Adiskideen kontakizunak aditu ondoren jesarri dira elkarren albora Laura Arroyo, Lucia Mbomio eta Maryorit Guevara kazetariak, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak antolatutako Sareginak jaialdiaren harira, Kontakizuna lehiatzea: kazetaritza eta arrazakeriaren aurkakotasuna atzerakada garaian izeneko solasaldian. Nork bere bizipenetatik hitz egin du, elkarteko kide Marta Garcia Teranen eskutik, baina ardatz beraren bueltan aritu dira hiruak, eta irmoki salatu dute ahots arrazializatuek komunikabideetan duten ez-lekua.Â
«Arnasa sakon hartzea» ahalbidetzen duen espazio batean bildu dira hiru kazetariak, akituta egonda ere lanean jarraitzera hauspotzen dituena, Arroyoren arabera. Sorterrian urte luzez ofizioan aritu arren, Espainiara iritsi eta zortzi urtez ezin izan zuen kazetari gisa jardun; Canal Red telebista kateko El tablero tertulia saioko zuzendaria da egun, baina aritu izan da beste zenbait lekutan ere, hala nola Espainiako telebista publikoan. «Migrazio gaien inguruan ez ezik Espainiako gertakari politikoen inguruan ere hitz egiten duen aurreneko migrante arrazializatua naiz, eta horrek agerian uzten du zenbaterainokoa den ahots arrazializatuon ordezkaritza falta».Â
«Espainiako gertakari politikoen inguruan hitz egiten duen aurreneko migrante arrazializatua naiz, eta horrek agerian uzten du zenbaterainokoa den ahots arrazializatuon ordezkaritza falta»Â
LAURA ARROYOÂ Kazetaria
Euskal Herriko zein Espainiako komunikabideak, oro har, zuriak baitira: zuriak horien lantaldeak osatzen dituztenak, eta zuria horien ikuspuntua. Gorputz arrazializatuak ager daitezke noizbehinka, eta, tarteka-tarteka, egoten dira lerroburuetan eta albistegietan; baina aldi baterako soilik, Mbomiok salatu duenez. Eta agertze hutsak ez du zertan lanketa antirrazista eta dekolonial bat bermatu. «Masa bat gara, eta etengabe deshumanizatzen gaituzte. Atlantikoa eta Mediterraneoa hilerri bihurtu dira, beldurgarria da, eta normalizatu egin da; bazkalorduan telebista aurrean jarri eta jendea nola itotzen den ikustera ohitu gaituzte».Â
Euskal Herrian eta Espainian bizi diren pertsona beltzei eta migranteei beti bazterreko eta beti kanpoko direla iriztera daraman kontzeptu bat azaldu du Mbomiok: iritsi berriaren errelatoa. «Beltzok beti gara heldu berriak, berdin du zenbat denbora daramagun hemen, zoriondu egiten gaituzte bertako hizkuntza ondo hitz egiteagatik». Aurreiritzi horri buru egiteko xedez, Afromayores izeneko proiektu bat du, non 65 urtetik gorako pertsona beltzak elkarrizketatzen dituen. Elkarrizketa horietan bildutako kezken eta beldurren harira, hausnarketa bat plazaratu du: «Pertsona horiek ba al dute zahartzaroan espazio publiko seguru baten bermerik?».Â
«Beltzok beti gara heldu berriak, berdin du zenbat denbora daramagun hemen, halere zoriondu egiten gaituzte bertako hizkuntza ondo hitz egiteagatik»
LUCIA MBOMIOÂ Kazetaria eta idazlea
Muturreko indarkeriatik ihesi migratu zuen Guevarak. Atzean utzi zuen Nikaragua, eta baita han eraikitako lan ibilbidea ere: «Hemen, espazio askotan ez naiz existitu ere egiten, ez naiz inor, eta hori benetan da mingarria gutako askorentzat». Ikasketak homologatzeko traba burokratikoak salatu ditu, baita emakume migratzaile askok pairatu behar dituzten lan baldintza prekarioak ere, zeintzuk arrazakeria «basati» batek sostengatzen dituen. «Bertako hedabideetan lan egin nahi dugu, kontakizuna irauli, baina horretarako gure espazio propioak eraiki behar izan ditugu, eta hori da bidea: indarrak batzea eta sistemaren aurka borroka egitea».Â
Jatorri askotariko entzuleei mintzatu zaizkie Arroyo, Guevara eta Mbomio, eta hiruek nabarmendu dute arrazakeria ez dela oraingo kontua, eta ez duela ultraeskuinak sortu. «Komunikabideetan lanean hasi nintzenean, pentsatu nuen nire atzetik beste hainbeste emakume migrante ailegatuko zirela lanpostu hauetara, eta ni bakarrik nago oraindik ere. Finean, ez diogu uzten kuota bat izateari», adierazi du Arroyok. Eta gehitu Mbomiok: «Arrazializatuoi maiz eskatzen zaigu gure miseriak eta zauriak azaltzeko, baina ez dugu beti gure bizitzen inguruan hitz egin behar, noiz galdetuko digute zer nahi dugun? Zeren inguruan hitz egin nahi dugun?».
Errelatoaren hegemonia
Hitza nork hartzen duen bezain adierazgarria da gertakizunak nola kontatzen diren. Komunikatzeko eta kazetari izateko moduez galdetu diote Arroyori, eta hark argi erantzun du: «Egia esan behar dugu». Egia esatea ez da, ordea, neutroa izatea. Hala uste du Arroyok, eta kazetari ez ezik, ekintzaile ere badela nabarmendu du: kazetari ekintzailea. «Nekatuta nago besteen gezurrak argitzeko lan egiteaz, nire jarduna ez da besteen fake news-ak gezurtatzea. Kazetaritza ez da neutroa, neutraltasuna ez da existitzen; batzuen kazetaritza hegemonikoa da, eta besteona hegemoniaren kontrakoa».Â
«Bertako hedabideetan lan egin nahi dugu, kontakizuna irauli, baina horretarako gure espazio propioak eraiki behar izan ditugu»
MARYORIT GUEVARA Kazetaria
Harekin bat egin du Guevarak, eta azpimarratu kazetariak «zaindu» egin behar duela; zaintza oinarri hartuta egin behar duela lan: «Ez genuke iturriez hitz egin beharko, pertsonez baizik, konpromiso etiko bat baitaukagu hitz egiten dugun jendearekin». Horrenbestez, sentsazionalismoa eta morboa alde batera uzteko deia egin du, batez ere migratzaileen inguruan aritzerakoan, eta beren diskurtso eta kontakizun propioak helarazteko gaitasuna duten agente aktibotzat jotzeko galdegin, haiei buruz hitz egitea baino hobe baita haiei hitz egiten uztea.Â