Diru bilketa abiatu dute Kubako erietxeak eguzki panelez hornitzeko

Euskadi Kuba elkarteak eta kulturako 120 lagunek baino gehiagok babestu dute proiektua. Helburua Kubaren burujabetza energetikoaren aldeko urratsak egitea da.

Mila Acea eta Dana Moya Euskal Herria Kuba egitasmoaren aurkezpenean, gaur goizean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mila Acea eta Dana Moya Euskal Herria Kuba egitasmoaren aurkezpenean, gaur goizean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
June Montero
2026ko martxoaren 13a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Argia eta indarra Kubarentzat». Hori lortzeko elkartu dira Euskadi Kuba elkartea eta kulturako 120 sortzaile eta eragile baino gehiago. Euskal Herria Kuba herri ekinaldia jarri dute martxan, eta dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko dute. Gaur hasi eta hilabeteko epea izango du. Tarte horretan bildutako dirua eguzki panelak erosteko eta Kubako erietxeetara bidaltzeko baliatuko dute.

1962. urtetik erabateko blokeoa bizi du Kubak Ameriketako Estatu Batuen aldetik, ekonomia, finantza eta merkataritza arloetan. Harrezkero, kubatarren bizitza eta herrialdearen garapena guztiz baldintzatuta daude, Euskadi Kuba elkarteko kide Mila Aceak salatu duenez. Blokeoa «denboran luzatu den zigor kolektibo bat» dela deritzo, eta ez neurri sinboliko huts bat. AEBei leporatu die uhartea «itotzea» helburu duen politika bat diseinatzea eta ezartzea. 

«Egoera zaila bizi duen herri bati elkartasun keinu sinple baina eraginkor bat egin nahi diogu: eguzki energia bidali, argia eta indarra izan ditzaten»

MILA ACEAEuskadi Kuba elkarteko kidea

Gaur egun kubatarrek ez dute baliabide energetiko nahikorik egunerokoari eusteko. Acearen arabera, elektrizitatea luzaz etetea eragiten du horrek, eta, gainera, oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua ere mugatzen du, besteak beste ospitaleena. Blokeoaren helburua uhartearen ekonomia «itotzea» eta «eskasia eta ezegonkortasuna» sortzea dela ohartarazi du. Herrialdea «higatzea», alegia. 

Kubako herriari eskua luzatu nahi dio Euskal Herria Kuba egitasmoak, eta horretarako abiatu dute eguzki panelak erosteko diru bilketa. Acearen hitzetan, uharteak dituen «berehalako premiei» erantzuteko modua da hori: «Egoera zaila bizi duen herri bati elkartasun keinu sinple baina eraginkor bat egin nahi diogu: eguzki energia bidali, argia eta indarra izan ditzaten». 

'Utzi Kubari bizitzen!'

Bilboko Bira kulturgunean egin dute ekimenaren aurkezpena. Diru bilketaren nondik norakoak azaltzeaz gain, kultur arloko hainbat eragile eta sortzailek sinatu duten elkartasun manifestua irakurri du Dana Moyak, Euskal Herria Kuba proiektuko kide eta musikariak. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Bernardo Atxaga, Fermin Muguruza, Itziar Ituño, Jon Maia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, eta Burutik eta Merina Gris musika taldeak. 

Utzi Kubari bizitzen! leloaren pean mintzatu da Moya, sinatzaile guztien izenean. Argi utzi du ez dutela besoak gurutzatuta geratzeko asmorik: «Kultura ez da isilik geratuko gizarte oso bat behar materialen bidez makurrarazi nahi duten politiken aurrean». 

«Kultura ez da isilik geratuko gizarte oso bat behar materialen bidez makurrarazi nahi duten politiken aurrean»

DANA MOYA Euskal Herria Kuba egitasmoko kidea eta musikaria

Gogor egin du Donald Trump AEBetako presidentearen kontra. Bere lehen agintaldian Kubaren kontrako 243 neurri ezarri zituela gogora ekarri du Moyak. Neurri horiek «gogortu» egin zuten 1962an hasi zen blokeoa. Legealdi honetan, berriz, agindu exekutibo bat onartu du, Kubarekin salerosketan aritzen diren edo irla energiaz hornitzen duten herrialdeak zigortzeko. Kubak urte luzez pairatu duen «setioa» areagotu du agindu horrek. 

Egoera horri aurre egiteko kulturak duen indarra nabarmendu du Moyak: «Kulturak zubiak eraikitzen ditu, eta nazioen arteko senidetasuna sendotzen du». Hori dela eta, manifestuarekin bat egiteko deia egin die kontinente guztietako artista, idazle, zinema zuzendari, musikari, akademiko, editore, aktore, zientzialari, kultur kudeatzaile eta kultura arlo guztietako langile denei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA