Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak duela hilabete aurkeztu zuen euskal Y-aren eta Nafarroako AHTaren arteko lotunea egiteko azken aukera: Aralarko parke naturala inguratzea eta Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) lotzea. Bada, Stop AHT Zundaketak ekinaldiko kideek azaldu dute urriaren amaieran hastekoak ziren zazpi zundaketak ez direla hasi oraindik, baina gogorarazi dute bederatzi hilabete izango dituztela horretarako. Bestalde, uste dute berriki aurkeztutako alternatibak ere eragina izango duela ingurumenean, eta zundaketak egitekoak diren herrietako udalei (Beasain, Ataun eta Idiazabal Gipuzkoan, eta Bakaiku Nafarroan) eskatu diete ez laguntzeko lanak egiten eta baimenik ez emateko.
Gainera, Maider Fidalgo plataformako kideak esan du segurtasun pribatuarekin egin asmo dituztela zundaketak, «inguruko udalen eta biztanleen borondatearen aurka». Horrez gain, Goierriko eta Sakanako biztanleei eskatu die adi egoteko, eta «aipaturiko lau herrietako lurretan mugimendu susmagarriren bat antzemanez gero deitzeko plataformaren telefonora (656-71 11 30) eta dagokion udalera».
Proiektuaren kontrako mugimenduko kideek haserrea adierazi dute gaur Idiazabalen egin duten prentsaurrekoan. Patxi Zubiria partaideak nabarmendu du azken urteetan Espainiako, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak «elkarri mokoka» aritu direla, «azpiegitura erraldoi hori ahalik eta mesedegarrien izan zedin bakoitzarentzat».
Azkenean, badirudi hirugarren aukera aterako dela aurrera, eta horregatik baztertu du ministerioak Aralar azpitik pasatzeko zuen plana; hala ere, Stop AHT Zundaketak taldeko lagunek uste dute eragina nahiko antzekoa izango dela: «Ibilbide berria Aralarko parke naturala inguratzeko helburuz sortu bada ere, ingurumen kalteak ia berak izango dira, 22,5 kilometroko tunel bat izan ordez 20 kilometroko tunel bat izango baita», azaldu du Zubiriak. Bestalde, mendebalderago egitea denez asmoa, ibilbideak «bete-betean» zatituko du Aralarko eta Aizkorri-Aratzeko parke naturalen arteko korridore ekologikoa, plataformako kideen ustez.
Protestarako mendi martxa
Zundaketa horiek salatzeko, hilaren 23an, igandearekin, mendi martxa egingo dute Idiazabaldik abiatuta. Goizean goiz abiatuko dira, 09:30ean, herriko plazatik, eta Idiazabal eta Ataunen arteko mugan dagoen Dantzalekura joango dira; ibilbideak hamar kilometro izango ditu.
Mendizaleekin batera izango da Inma Mugerza hidrogeologoa, eta AHTak ingurune karstikoetan sor ditzakeen kalteez arituko da; hori bera jorratuko du, baina sakonago, handik hiru egunera, azaroaren 26an, Ataungo udaletxean hitzaldia emango baitu.
Mendi martxaren egunean izaki mitologikoen pasarte bat ere kontatuko dute, bertako produktuez osatutako hamaiketako bat eskaini, eta trikitilariak eta pandero joleak ariko dira, giroa alaitzeko.