Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, herenegun 66 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Adunan (Gipuzkoa), indarkeria matxistarekin lotuta. Atxilotua prostituzio etxe bateko arduraduna da, eta biktima, berriz, bertako langilea; andrea sexualki esplotatzea leporatu diote, baita hari sexu eraso bat egitea ere.
Ertzaintzaren arabera, prostituzio etxeko lan baldintzak «esplotaziozkoak» ziren: arduradunak sexu zerbitzuak jarraian ematera behartzen zituen langileak, atsedenik gabe eta haien borondatearen aurka. Salaketa jarri duen emakumeak azaldu du behin gizonak eraso egin ziola eta bortxatzen saiatu zela, baina alde egitea lortu zuela. Langileei «tratu umiliagarria» ematen diela eta drogak kontsumitzera bultzatzen dituela ere salatu du biktimak.
Andrearen «zaurgarritasuna» nabarmendu du Segurtasun Sailak, horrek eraman baitzuen «egoera zailak eta laidogarriak jasatera hainbat hilabetean, errepresalien beldur». Emakumeak larunbatean jarri zuen salaketa, eta ertzainek astelehenean atxilotu zuten gizona, prostituzio delitua eta sexu-eraso ahalegina leporatuta.
Iaz, sarekada
Ez da prostituzio etxe horretan indarkeria matxista eta sexu esplotazioa antzematen diren lehen aldia. Iazko abuztuan sarekada bat izan zen bertan: Espainiako Poliziak lokalaren jabea atxilotu zuen, prostituzioarekin lotutako delituak egotzita, langileen eskubideen aurka ari zelakoan. Sexu esplotazioa jasaten ari ziren hamazortzi emakume askatu zituzten. Drogak ere aurkitu zituzten klubean; andreen arabera, bezeroek lokalean bertan erosten zituzten.
Biktimek azaldu zutenez, kluba 24 orduz egoten zen zabalik, eta bertan aritzeko, toki bat kontratatu behar zuten 21 egunez, egunean hogei euro ordainduz; gainera, zerbitzu bakoitzeko ere pagatu egin behar zuten andreek. Emakumeetako batek salatu zuen jabeak berarekin sexu harremanak izatera behartzen zituela eta ukituak ohikoak zirela.