Agirre lehendakaria oroitu dute Euskal Diasporaren Egunean, Donibane Lohizunen

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariak erbestean egindako bidea kontatu dute, haren egunerokoan oinarritutako antzezlan batean. Imanol Pradalesek gorazarre egin dio diasporari, eta funtsezkotzat jo du etorkizunerako ere.

Pradales eta Agirre, Donibane Lohizunen, Euskal Diasporaren Egunean. GUILLAUME FAUVEAU
Pradales eta Agirre, Donibane Lohizunen, gaur, Euskal Diasporaren Egunean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Donibane Lohizune
2026ko irailaren 8a
21:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Antonio Agirre lehendakariak hitza hartu du astearte arrats honetan Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Tanka ikusgarri gelan. «Nonahi zaudetela, denok gara herri honen katebegi. Irabaz dezagun elkarrekin etorkizuna». Adimen artifizialarekin egindako bideo baten bidez hezurmamitu dute Agirre Euskal Diasporaren Egunean, eta hark egin dio harrera Imanol Pradales gaur egun Jaurlaritzako lehendakaria denari. Bien arteko elkarrizketaren lekuko izan dira bertaratu direnak. «Jakizu demokraziaren zentzu izugarri batekin askatasun nahiak gidatzen zaituztela jakiteak eta gure hizkuntzaren eta kulturaren biziraupenaren alde lanean jarraitzen duzuela ikusteak asko pozten nauela», esan du Agirrek. Jarraian, «euskal komunitate globalari» buruz duen iritziaz galdetu dio Pradalesi. Munduan zehar diren gerlei eta autoritarismoaren eta populismoen gorakadari erantzun egokia eman behar zaiela erran du Jaurlaritzako buruak, eta horretarako diasporaren laguntza ezinbestekoa dela erran du. «Euskaldunok ez dugu sinesten mundu itxi batean, mundu ireki batean baino». Horretarako «aliantzak» osatu behar direla erran du. «Gu bezala pentsatzen duten herriekin», zehaztu du.  

Jende andana bildu da Donibane Lohizunen, Izan ginen, bagara eta izango gara lelopean egin duten ekitaldian, horien artean Eusko Jaurlaritzako sailburu gehienak eta EAJko arduradun anitz. Baina baita Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta beste hainbat erakundetako ordezkariak ere. Agirre lehendakariaren hilobian lore eskaintza egin dute lehenik, haren senideekin. Ondoren, Agirreren egunerokoan oinarritutako antzezlana eman dute, faxistak Euskal Herrira sartu ondoren izan zuen erbestea kontatuz, musikaz, dantzaz eta kantuz hornitutako ikusgarrian. 

Bukaeran, Agirre lehendakariarekin elkarrizketa izan ondotik, Pradalesek hartu du hitza, eta euskal diasporaren eginkizuna aldarrikatu du, «memoria kolektiboaren ezinbesteko zati eta Euskadi Globala eraikitzeko funtsezko laguntzaile» gisara. «Erabakigarria izan zen urte zailenetan Euskadiren nortasuna, euskara, kultura eta zilegitasun demokratikoa bizirik mantentzeko». Pradalesek nabarmendu du lotura hori eguneratu egin behar dela eta «bi norabideko bide» bihurtu behar dela, «Euskadi» aukera berriekin konektatzeko gai izan dadin enpresa, talentua, zientzia eta kultura bezalako esparruetan.

Diasporaren ekarpena

EH Bilduk mundu osoan zehar bizi diren euskal herritarrei «aitortza eta esker ona» adierazi dizkie ohar batean, Euskal Herriaren nortasuna, kultura eta komunitate sarea bizirik mantentzeko egiten duten lanagatik. Nabarmendu dute Euskal Herria historikoki herri migratzailea izan dela, eta gaur egun ere milaka euskal herritar bizi direla atzerrian. Horien guztien ekarpena «funtsezkotzat» jo du, Euskal Herriaren «errealitatea eta balioak munduan zehar zabaltzen laguntzen dutelako».

Lehenengo topaketa egin dute Pradales eta Iriart lehendakariek

Pradalesen lore eskaintza Agirre lehendakariaren hilobian, Iriart atzean duela. IREKIA
Pradalesen lore eskaintza Agirre lehendakariaren hilobian, Iriart atzean duela. IREKIA

«Elkarren ezagutza egin dugu». Hitz horiekin laburbildu du Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin egin duen bilkura. Donibane Lohizuneko Tanka gelan bildu dira, Euskal Diaspora omentzeko ekitaldiaren aurretik; bukatzean ez dute hitz egindakoaz adierazpenik egin nahi izan. Apirilean Iriart hautatu zutenetik lehen aldia zen bi agintariak buruz buru elkartzen zirena.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA