AHT Gelditu taldeak «tren lasterraren aldeko mafia» salatu du, Nafarroako Enpresaburuen Elkargoko egoitzara igota

Nafarroako patronalaren Iruñeko egoitzara igo, eta kateekin lotu dira ekintzaileak. Espainiako Poliziak jaitsarazi eta identifikatu egin ditu.

AHT Gelditu taldearen protesta, gaur, Iruñean. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz - Xabier Martin
2026ko martxoaren 24a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

AHT Gelditu plataformak abiadura handiko trenaren zabalkundearen aurka protesta egin du gaur Iruñean, eta plataformako bi ekintzailek, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoaren egoitzako markesina batera igo, eta pankarta bat zabaldu dute han: «AHTren mafia desobeditu» irakurtzen zen oihalean. Elkarri lotu kateekin, eta tren lasterraren aurkako leloak abesten hasi dira. Eraikinaren aurrealdean, berriz, beste zenbait ekintzaile jarri dira, «AHT Stop» leloa zeraman pankarta batekin. «Lurra da etorkizuna», «herririk gabe bizitzarik ez» eta «ez, ez, ez, AHTrik ez» abestu dute behin eta berriro.

Protesta hasi eta minutu gutxira bertaratu da Espainiako Polizia, eta jaisteko agindu diete manifestariei. Bi ekintzaileak eraikinaren barrualdera pasaraztea ezinezkoa zela ikusita —leihoak ezin baitziren erabat zabaldu—, poliziek galdetu diete ea prest ote ziren beren kabuz jaisteko. «Jaitsi? Ez, arriskutsua da. Eror gaitezke», erantzun diete. Eskailera bat ere eskaini diete horretarako, baina ekintzaileek uko egin diote protesta uzteari.

Azkenerako, poliziak igo dira markesinara, eskailera bat erabiliz, eta kateak moztu dizkiete. Horrekin batera, zeramaten pankarta kendu eta eraikinetik jaitsarazi dituzte.

AHT Geldituk ohar bat banatu du bertan bildutako kazetarien artean. Azaldu dute Nafarroako AHTaren Aldeko Plataforma bildu dela gaur Nafarroako Enpresaburuen Elkargoaren egoitzan, «AHTaren ibilbidearen lehen urtea ospatzeko». Salatu dute plataforma hori «gobernuak estu hartzeko lobby bat» dela, eta «obrak bizkortzea» duela xede. Bada, AHT Geldituk «desobedientzia» aldarrikatu du, eta plataforma horri «mozorroa kentzeko lanean» jarraituko duela ohartarazi, «hura baita Nafarroan itzaletik AHTaren hariak mugitzen dituen mafia».

AHTaren sustatzaileen artean dira Nafarroako Enpresaburuen Elkargoa, Nafarroako Merkataritza Ganbera, Institucion Futuro erakundea, UGT sindikatua, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkartea, Irache kontsumitzaileen elkartea eta Osasuna futbol taldea. Gaur eguerdian egitekoa zuten bilera, patronalaren egoitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!