Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Leitzarango autobiaren aurkako borrokaren sugarren abaroan hasi ziren zabaltzen AHT abiadura handiko trenaren aurkako mugimenduaren lehenengo txinpartak. 1993. urtean sortu zen AHTaren Aurkako Asanblada, mugimendu autogestionatu eta asanbleario gisa aritzen zena. Ez hastapen beretik, baina pixka bat geroxeago, bat egin zuen batzarrarekin Jaxone Usandizaga andoaindarrak. Gogoan du hastapen haietan ez zela txikia Leitzarango autobiaren aurkako borrokaren aztarna. «Leitzarango autobide proiektua eredu baten ikur ere bazen. Ez zen proiektu solte bat, eta hari horretatik tiraka, eredu desarrollista horren aurkako mugimendu gisa eratu zen AHTaren aurkako asanblada».
Leitzarango autobide proiektuak ika-mika handia eragin zuen, besteak beste, haran horretan egitekoa zen ingurumen kaltearen ondorioz. Mugimendu sozial batzuek landutako Lurraldea Alternatiba onartu zuten agintariek hein batean. Proiektuaren aurkari batzuen artean horrek ez zuen harrera onik izan, eta haserre horrek eragin handia izan zuen AHTaren aurkako mugimenduan hastapen hartan, baita gero ere: «Batzarrean sartu nintzenean, hor bazen aurreko borroketan ibilitako jende ugari, eta oso garbi zuten ez zutela alternatibarik onartuko, ez baitzen proiektua bera arazoa, baizik eta azpian zuen jendarte edo garapen eredua: herriak abandonatzea hiriburuen alde, esaterako. 20 urteren ondoren, ikusten dugu nola ari diren lehendik zeuden trenbide azpiegiturak abandonatzen».
«Batzarrean sartu nintzenean, oso garbi zuten ez zutela alternatibarik onartuko, ez baitzen proiektua bera arazoa, baizik eta azpian zuen garapen eredua: herriak abandonatzea hiriburuen alde, esate baterako»
JAXONE USANDIZAGA AHTaren Aurkako Asanbladako kidea
AHTaren aurkako batzarraren lehen lanak izan ziren informazioa lortzea, eta AHTa pasatzekoa zen herrietako eragileak ohartaraztea. Horrekin batera, kanpaldi bat antolatzen hasi ziren 1996an, proiektuarekin lotura zuen herriren batean betiere. Informazioa zabaltzeko lan horretan jarri ziren harremanetan hasierako asanbladako kideak Deba Bailarako eragileekin, besteak beste, Mila Elorza Bergarako Angiozar auzoko alkatearekin. Egitasmoaren lehen hotsak entzuten hasi zirenean, bila hasi eta hala azaldu zitzaien Angiozarrera Mikel Alvarez asanbladako kidea. «Udalak, diputazioak eta Jaurlaritzak ez ziguten informaziorik ematen, eta denek zioten ez zutela halakorik. Europaz Gaindiko Sareetatik informazioa jaso eta garbi ikusi genuen Angiozar erdi-erditik pasatuko zela AHTa», gogoratu du Elorzak.
Mugitzen lehenengo kolektiboetako bat EHNE sindikatua izan zen, proiektuak eragin handia izango zuelakoan landa eta nekazari lurretan. XX. mende hondarreko urte haietan Maite Aristegi bergararra zen sindikatuko idazkari nagusia: «Nekazariok mehatxu gisa ikusten genuen proiektua, eta susmo handiak genituen. Ikusten genuen lurraldearen antolaketan sekulako eragina zuela, eta lurra babestu beharrean, beste hozkada bat emango zigula, gainera lurrik onenetan».
Pixkanaka mugitzen hasi ziren eragile horiek, eta, proiektuaren mehatxua aurrera zihoala ikusita, elkarlanerako deia egin zuten. Modu horretan eratu zen AHT Gelditu Elkarlana, 2001eko martxoan. Haren lehenengo lanetako bat informazioa lortzea eta zabaltzea izan zen, Mila Elorza garai hartako elkarlaneko bozeramaileak aitortu duenez. «Guk, berez, informazioa lortu eta zabaldu nahi genuen, proiektuaren inguruan benetako eztabaida publiko bat egiteko baldintzak sortzeko. Baina proiektuaren sustatzaileek horretaz ez zuten entzun ere egin nahi. Hala, taldea sortu eta gutxira, Bilboko Adifen bulegora joan ginen, eta han eskuratu genuen euskal Y-aren proiektuaren dokumentazioa. Atxilotu egin gintuzten horregatik».
Lan mardula egin zuen AHT Gelditu plataformak urte haietan, Elorzak gogoratu duenez: «Orduan Internet ez zegoen orain bezain garatua, eta lan handia egin behar zen txostenak lortzeko, ulertzeko, alegazioak egiteko, jendearengana iristeko, biltzeko... Banaka-banaka joaten ginen baserritarrengana, euren etxe ondotik egingo zuten kaltea azaltzera». Haiek konbentzitzea zaila izan zela aitortu du Aristegik: «Nekazaritza gain behera doan inguru batean zaila zen mugitzea zuzen-zuzenean eragin ezean. Eta, zelan saldu zuten proiektua atzera botatzerik ez zegoela, askok etsi egin zuten».
«Orduan Internetik ez zegoen, eta lan handia egin behar zen txostenak lortzeko, ulertzeko, alegazioak egiteko, jendearengana iristeko, biltzeko...»
MILA ELORZA AHT Gelditu Elkarlana taldeko bozeramailea
Mobilizazioek eta tentsioak, gora
AHT Gelditu Elkarlana taldean bat egin zuten alderdi, sindikatu eta eragile askok, eta, besteak beste, AHTaren aurkako lanari bultzada handia eman zion batasun horrek. Bereziki, mobilizazio jendetsuagoak eta indartsuagoak egiteko ahala eman zion. 2007an Arrasaten egindako manifestazioan, adibidez, 15.000 lagun biltzea lortu zuten. 2011n, Hendaia eta Irun artean ere 15.000 lagun batu ziren, AHT Gelditu Elkarlanak eta CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeak elkarrekin antolatutako mobilizazioan. Usandizagak aitortu du asanblada iristen ez zen gizarte esparruetara iristea erdietsi zuela plataforma horrek: «Asanbladako kide eta herri batzuek errezeloz begiratzen zioten AHT Gelditu Elkarlanari, gu asanblearioak ginelako. Baina, gero, hainbat herritan AHTaren aurkako borrokak hari esker egin zuen aurrera. Mobilizazio gaitasuna nabarmen handitzea ere ekarri zuen. Asanbladak bakarrik ezin zuen hainbeste jende mugiarazi, eta hori talde horri zor zaio».
Mobilizazioa ez zen izan AHT Gelditu taldearen lan ildo bakarra. Hainbat herritan herri galdeketak antolatu zituzten, besteak beste, Elorrion eta Aramaion. Gobernuaren erantzuna ere gogorra izan zen horiekiko. Unai Agirre Aramaioko alkateari zazpi urteko inhabilitazio zigorra ezarri zioten AHTaren inguruko galdeketa bat antolatzeagatik, prebarikazioa egotzita. Prozesuaren amaieran kargugabetu zuten, alkateak berak jarritako helegiteari men eginda, baina prozesua gogorra izan zen. Ezker abertzaleko hauteskunde zerrendak eta alderdiak legez kanporatzen ari ziren garaian izan zen hori: «Galdeketena garrantzitsua izan zen, bultzatzaileak hasi zirelako beldurra sartzen legez kanporatzearen mamuarekin. Horregatik, udalak berak galdeketa zuzenean deitu beharrean, plataformatik hasi ginen deialdia egiten, udal instalazioak erabiliz».
Urbinako segada
Obrak hasi eta hurrengo hilabeteak intentsitate handikoak izan ziren mobilizazioei erreparatuta. Besteak beste, orduan egin zuten proiektuaren aurkariek Gelditour egitasmoa. Cortesen (Nafarroa) hasi eta herriz herri ibili ziren Euskal Herri osoan zehar. 2009ko urtarrilean egin zuten mugarritzat jo daitekeen mobilizazioa: Urbinako obretarako martxa. «Jende pila bat joan zen, eta era guztietakoak: batzuk haurrentzako orgekin, beste batzuk gurpil aulkiekin… Kristoren lana egin zen antolatzeko, zelai haietara iristeko, eta beldurgarria izan zen han topatutakoa. Pertsona jakin batzuen bila zihoazen eurak, ihesbide gisa aurreikusi genituen lekuak ere erabilezinak ziren, helikopteroak zebiltzan, pilotakadak goitik bota zituzten… Jendea asko beldurtu zen, ihes egiten hasi zen, eta sekulako kaosa izan zen». Usandizagak ere gogoan du han gertatutakoa: «Mugarri indartsua izan zen guretzat, jarraitu nahi genuen ildoaren atarikoa nolabait, protesta eta mobilizazioa: jende asko batu ginen, baina errepresioa bortitza izan zen; sator zulo batean sartu ginen, eta egur handia eman ziguten. Hortik aurrera kriminalizazio kanpaina handia etorri zen, eta beldurtzen ere hasi ginen».

Kriminalizazio horren adibide, Ertzaintzaren zirkular bat, zeinak agintzen baitzien agenteei AHTaren aurkako ekintzak terrorismotzat jo eta Auzitegi Nazionalera bidaltzeko. Halaxe egiten saiatu ziren Urbinan atxilotutakoekin. Poliziak atzemandakoen artean zen Imanol Madariaga AHTaren aurkako ekintzailea ere. «Barruan geunden bitartean ez genuen jakin gure auzia Auzitegi Nazionalera bidali zutela. Gero jakin genuen, abokatuekin egon ginenean».
Prozesu gogorra eta luzea izan zen, eta azkenean zazpi hilabete eta urtebete arteko zigorrak ezarri zizkieten sei atxilotuei. Urbinako protesta hura AHTaren aurkako mugimenduaren sinbolo bihurtu zen, eta arrazoia Ertzaintzaren «oldarkerian» ikusten du Madariagak. Baina ifrentzua ere ikusten dio, handik aurrera jaitsiz joan zelako erresistentziaren intentsitatea. «Bide instituzionala bultzatzen zutenentzako helduleku bat izan zen, eta hortik aurrera erabaki zuten protestak baretzea».
Uriaren hilketa
Aste batzuk lehenago ETAk Inaxio Uria enpresaburuaren aurka egindako atentatuak ere eragin handia izan zuen AHTaren aurkako mugimenduan. Elortza: «Durangoko Azokako egunak ziren —Uria 2008ko abenduaren 3an hil zuten—, eta premiazko batzar bat egin genuen Elorrioko udaletxean. Han denetariko iritziak zeuden. Iritzi hain askotarikoak izanda, erabaki genuen jarrera komun bat ez hartzea, baina agerraldi bat egin genuen, eta bereizi egin ginen. Ez zen gure bidea. Gure bidea zen obren aurka egitea, eta desobedientzia zibilaren pultsua gogortzea».
Garbiago azaldu zuen asanbladak bere kontrako jarrera. Usandizaga: «Guk ez genuen begi onez ikusten abangoardia batek gure borroka markatzea; gainera, hasita zegoen kriminalizazio saio bat, eta badakigu zer-nolako aldeak egon ziren delituak egozterakoan».

Gauza bat zela edo bestea zela, nolabait ahultzen hasi zen AHTaren aurkako mugimendua. «Urbinako ekintzaren ostean, gainbehera hasi zen: jendea ahituta zegoen, obrak aurrera zihoazen, kriminalizazio kanpaina martxan zen, eta jendeak adore gutxi zuen. Horren guztiaren ondorioz, Antzuolako kanpaldian asanbladari bukaera ematea erabaki genuen», gogoratu du Usandizagak. 2010. urtea zen.
AHT Gelditu taldearen bidea ere ez zen askoz luzeagoa izan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2010eko hamarkadatik aurrera bereziki Nafarroak eutsi zion mobilizazioari.
Julio Villanueva Nafarroako AHT Gelditu taldeko kideak uste du Nafarroan obrak aurrera eramateko inbertsioa txikiagoa izan dela, eta obren erritmoa motelagoa. «Horrek mugimenduan eragina izan du. Euskal Y-aren azpiegitura oso aurreratuta dago, eta horrek eragin desmobilizatzaile eta psikologiko latza izan du aurkako mugimenduan. Ez da gauza bera ikustea obrak kili-kolo daudela, edo zenbait lekutan hasi ere ez direla egin. Hori gertatu da Nafarroan, adibidez».
«'Euskal Y'-aren
azpiegitura oso aurreratuta dago, eta horrek eragin desmobilizatzaile latza izan du aurkako mugimenduan. Ez da gauza bera ikustea obrak kili-kolo daudela. Hori gertatu da Nafarroan»
JULIO VILLANUEVA Nafarroako AHT Gelditu taldeko kidea
Izan ere, Nafarroan proiektua geldituko den itxaropena bizirik dago oraindik, haren ustez. AHT Gelditu Elkarlanak taldeak ditu Iruñerrian eta Sakanan, baina nabaritu du mugimendua apaltzen hasia dela, esaterako, Sakanan.
Azken bost urteetan, gainera, Nafarroako ardatzaren eta euskal Y-aren loturaren harira, Aralarren egin nahi izan dituzten zundaketen aurkako mugimendua jarri da martxan, Nafarroan ez ezik, Gipuzkoako Goierri eskualdean ere bai. «Bi urte eta erdiz zundaketak atzeratzea lortu dugu, eta nahiko arrakastatsua izan da ekinaldia».
Eztabaidak eta hausturaren bat ere ez dira falta izan. 2010eko hamarkadaren amaieran trenaren aldeko plataformak sortu ziren Araban eta Nafarroan, egungo tren azpiegiturak hobetzeko helburuz. Hasieran, AHT Gelditu Elkarlanarekin batera aritu ziren lanean AHTaren aurka, baina euren alternatiba teknikoa aurkeztu zuten, eta horrek haustura eragin zuen Nafarroan, AHT Gelditu mugimenduak ez baitzuen begi onez ikusi alternatiba teknikoa aurkeztea.
Ipar Euskal Herrian ere nabarmena izan da CADEk urteetan AHTaren aurka egindako lana, bai mobilizazioak egiteko eta baita informazioa zabaldu eta egitasmoari trabak jartzeko ere.