AHTaren aurkako ekintzaile bat atxilotu dute, Iruñeko komisariara bertaratzeko aginduari uko egin ostean

Espainiako Poliziak AHT Gelditu taldeko bi ekintzaileri emana zien zitazioa gaur arratsalderako, eta biek agerraldia egin dute komisariaren parean, iragartzeko agindua desobeditzeko asmoa zutela. Agerraldi horren ostean, ekintzaileetako bat atxiki dute.

Julio Villanueva —mahaiaren erdian—, AHTaren aurkako agerraldi batean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Julio Villanueva —mahaiaren erdian—, AHTaren aurkako agerraldi batean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko maiatzaren 20a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Desobedientzia ariketaren ostean, atxilo. Iragan astelehenean, telefono dei bat jaso zuten Ander Garde eta Julio Villanueva AHT Gelditu taldeko ekintzaileek: Espainiako Poliziaren izenean hitz egiten zuen norbaitek esan zien Iruñeko Chinchilla kaleko komisarian agertu beharra zutela gaur arratsaldean, abokatuarekin batera. Dei horren egileak ez zuen bere burua identifikatu, eta ez zien azalpen gehiago eman nahi izan; soil-soilik jakin beharreko guztia polizia etxean esplikatuko zietela. Horiek horrela, bi ekintzaileek erabaki zuten zitazioari uko egitea eta «desobedientzia eskubidea praktikara eramatea». Gaur, agerraldia egin dute Gardek eta Villanuevak komisariaren parean, «gero eta kezkagarriagoa den polizia praktika hori» salatzeko. Handik minutu gutxira, baina, bi ekintzaileetako bat atxilotu du Poliziak, AHT Gelditu elkarlanak ohar bidez jakinarazi duenez.

AHTaren aurkako ekintzaileek salatu dute Espainiako Poliziak ohitura hartua duela «ikerketapean dituen pertsonei telefonoz deitzeko komisariara joan daitezen, ikerketa auzitegira bidali beharrean». Beste kasu batzuetan, berriz, ikertuak «zuzenean atxilotzen» dituztela esan dute. «Erabat baztertuta behar lukeen jokabide polizial autoritario horren aurrean, bi lagunek erabaki dute komisarian ez agertzea, desobedientziaren eskubide zilegia praktikara eramanez, eta AHTaren aurkako mugimenduaren erabateko babesarekin», azaldu du AHT Gelditu taldeak oharrean: «Atxilotu nahi badituzte, atxilotu ditzatela, baina haiek ez dira beren borondatez joanen». Eta hain zuzen, horixe gertatu da azkenerako, Espainiako Poliziak ekintzaileetako bat atxiki baitu agerraldiaren ostean.

AHTa egitea bera ere «elite kapitalisten inposaketa» dela, eta «indarkeria polizialaren bidez» ezartzen dela gaineratu du AHT Geldituk: «Egin al da parte hartze prozesurik Euskal Herrian inoiz izandako azpiegitura suntsitzaile, xahutzaile eta antisozialenaren inguruan? Noiz galdetu zaio herriari azpiegitura horren beharrari buruz?». Horiek horrela, tren lasterraren aurka borrokan segitzeko deia egin du elkarteak, «baita proiektu hori inposatzen digun sistema kapitalista, polizial eta militaristaren aurka ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA