Espainiako Gobernuak berean jarraitzen du, eta Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak berretsi du ez duela beteko Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren kontra eta Ines del Rio Pradaren alde emandako epaia. Alferrik ari da, ordea. Euskal presoen abokatuek argi daukate: Estrasburgok «hiltzeko ziztada» eman dio Parot doktrinari, eta azkenean Espainiak ez du hura indargabetzea beste erremediorik izango, «agonia luzatzen» saiatzen ari den arren. Del Rio eta 197/2006 doktrinarekin preso dauden guztiak berehala askatzeko exijitu dute abokatuek.
Del Rio «ahalik eta azkarrena» libre uzteko eta hari 30.000 euroko kalte-ordaina emateko agindu zion Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiari, asteartean, Parot doktrina aplikatuta haren oinarrizko eskubideak urratu direla salatuta. Doktrina atzerako eraginez ezarri zaiola salatu du Estrasburgok, eta, gainera, doktrina horrek indargabetu egiten dituela erredentzioak. Erabakiaren kontrako helegitea iragarri du Espainiak, eta esan du ebazpenik ez duela beteko epaia finkoa izan arte. Hiru hilabeteko epea du helegitea jartzeko.
Ibilbide laburreko helegitea
Baina helegite horri ibilbide motza ikusten diote abokatuek, etahori Espainiako Gobernuak ere badakiela ohartarazi dute. Hala esan zuten atzo Ines del Rioren abokatuAmaia Izko eta Didier Rougetek, eta beste euskal preso batzuen abokatu Ainhoa Bagliettok eta Alfonso Zenonek, Donostian emandako prentsaurrekoan. Helegitearen helburu bakarra Ines del Rio preso mantentzea dela uste dute. «Ez du argudio juridikorik. Epaia ez zaio gustatu, eta horregatik jarriko du helegitea argudiorik eduki ez arren».
Hainbat presoren askatasunerako eskubidea urratzen ari dela ohartarazi dio Estrasburgok Espainiari, 197/2006 doktrina ezarrita giza eskubideen hitzarmeneko 5. eta 7. puntuak urratzen dituelako. Eskubideak urratzen dituela jakitun izanda ere, horretan jarraitzea salatu dute abokatuek: «Nola da posible eskubide urraketarekin jarraituko dutela esatea?», galdera egin dute. «Zer ardura mota da hori? Oinarrizko eskubideak arbuiatu egiten dituela erakutsi du Espainiak». Izkok salatu du «astakeria handia» dela jakinaren gainean eskubideak urratzen jarraitzea, eta «arduragabekeria» ere badela.
Ez dago oso argi Espainia legalki behartuta dagoen Estrasburgok emandako ebazpena betetzera. Didier Rougetek baietz uste du. Giza Eskubideen Hitzarmena sinatuta dauka Espainiak, eta haren 41. artikuluak esaten du sinatzen duten estatuek konpromisoa hartzen dutela Estrasburgoren ebazpenak betetzeko, epaia finkoa denean.
Estrasburoko Auzitegiak Parot doktrinari buruz eman duen aurreneko epaia da asteartekoa. 2008an jarri zuten helegitea del Rioren abokatuek, eta lau urte behar izan dituzte ebazten. Orain, ez dago beste helegiterik Estrasburgon, baina Konstituzionalak Parot doktrina jartzea berretsi duen 30 kasu ingururekin hara joatekoak dira abokatuak. Kasu horiek azkarrago aztertzea espero dute, astearteko epaia ikusita, haien guztien eskubideak ere urratzen ari direlako, eta hori «larria» delako: «Urgentziaz landu behar dira».
Ezker abertzalearen irudiko ere, Espainia derrigortuta dago ebazpena betetzera, eta halaxe egiteko eskatu du Maribi Ugarteburu bozeramaileak.
Helegiteak aurrera egingo duela azpimarratu du, ordea, Gallardonek. Estrasburgoko bost magistratuk erabakiko dute hala gertatzen den edo ez, eta onartzen badute, Areto Handiak berrikusiko du asteartean Areto Txikiak emandako erabakia. «Epaia ez da irmoa, eta beraz, ez daukagu zuzenean aplikatu beharrik».
Euskal presoak
Agonia luzatu arren 'Parot doktrina' hil egingo dela uste dute abokatuek
Jakinaren gainean eskubideak urratzen jarraitzea «astakeria» eta «arduragabekeria handia» dela salatu dute abokatuekDel Rio eta egoera berean dauden presoak berehala aske uzteko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu