Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k gaur abiatu du Kontseilu Hiritarra —zuzendaritza organoa— aukeratzeko primarioen prozesua, alderdiak berak ohar batean adierazi duenez. Hilaren 24an argitaratuko dute hautagaientzako araudia eta protokoloa, eta ekainaren 19an ezagutaraziko dute zuzendaritza berria.
Bozketak alderdiaren partaidetza atariaren bidez egingo dituzte, eta segurtasun neurri gisa, eztabaidak bideokonferentziaz antolatuko dira.
Honakoak dira prozesuaren data esanguratsuenak:
Ekainaren 5era arte: dokumentuak egiteko epea.
Maiatzaren 24tik 28ra: banakako hautagaitzak aurrez inskribatzeko epea.
Maiatzaren 30etik ekainaren 3ra: abal pertsonalak eta kolegiatuak jasotzeko eta inprimaki bidez aurkezteko epea.
Ekainaren 7a: zerrenden eta hautagaitzen behin-behineko argitaratzea. Bi egun geroago, behin betikoa.
Ekainaren 9tik 17ra: kanpainaren epea.
Ekainaren 12tik 17ra: bozketa telematikoak.
Ekainak 19: emaitzen argitaratzea.
Lander Martinez idazkari nagusi ohiak otsailaren 27an eman zuen dimisioa, zuzendaritzako beste hainbat kiderekin batera; Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaia aurkezteko primarioetan, Martinezen taldeak Rosa Martinez babestu zuen, baina Miren Gorrotxategi nagusitu zen. Gorrotxategik botoen % 56,26 lortu zituen (1.519 boto), eta Martinezek, % 43,74. Dimisioa eman eta gero, Martinezek jakinarazi zuen bere taldea ez dela aurkeztuko zuzendaritza berria aukeratzeko prozesura.
Alderdia sortu zenetik, lan nekeza izan da alderdiaren EAEko adarraren kudeaketa. Roberto Uriarte izan zen aurreneko idazkari nagusia, baina dimisioa eman zuen 2016an, Madrilgo zuzendaritzarekin kexu. Nagua Albak hartu zuen haren lekukoa, baina hark ere dimisioa eman, eta 2017ko abendutik zen Martinez alderdiko burua. Hark ere tirabirak izan ditu, ordea, Pablo Iglesiasekin; besteak beste, Espainiako Gorteetarako iazko hauteskundeen zerrenden osaketak haserrea piztu zuen Martinezen taldean. Antikapitalistak ere Podemosetik eta Ahal Dugu-tik irten ziren otsailean, PSOE-Unidas Podemos gobernuarekin kritiko. Kohesio lan handia zain izango du hurrengo idazkari nagusiak.