Angula gero eta jaki preziatuagoa da. Gabonetan arrandegietan izaten duen prezioa ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Izan ere, arrisku handian dago aingira, gero eta gutxiago dagoelako, hein handi batean arrantzaren presioarengatik. Espeziea leheneratzeko helburuarekin, Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak iragarri du espeziea galzorian dauden espezieetan sartu nahi duela.
Angulak —aingira gazteak— arrantzatzea debekatzea ekarriko luke neurri horrek, besteak beste. Ministerioak autonomia erkidegoetako ordezkariak deitu ditu otsailaren 17rako, bilera bat egiteko; bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak. Zehazki, Landarediaren eta Faunaren Batzordean eztabaidatuko dute hori.
Kontsumoa mehatxu nagusi
Gizakien kontsumoa da aingiraren mehatxu nagusia, merkatuan oso preziatuak baitira aingira jaioberriak: angulak. Eusko Jaurlaritzak 2023an hasi zuen angulen arrantza profesionalizatzeko prozesua. Horren aurretik, 700 bat angula arrantzale zeuden, baina 150 lizentzia banatzea erabaki zuen gobernuak, eta arrantza ez-profesionala debekatu. Eta negu honen aurretik, 2025eko urrian, aldi baterako debekatu zuten espezie horren arrantza, ikusita espeziearen egoera kritikoa zela eta ez zegoela leheneratze zantzurik.
Euskadiko Angulari Elkarteak auzitara jo zuen urtarrilaren 20an, eta debeku hori bertan behera uzteko eskatu zuen; egun horrek badu bere sinbolismoa, San Sebastian eguna zelako, angulak jatea tradizio den eguna. Iritzi diote tratua ez dela arrantzaren munduko beste sektore batzuenaren berdina, espezieen egoerari buruzko txosten okerragoak dituzten espezie batzuekin ez dutelako berdin jokatzen.
Hala ere, Espainiako ministerioak garbi adierazi du aingiraren egoera ez dela batere ona, eta gehitu du batzorde zientifikoak ere babestu egiten duela neurria. Sara Aagesen, Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak bilera bat egin zuen atzo hainbat sukaldarirekin, angula leheneratzearen aldeko konpromisoa agertu dutenekin. Bertan izan ziren Pedro Subijana eta Andoni Luis Aduriz sukaldariak.