Txokolate beroa eta mantak

Gasteizko bizilagun askoren elkartasunari esker, arropa eta janaria dute kalean bizi diren asilo eskatzaileek. Administrazioaren erantzunik eza salatu dute auzokideek: «Pertsona gisa artatuak izatea eskatzen dugu».

Janari eta arropa bilketa bat Gasteizko Salburua auzoan asilo eskatzaileentzat. BERRIA
Janari eta arropa bilketa bat Gasteizko Salburua auzoan, asilo eskatzaileentzat. BERRIA
Edurne Begiristain - Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2025eko urriaren 1a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oztopoz jositako bide luzea egin behar dute migranteek Europara iristeko, eta Gasteizen are eta traba gehiago topatu dituzte. Hotza da horietako bat. Bufanda, txano eta lumazko jaken artean neke aurpegiak ikusten zaizkie gaua kale gorrian igaro dutenei. Hala esan behar baita: gaua igaro dutela, eta ez bertan lo egin dutela. Denek diote nekez egiten dutela lo, hotzagatik eta hezetasunagatik.

Hotzetik babesteko bertaratu den bizilagun batek esan du egunero pasatzen dela bertatik eta txokolate beroa ematen diela. Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ere arropa eta janari bilketak antolatu ditu haiei emateko. Euritik babestea zail egiten zaie, portxeak ez baitu askorik estaltzen. Egunero eurengana laguntza eskaintzera joaten diren bizilagunek komentatu dute arkupea zerbaitekin estaltzea pentsatzen ari direla, euritik apur bat babes daitezen.

Janire —ez du abizena eman nahi izan— Aranbizkarra auzoko bizilaguna da, eta bera izan zen lehenetarikoa oinarrizko laguntza ematen: «Bikotekidearekin hasi nintzen mantak eramaten, eta ikusi nuen beste batzuk ere gauza bera egiten ari zirela. Batzuek ogitartekoak, besteek afariak, arropa… horrela sortu genuen Whatsapp taldea, txandetan antolatzeko».

Marta Vazquez ere ia egunero joaten da migranteengana laguntza ematera. Haserre mintzo da administrazioaren erantzunik ezaren gainean: «Bi hilabete pasatu dira, eta ez dute ezer egin. Egunero ikusten dut polizia etxearen eraikina ia hutsik dagoela, eta ezin dut ulertu. Hemen kanpoan lo egiten duten bitartean, eraikin oso bat dago hutsik».

Horren begi bistakoa ez den beste oztopo handi bat ere badute, hotza baino traba gehiago eragiten dizkiena: hizkuntzarena. Izan ere, iritsi berriek frantsesez dakite, baina gehiengoak ez daki ez gaztelaniaz, ezta ingelesez. Parean daukaten polizia etxeko tramite guztiak gaztelaniaz egiten dizkiete, eta interprete edo itzultzaileen menpe bizi dira. Auzokideek azpimarratu dute prozedura burokratiko luzeak eta hizkuntza oztopoak direla migranteen eguneroko arazo nagusietako bat: «Paper ofizialak gaztelaniaz ematen dizkiete; gutxienez frantsesez egon beharko lukete. Gehienek ez dakite gaztelaniaz, eta horrela ezin dute prozesua behar bezala ulertu», azaldu du Vazquezek.

«Egunero ikusten dut polizia etxearen eraikina ia hutsik dagoela, eta ezin dut ulertu. Hemen kanpoan lo egiten duten bitartean, eraikin oso bat dago hutsik»

MARTA VAZQUEZ Bizilaguna

Zaramaga auzoko Lonja Solidarioa proiektuko kide da Jon —ez du abizena eman nahi izan—, eta azken asteetan batu egin da elkartasun sarera: «Bi koltxoi eta manta batzuk ekarri ditut, baina, euria hasten duenean, koltxoiek ez dute ezertarako balio lur hezean, hotzak arnasketa arazoak ekar baititzake». Gasteizko San Andres gizarte etxeak dutxak ireki zituen une batez, baina hango baldintzekin haserre daude auzokideak: «Goizeko zortzietatik hamarrak arte erabili zitzaketen, eta baimen berezia eskatu behar zuten. Dutxa bat hartzeko baimena… lotsagarria da», salatu du beste auzokide batek.

Dela edari bero bat ematea, dela etxea biltegi funtzioetarako edukitzea, dela arropa garbitzea, edo hizkuntzarekin laguntza eskaintzea; herritarrak egiten ari dira hori guztia. Migranteei ahal duten moduan laguntzen dietenek eskakizun bera dute: erakunde publikoek inplikatu egin behar dute. «Guk eramaten dizkiegu mantak eta janaria, baina instituzioek erantzun behar lukete: leku duin bat behar dute negua pasatzeko», kexu da Janire.

«Guk eramaten dizkiegu mantak eta janaria, baina instituzioek erantzun egin behar lukete: leku duin bat behar dute negua pasatzeko»

JANIRE Bizilaguna

Maliko migranteak kalean daudela, Gasteizko herritarren elkartasunak apur bat samurtu du haien itxaronaldia, baina ez da aski. Vazquez: «Laguntza humanitarioa orain behar dute, berehalako janaria eta manta beroak, negua gero eta gertuago dago eta. Ez dugu etxebizitzarik eskatzen, pertsona gisa artatuak izatea baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.