Jende asko heldu da asteotan Euskal Herrira Maliko gerratik ihesi, eta, beren asilo eskariak bideratzeko zain dauden bitartean, kalean bizi beste irtenbiderik ez dute izan horietako askok. Abuztuaren hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) egoitzara eraman zituzten Donostiako Amara Berri auzoan kalean bizitzen ari ziren migratzaileak. Bada, gaur, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du aterpea emango diela Gasteizen dauden hainbat asilo eskatzaileri. Hainbat egoitzatara eraman dituzte, autobusez.
Ongizateko, Gazteriako eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak eman du erabakiaren berri. Gogora ekarri du Jaurlaritzak ez duela eskumenik asilo eskarien gainean erabakirik hartzeko; hain zuzen ere, Espainiako Gobernuaren eginkizuna da hori, Espainiako Poliziaren bidez egin beharrekoa. Asilo eskatzaile horiei aldi baterako irtenbide bat eman nahi diete, ordea.
Jaurlaritzako iturrien arabera, Gipuzkoako zentroetara eraman dituzte migratzaileak orain arte, hala nola Oñatira eta Tolosara, eta Bizkaira ere bai, Berrizera. Toki horietako zenbaitetan, asilo eskariak ebatzi diren heinean, libre geratu dira toki batzuk, eta hara eraman dituzte Gasteizen kale gorrian bizi ziren hainbat asilo eskatzaile.
Denera, Malitik heldutako 50 bat pertsona daude orain Gasteizen kalean bizitzen. Gutxi gorabehera dozena bati eman die gaur aterpea gaur Jaurlaritzak. Gasteizko Udala arta ematen ari zaie gainerakoei, beste hainbat erakunderekin lankidetzan.