Euskal Autonomia Erkidegoko Ahal Dugu-k biziberritu egin nahi du, eta, zuzendaritza aldatu ondoren, «ideario politikoa gaurkotzeko» urratsa egingo du jarraian, udazkenean antolatuko duen alderdiaren kongresuan. Richar Vaquero koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, militantzia izango da protagonista proiektu politikoa berritzeko prozesu horretan. Ahal Dugu-k uste du «Euskadin azken urteotan izan diren errealitate politiko eta sozial aldakorrei erantzuteko» gaurkotu behar dituela helburu politikoak, baina, edonola ere, bakarrik eduki politiko horiek jarriko dira aztergai eta erabakigai, eta ez zuzendaritza izendatu berria. «Proiektua ez da goitik inposatuko, behetik gora baizik. Prozesu demokratikoa, irekia eta erabilgarria izango da», nabarmendu du Vaquerok.
Zuzendaritza berriak oso argi dauka zein duten gaur egun helburuetako bat: «Baliagarriagoak, indartsuagoak eta eraginkorragoak izatea». Xede hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoan onartu berri den zerga berrikuspenarekin lotu du Ahal Dugu-ko buruak. EAJren eta PSE-EEren Arabako eta Gipuzkoako foru gobernuei behar zuten babesa eman diete moreek, berrikuspena aurrera atera zedin: «Podemosek adosten duenean, onurak gehiengoarentzat dira. Zerga akordioak oso ondo laburbiltzen du gure jardun politikoa: gehiengoaren alde, ez gutxi batzuen mesedetan».
Zergak eta indar baliagarriak
Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeen ostean, Ahal Dugu ordezkaririk gabe geratu zen ganberan, zituen seiak galduta, baina 2023ko udal eta foru bozetan lortu zituen batzarkide batzuk Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, horiei esker, «indar baliagarri» gisa azaltzeko parada izan du alderdi moreak, zerga erreforma onartzeko ezinbesteko indar gisa azalduta. Edonola ere, zuzendaritza berriak badaki lan handia egin beharra duela «ilusioa berreskuratzeko» eta hurrengo hauteskundeetan emaitzak hobetzeko.
Besteak beste, eskuin muturarren erronkaren aurrean ezkerreko alderdi konfederalak ez du etsiko, Vaqueroren hitzetan: «Eraldatzera goaz». Hala, prozesu horrek udazkenean izango du mugarri nagusia, alderdiaren Kongresu Politikoarekin. «Ez da tramite organiko hutsa» izango, helarazi dutenez, baizik «inflexio puntu bat». Militanteek «protagonismoa» berreskuratzea nahi du Vaquero buru duen zuzendaritzak, entzuketa prozesu handi bat eginez, sindikatuak eta talde sozialak ere joanda. «Eztabaidak ireki nahi ditugu, proposamenak entzun, ideiak kontrastatu eta proiektu kolektibo bat elkarrekin eraiki».
«Eztabaidak ireki nahi ditugu, proposamenak entzun, ideiak kontrastatu eta proiektu kolektibo bat elkarrekin eraiki»
RICHAR VAQUEROAhal Dugu-ko koordinatzaile nagusia
Baina ideario politiko horren ardatz nagusiak erabakita daude jada. Feminismoa, ekologismoa, errepublikanismoa eta justizia soziala dira habe horiek. Hori da Kongresuan sendotu nahi duten norabidea. Eta hori guztia «aliantza sozialetan eta akordio politiko erabilgarrietan oinarritutako estrategiarekin» gauzatzeko asmoa dute.
Ez dago Sumarri begira
Zalantzarako tartetik ez du utzi Ahal Dugu-k aliantza horien egungo lehentasunei begira: ez du aurreikusten, oraingoz, espazio konfederal bereko gainontzeko indar politikoekin egin daitezkeen bat egiteak bultzatzea. «Sendotzeko garaia» du orain alderdi moreak, berpiztekoa. «Indarren baturak» egitera deitu du Vaquerok, baina batura horri mugak jarrita, soilik aipatu baititu mugimendu sozialak, sindikatuak, auzo elkarteak, talde ekologistak, talde feministak eta etxebizitzaren aldeko kolektiboak.
Izan ere, Ahal Dugu-k etorkizunari begira ez du izan nahi «oposizioko alderdi iraunkor bat», ezta garrantzirik gabeko marka bat ere. Zerga arloan jeltzaleekin eta sozialistekin egindako akordioa gogoan, «erabakigarriak izaten jarraitu» nahi dute, eta udazkeneko kongresuan ateak irekiko dizkiote «eztabaidari, pentsamendu kritikoari eta eraikuntza kolektiboari», betiere iragan hurbilean galdutako babes handia berreskuratzeko bide orrian.