaileen lana errazteko tresna, datu eta zerbitzu digitalak biltzen ditu. Aukera eskaintzen du orain arte lan batzuetarako behar zen denbora eta eskuzko lan handia aurrezteko. Esaterako, OCRa dokumentuetatik eta irudietatik testua ateratzeko; hizketaren transkripzio automatikoa; entitateen izenak ezagutzea, testu batean pertsonak, lekuak, erakundeak eta gertaerak identifikatzeko, eta Wikidataren moduko ezagutza baseekin lotzeko; eta itzulpen zerbitzua, Latxaren bitartez.

Hitzeko ordezkariek nabarmendu zuten tresna horien bitartez ikertzaileek milaka dokumentu bil ditzaketela, haietatik testuak atera eta zuzendu, bilaketa sakonak egin, pertsonak eta gertaerak identifikatu eta agirien multzo osoari buruzko ikerketa galderak planteatu. Plataforma irekia da B Zentroa.

«[Adimen artifizialak] ez du gure lana ordezkatzen, baina lagundu egiten digu. Informazioa gainbegiratu egin behar da»

MIKEL ALVAREZ Agirre Lehendakari Centerreko ikertzailea

Gizarte fenomeno konplexuak aztertzeko tresna aurkeztu zuen Agirre Lehendakaria Centerrek. Erakunde hori arduratu zen Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuaren inguruan egin zen entzute prozesuaz, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta. Eskualdeko mila pertsona elkarrizketatu zituzten, haien iritzia jakiteko. Gaur egun Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarentzat lanean ari dira, ikusteko arlo horietako eragileek nola interpretatzen dituzten azken 50 urteetan izan diren aldaketak. 115 pertsona elkarrizketatu dituzte lehenengo bi entzute txandetan.

Exceletik K-Tool-era

Elkarrizketa asko dira. Mikel Alvarezek, Agirre Lehendakaria Centerreko ikertzaileak azaldu zuen adimen artifizialeko tresnak erabili dituztela transkribatzeko. Baina ez horretarako bakarrik. Lehen, Microsoft Excel artxiboetan biltzen zituzten datuak. Orain, adimen artifizialeko K-Tool tresna garatu dute. Elkarrizketatu bakoitzaren adierazpen «esanguratsuenak» ateratzeko gai da. Jasotako erantzunetan oinarrituta, iritzi bertsuak multzoetan biltzen ditu, eta multzo horietatik patroiak eta soslaiak sortzen ditu.  

Lan guztia adimen artifizialak egiten duela eman dezake. «Ez du gure lana ordezkatzen, baina lagundu egiten digu», azaldu du Alvarezek. «Informazioa gainbegiratu egin behar da». «Teknologia horien helburua ez da ikertzaileen azterketa lana ordezkatzea, haien lana osatzea baizik, informazio konplexua modu azkarragoan, sistematikoagoan eta gardenagoan aztertzeko aukera emanez», gehitu du Estarronak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA