Adingabeen kontrako zigor prozedurak nabarmen ugaritu ziren iaz Nafarroan: salaketak, %34, eta delituak, %29

Gorakada izan da adin tarte guztietan eta ia delitu mota guztietan. Nafarroako fiskal nagusiak iazko jardueraren txostena eman dio Nafarroako Parlamentuko presidenteari.

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Jaime Goiena Nafarroako fiskal nagusia, gaur. NAFARROAKO PARLAMENTUA
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Jaime Goiena Nafarroako fiskal nagusia, gaur. NAFARROAKO PARLAMENTUA
jakes goikoetxea
2026ko urriaren 2a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Helduen kontrako mota guztietako zigor prozedurak jaitsi egin dira Nafarroan; adingabeen kontrakoak, berriz, nabarmen hazi. Iaz, 2024. urtearekin alderatuta, %34,42 salaketa gehiago jarri ziren adingabeen kontra, eta %28,97 delitu gehiago egotzi zizkieten. 

Nafarroako Fiskaltzaren iazko txostenaren ondorio nagusia da. Jaime Goiena Nafarroako fiskal nagusiak iazko jardueraren laburpena eman dio Unai Hualde Nafarroako parlamentuko presidenteari. Goienak agerraldi bat egingo du Nafarroako Parlamentuko Barne, Funtzio Publiko eta Justizia Batzordean, datuak azaltzeko.

Goienak zehaztu du adingabeen artean delitu mota ia guztietan izan dela gorakada: sexu askatasunaren kontrakoetan, lesioetan, ondarearen kontrakoetan... Bada salbuespen bat: gutxitu egin dira ordena publikoaren kontrako delituak.

Indarkeria matxistako delitu gehiago

Adingabeen adin tarte guztietan ugaritu dira zigor prozedurak: 14 urtetik beherako 290 adingabe salatu zituzten —189 mutil, 101 neska—; 14-15 urteko 457 —349 mutil, 108 neska—; eta 16-17 urteko 714 —606 mutil, 108 neska—. Goienak ohartarazi du 14-15 urte arteko adingabeek gero eta delitu gehiago egiten dituztela, eta 16-17 urtekoen kopurura iristen ari direla.

Helduen artean, aurretiazko prozeduren kopurua %5 gutxitu zen iaz 2024. urtearen aldean: 31.381 izan ziren iaz, eta 33.029 2024an. Hala ere, Goienak gehitu du ugaritzen ari direla indarkeria matxistako delituak eta delitu informatikoak. 2024an ere gorakada «handia» izan zuten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA