Agustin Azkarate arkeologoari eman diote ikerkuntzako Euskadi saria

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, punta-puntakoak dira «arkeologia ikasketak bultzatzen egindako lana» eta nazioartean lortutako «garapena eta proiekzioa».

Agustin Azkarate. JOESE MARIA PEMAN
Agustin Azkarate. JOESE MARIA PEMAN
kristina martin
2026ko ekainaren 5a
17:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agustin Azkarate (Elorrio, Bizkaia, 1953) EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologia Saileko katedradunari eman dio Eusko Jaurlaritzak 2025eko ikerkuntzako Euskadi saria, «arkeologia ikasketak bultzatzen egindako lanagatik, eta punta-puntako garapena eta proiekzioa lortzeagatik».

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ohar batean nabarmendu ditu Azkaratek saria jasotzeko biltzen dituen merezimenduak: «EHUn ikerketa talde eta egitura egonkorrak sortzeko duen inplikazio pertsonala» eta «haren ibilbide akademiko osoan zehar etengabe hartutako konpromisoa». Horrekin batera, aintzat hartu dituzte Azkarateren «zientzia lanak eta sustatu dituen aliantza akademiko eta instituzionalek nazioartean jaso duen aitorpena».

Santa Maria katedralean egindako esku hartzea

Bestalde, epaimahaiak goraipatu egin ditu «lan zientifiko bikaina» eta «ikerketa ibilbide sendoa eta arkitekturaren arkeologiari egindako ekarpen erabakigarria». Gasteizen eta bereziki Santa Maria Katedralean egindako esku hartzea nabarmendu dute.

Hori ez ezik, gogorarazi dutenez, kolonizatu aurreko eta ondorengo Amerikari buruzko ikerketa arkeologikoak egin ditu; eta aipamen berezia egin dute Argentinako eta Kanadako euskal herritarren eta indigenen kokalekuen aurkikuntzei buruz. «Ikerketa horrek Euskadin izan duen eragina oso garrantzitsua izan da, batez ere euskal kultura ondarearen kontserbazioaren eta balorizazioaren esparruan», esan dute.

Agustin Azkarate Arkeologiako katedraduna da EHUn 1999tik, eta lau hamarkada baino gehiago eman ditu irakaskuntzan eta ikerketan. Euskal Herriko arkeologia kristauari buruzko tesia idatzi zuen –Ignacio Barandiaranek zuzendu zion–, eta ikerketa egonaldi ugari egin ditu Europan eta Amerikan. 300 ekarpen zientifiko baino gehiago ditu, eta, saria eman diotenen arabera, «nazioarteko erreferente nagusietako bat da arkitekturaren arkeologiaren arloan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE