AETk salatu du Tafallako Udalak ez dituela onartu hizkuntza eskakizunei buruzko Arartekoaren gomendioak

Euskararen aldeko taldeak gogoratu du 137 lanpostu dituela udalak, eta lautan soilik dagoela ezarria euskarazko profila.

Euskarazko hezkuntza publikoaren aldeko festa bat, Tafallan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2023ko urriaren 24a
12:19
Entzun

Administrazioan Euskaraz taldeak kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Arartekoaren bulegoan, Tafallako Udalaren lantaldean ezarritako hizkuntza eskakizunen kontura. Salatu zutenez, 137 postuk osatzen dute Tafallako Udalaren lantaldea, eta horietatik lautan soilik dago ezarria euskara jakiteko betebeharra: haur eskolako hiru hezitzaileen eta Euskara teknikariaren lanpostuetan, zehazki. «Gainerakoetan, euskara merezimendu gisa ere ez da aintzat hartzen», adierazi du Administrazioan Euskaraz-ek, ohar batean.

Arartekoak onartu egin zuen keza hura, eta txosten bat argitaratu zuen. Horretan, Tafallako Udalari gomendatu zion «beharrezko neurriak» hartzeko, «herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea» bermatzeko.

Orain, Administrazioan Euskaraz-ek salatu du Tafallako Udalak ez duela gomendio hori onartu: «Esan du bere egoera soziolinguistikoaren arabera jada bermatua dagoela herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea, Euskara teknikariak itzultzaile lanak egin ditzakeelako. Egia esan, gehiago espero genuen EH Bilduko udal batengandik».

Taldeak gaineratu du Tafalla 2017tik dagoela eremu mistoan, udalak berak hala eskatuta, baina aldaketa horrek ez duela «ekarri ia inolako ondorio praktikorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.