AHTaren lanak gelditzea galdegiteko manifestu bat sinatu dute Nafarroako 264 eragilek

Dozenaka talde ekologistak, alderdik, sindikatuk eta bestelako eragilek bat egin dute 'AHTaren egitasmoa gelditzeko dei herrikoia' manifestuarekin. Argudiatu dute abiaduran handiko trena baliabide publikoen «xahuketa onargaitza» dela.

AHTaren kontrako elkarretaratzea, gaur eguerdian. SUSTRAI ERAKUNTZA
AHTaren kontrako elkarretaratzea, gaur eguerdian. SUSTRAI ERAKUNTZA
Iosu Alberdi.
2026ko ekainaren 13a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

AHTaren aurkako eta trenaren aldeko Nafarroako taldeek deituta, Iruñeko Burgoen plazan aldarri beraren pean elkartu dira Nafarroako zenbait eragile: Nafar taldeok AHTaren aurka. Manifestu bat aurkeztu dute bertan; hain zuzen, abiadura handiko trenaren obrak behin betiko gelditzeko eskatu, eta nafarren intereseko beste sektore batzuk indartu behar direla aldarrikatzeko. «Mehatxu sozial, ekonomiko eta kultural larria da, ingurumenarentzat eta komunitate honentzat ez ezik, baita planeta osoarentzat ere».

Denera, 264 eragilek sinatu dute manifestua. Horien artean, talde ekologistez gain, alderdi politikoak, sindikatuak, gazte mugimenduak, eragile feministak eta kultur arlokoak daude. Besteak beste, harekin bat egin dute EH Bilduk, Zurekin Nafarroak, EHKSk, Jardunek eta ondorengo sindikatuek: ELA, LAB, CGT, CNT, EHNE, ESK, Etxalde eta Steilas. Horiek, AHTaren egitasmoa gelditzeko dei herrikoia izenburupean, kezka azaldu dute Nafarroako AHTaren aldeko plataformaren sorreraren kontura, «AHTaren eraikuntza sozialki legitimatzen saiatzen» ari direlakoan. 

Kontrara, manifestuaren sinatzaileek «gaitzetsi» egin dute azpiegitura, eta konpromisoa adierazi dute borrokan segitzeko obrek aurrera egin ez dezaten. Horretarako argudio sorta bat ere eman dute. Hala nola eragileek uste dute «krisi ekosozial betean» kalte «konponezina» eragingo lukeela obrak.

Arlo ekonomikoari ere erreparatu diote. Eragileen iritziz, baliabide publikoen «xahuketa onargaitza» da, eta hurrengo belaunaldiei ere eragingo die, ez baitiote errentagarritasun ekonomiko edo sozialik ikusten: «AHTaren eraikuntzaren gastua ez delako inoiz berreskuratuko, eta, are okerrago, galerak ekarriko ditu bidaiari kopuru urriagatik». Are, nabarmendu dute «premiazkoak» diren beste esparru batzuk behar adinako diru sailik gabe geratzen direla diru funtsak AHTaren lanetarako jartzen direlako. «Enpresa eraikitzaile handien, bankaren eta AHTa bultzatzen duten alderdien interesa baino ez du asetzen», salatu dute.

Horiek hala, lanak lehenbailehen gelditzeko eta «kaltetutako lurraldeak lehengora itzultzeko» exijitu dute. Era berean, uste dute gizarte ereduari buruzko eztabaida bat abiatu beharko litzatekeela, eta urratsak egin tokiko ekonomia sustatzeko eta egungo trenbide sarea hobetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE