AEBek Kubari ezarritako blokeoa salatu dute Bilbon

Manifestazioa egin dute hainbat GKE, alderdi politiko eta sindikatuk antolatuta. Kuba «etsipen egoera batera» bultzatu nahi izatea egotzi diete AEBei.

Gaur arratsaldeko mobilizazioa, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Gaur arratsaldeko mobilizazioa, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 12a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Silvio Rodriguezen kanten aurretik herritarren oihuak entzun dira Bilbon arratsaldean. Ehunka herritarrek salatu dute Kubaren egoera larria dela, AEB Ameriketako Estatu Batuek herrialdearen kontra ezarritako «setio ekonomikoak eta blokeo energetikoak» eraginda. Era berean, salatu dute munduko gobernu gehienek ez dutela ezer egin «giza eskubideen halako urraketa masibo bati» aurre egiteko. Gogoratu dute NBE Nazio Batuen Erakundean urtero salatzen dela Kubaren kontrako blokeoa. Oxala... Kuba blokeorik gabe izan da manifestazioaren leloa, Rodriguezen Ojalá kanta gogoan. Eta abersti hori bozgorailuetan zutela abiatu dute manifestazioa. Guggenheim museotik Euskalduna jauregira joan dira, Rodriguezek gaur eta bihar kontzertuak egingo baititu bertan. Euskalduna jauregiaren aurrean Kubako kantariaren abesti batzuk kantatu dituzte. 

Alderdi politikoek, sindikatuek eta elkarteek antolatu dute gaurko mobilizazioa: tartean dira Euskal Herria Kuba egitasmoa, Euskadi Kuba elkartea eta Hegoak plataforma. Zenbait sindikatuk (ELA, LAB, CCOO, Steilas, ESK..), alderdi politikok (EH Bildu, Sortu, Ahal Dugu, Alternatiba, Ezker Anitza, EPK...) eta gobernuz kanpoko erakundek osatzen dute Hegoak plataforma.

Antolatzaileek uste dute Kubaren kontrako blokeo politikak salatu egin behar direla eta Kubari elkartasuna adierazi behar zaiola: «Gaur Kuba da, baina bihar beste edozein herrialde izan daiteke». Kuba «etsipen egoera batera» eta «subiranotasuna entregatzera» bultzatu nahi izatea egotzi diote AEBetako Gobernuari. Zehazki, Donald Trump AEBetako presidenteari eta Marco Rubio estatu idazkariari. Horiek horrela, manifestazioak aurrera egin ahala «harresia altxatzeko» eskatu diote presidenteari.

Eguzki plakak ospitaleetarako

Manifestazioak bat egin du Argia eta Indarra Kubarentzat kanpainarekin. Ekinaldi horren bitartez, dirua bildu nahi dute, Kubako ospitaleetarako eguzki plakak erosi ahal izateko. Kanpainaren lehen zatian, maiatzera arte, ia 245.000 euro bildu zituzten. 1.255 pertsonak eta taldek eman zuten dirua Kubako ospitaleek argindarra izateko. Euskal kulturako 130 ordezkarik babestu zuten kanpaina: Anari Alberdik, Itziar Ituñok, Aitziber Garmendiak, Ines Osinagak, Katixa Agirrek, Joseba Sarrionandiak, Bernardo Atxagak, Fermin Muguruzak, Eñaut Elorrietak... Euskadi Kuba elkarteak jakinarazi duenez, jada hasi dira eguzki energiaz baliatzeko lehen instalazioa jartzen Habanako haurrentzako William Soler ospitalean.

Kuba ezaguna da hango osasun langileen prestakuntza onagatik eta osasun zerbitzuen kalitateagatik. Manifestazioaren antolatzaileek jakinarazi dute, ordea, gaur egun beharrezko botiken herena baino ez dutela, eta haurren heriotza tasa %148 handitu dela. Argindarra eta ura moztu egiten dituzte, batzuetan egun osorako. «Garraio publikorik eta zabor bilketarik ez dago, eta pobrezia eta emigrazioa nabarmen handitu dira», azaldu dute egoera.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA