Adingabeak dituzten bi familia kalean utzi izana leporatu diete Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari

Negu Gorriak kolektiboak salatu du familietako batek sorterrira itzuli behar izan duela «babesik jaso ez zuelako», eta beste familia batek KEM taldearen egoitzan hartua duela aterpe, «alternatiba publikorik ez dagoelako».

Negu Gorriak kolektiboaren agerraldia, Iruñean, gaur. BERRIA
Negu Gorriak kolektiboaren agerraldia, Iruñean, gaur. BERRIA
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko martxoaren 11
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Negu Gorriak plataformak agerraldia egin du Iruñeko Katakrak liburu dendan, etxerik ez duten bi familiaren egoera salatzeko. Atzerritik iritsi ziren biak Euskal Herrira —Aljeriatik bata eta Marokotik bestea—, eta, plataformako kideek adierazi dutenez, kalean lo egin behar izan dute «hotzaldiari aurre egiteko protokoloa indarrean egonagatik ere». Izaskun Matak eta Alba Schiaffimok hartu dute hitza, plataforma osatzen duten kolektiboen izenean, eta erakunde publikoak egin dituzte egoeraren erantzule: Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua, zehazki. «Funtzioen utzikeriaren eta arrazakeria instituzionalaren erakusgarri argia da hau», esan dute.

Matak eta Schiaffimok esplikatu dutenez, Marokotik etorritako familia sorterrira itzuli da jada, «udal etxebizitza batetik kaleratuak izan ostean ez zutelako babesik jaso». Beste familiari dagokionez, esan dute bi alaba adingabe dituztela, eta KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimendua elkartearen egoitzan hartua dutela aterpe behin-behinean, «alternatiba publikorik ez dagoelako». Udalari egotzi diote «bere erantzukizunari izkin egitea», eta gehitu dute Negu Gorriak, CGT eta Bakearen Etxea kolektiboak ari direla ardura bere gain hartzen, «era autogestionatuan familia horren bizitzari eusteko».

Instituzio publikoen «hipokrisia» ere salatu dute Matak eta Schiaffimok, eta gogora ekarri dituzte Joseba Asiron alkateak bere agintaldiaren hasieran esanikoak: «Hitzeman zuen inork ez zuela kalean lo eginen, baina, gaur egun, berrehun gazte inguruk Jaso, Aranzadi eta halako guneetan eman behar dute gaua». Administrazioek «indarkeria kalkulatua» erabiltzen dutela gehitu du Matak, «burokrazia erabiltzen baitute migratzaileak kanporatzera behartzeko».

Baliabideak eta erroldatzea

Are, uste dute gizarte zerbitzuek etxegabeekin egiten duten lana gehiago dela «kutsu poliziala duen kontrol bat, babes soziala benetan bermatuko duen sare bat baino». Erroldatze prozesuan dauden trabak jo dituzte horren adibidetzat. «Errolda agiriaren ukatze arbitrarioak bostehun pertsonari baino gehiagori eragiten die, nahiz eta, legez, udalek betebeharra duten hemen bizi direnak erroldatzeko», nabarmendu du Matak. Horrez gain, esan dute Aranzadiko komentu abandonatuan eta Jaso ikastola zaharrean bizi direnak «handik kanporatuak izateko mehatxupean» direla une oro: «Eskuineko gobernuen politikekin pareka daitezke halako jardunak, migratzaile pobreei eragiten baitiete bereziki».

Horiek horrela, lau eskaera zehatz egin dizkiete erakunde publikoei: bat, kalean bizi direnei «bizitoki duina eta egonkorra» eskaintzea; bi, familientzako baliabide propioak sortzea, «familia horietako kideak banandu behar ez daitezen»; hiru, erroldaren «berehalako erregularizazioa» sustatzea; eta lau, egoera zaurgarrian diren adingabeak eskolatzea, «hezkuntzarako oinarrizko eskubide unibertsala bermatze aldera».

Iruñeko Udala: «Familia guztiak artatzen ditugu»

Negu Gorriak kolektiboaren kritikei erantzun die Ruben Unanuak, Iruñeko Udaleko Ekintza Sozialeko zuzendariak. BERRIAren galderei erantzunez, Unanuak esan du arta eman dietela bi familia horiei, «larrialdi egoeran diren familia guztiei ematen zaien bezala». Erantsi du, hala ere, «udal protokoloen arabera» banatzen dela laguntza hori, eta lehentasuna ematen zaiela lehendik itxaron zerrendan zeudenei eta larrien daudenei: «Eskaera kopuru izugarri handia dugu, eta familia ugari dago itxaron zerrendan, baliabide egonkorragoak jasotzeko zain. Zerrendaren ordena ezin dugu nahieran aldatu norbait etortzen zaigun aldiro».

Gaur eragile sozialek salatutako familiei dagokienez, Ekintza Sozialeko zuzendariak esplikatu du hotel batean hiru egun pasatzeko aukera eskaini zietela: «Iritsi berri direnei eta beste norabait doazenei horixe eskaintzen diegu larrialdiko baliabide gisa, kale gorrian geratu ez daitezen. Horrez gain, laguntza ere ematen diegu, senide edo lagun baten etxera edo harrera eginen dien norbaitengana joan daitezen. Trantsizio horretan laguntzen diegu, gehienen helburua ez baita hemen gelditzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA