Administrazioko burokrazia arintzeko lege proposamen bat aurkeztu du Jaurlaritzak, aldundiekin eta Eudelekin batera

Astelehenean hamabost eguneko epe bat irekiko dute, herritarrek, enpresek eta autonomoek ekarpenak egin ditzaten.

Urresti, Izagirre, Ubarretxena, Berasaluze eta Gurtubai gaurko agerraldian. EUSKO JAURLARITZA
Urresti, Izagirre, Ubarretxena, Berasaluze eta Gurtubai gaurko agerraldian. EUSKO JAURLARITZA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko azaroaren 28a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egin beharrekoak «behin bakarrik» egiteko printzipioa lehenetsita, administrazioa arintzeko lege proposamen bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, Eudelekin eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin elkarlanean. Helburua da administrazioa herritarren zerbitzura jartzeko bideak erraztea, teknologia herritarren zerbitzura jarrita, baina aurrez aurreko arreta atzean utzi gabe. Datorren astelehenean herritarrek ekarpenak aurkezteko fase bat irekiko da. Hamabost egun iraungo du fase horrek. Gero, legea juridikoki osatzeko beharrezko zuzenketa guztiak erantsiko dituzte, eta urtebeteko epean gobernu kontseiluak onartzea espero dute.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak azaldu du Administrazioa Sinplifikatzeko eta Arintzeko Legeari buruzko proposamena. Alboan izan ditu Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatua, Ager Izagirre Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua. Eudeleko ordezkari Erlantz Urresti ere bertan izan da.

Ubarretxenak azaldu du erakundeek urtebetean elkarlanean ondutako proposamena dela, eta «herri ikuspegia» duela. Helburua da herritarren beharretara egokitutako tresna erabilgarriagoak eta errazagoak jartzea eskura. «Administrazioak gerturatu behar du herritarrengana, ez alderantziz».

Datozen hilabeteetan beste fase batean sartuko da lege egitasmoa. Batetik, kanpora begira, herritarrei, autonomoei eta enpresei aukera emango zaie administrazioekin egin beharreko tramiteak arintzeko lege proposamen horri ekarpenak egiteko. Astelehenean hasiko da epea, eta hamabost egun iraungo du. Ekarpen horiek jasotzeaz gain, lege proposamen batek behar dituen zume juridiko guztiak osatuko dituzte datozen hilabeteetan.

«Administrazioak gerturatu behar du herritarrengana, ez alderantziz»

MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzako Gobernantza sailburua

Bestetik, barrura begira, tramitazioetako prozesuak berrikusiko dituzte, lanak bi aldiz egitea saihestu, eta desburokratizazioarantz egin beharreko pausoak aztertu. Hori guztia, printzipio baten gainean: «Behin bakarrik» egitea. Herritarrek horretarako baimena emanez gero, datuak behin bakarrik eman beharko ditu herritarrak. Horrekin, administrazioa dena delakoa ere, datuak izango dituenez, herritarrei ez zaie berriz galdetuko herritarrek eskura utzitako datu horien inguruan. Helburua da herritarrek edo enpresek administrazioarekin egin beharreko tramite guztiak «toki bakar batean» biltzea. Izan uraren faktura, mendekotasun laguntzaren baten kudeaketa edo beka eskaera bat.

Saiatu nahi dute erantzun azkarragoak ematen. Horretarako, alerta pertsonalizatuak aktibatu asmo dituzte, eta inprimakiak sinplifikatu. Enpresentzako ere tramitazioa arintzeko proposamena ondu dute. Hori guztia egiteko, konpetentzia digitalen laguntza baliatuko dute, baina aurrez aurreko arreta ere bermatua izango da.

Aurrez aurrekoa galdu gabe

Gurtubaik txalotu egin du elkarlanean egindako prozesua. Azpimarratu du erakunde bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta administrazio irekiago, irisgarriago eta eraginkorrago bat dutela xede. Administrazioa arintzeko pauso baten gisan ikusten du: «Teknologia herritarren zerbitzura jarriko dugu, adimen artifiziala baliatuta, betiere pertsona baten ikuskaritzarekin eta aurrez aurreko arreta bermatuta, hala behar izanez gero».

«Digitalizazioak bizitza erraztu behar du, baina administrazioak kontuan izan behar ditu digitalizazioarekin harremanik ez duten herritarrak ere»

IRUNE BERASALUZE Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua

Izagirre bat etorri da Gurtubairekin, eta erantsi du beharrezkoa dela eraldaketa digitala egitea administrazioan. Bizkaian hainbat urrats eginak dituztela ere esan du, Gertu izeneko plataformarekin, esaterako. Dena den, herritar guztiak aintzat hartzeko beharra azpimarratu du: «Eraldaketa digitalaren prozesuak inor atzean ez uztea bermatuko dugu».

Berasaluzek eskerrak eman dizkio Ubarretxenari elkarlanerako esparru hori ireki izanagatik, eta herritarren bizimodua hobetzean jarri du arreta, «erakundeen lehentasuna izan behar delako herritarren bizimodua erraztea». Dena den, esan du bide digitalak ezin dituela baztertu aurrez aurreko arreta behar dutenak: «Digitalizazioak bizitza erraztu behar du, baina administrazioak kontuan izan behar ditu digitalizazioarekin harremanik ez duten herritarrak ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.