Eusko Jaurlaritzak angularen arrantza debekatu du aldi baterako

Adituen arabera, erakundeek egoerari buelta eman nahian hartu dituzten neurriak ez dira nahikoa izan, eta «larria» da ibai angiraren egoera. Jaurlaritzak iaz onartu zuen angularen arrantza profesionalizatzeko dekretua.

Ezkutuko angulazaleak txitxardinak harrapatzen, Usurbilen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Ezkutuko angulazaleak txitxardinak harrapatzen, Usurbilen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
aitor biain
2025eko urriaren 3a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebetean gutxienez ezingo da angularik harrapatu Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaietan. Hala erabaki du Eusko Jaurlaritzak, espeziea galtzeko dagoen arriskuagatik. Izan ere, hainbat adituren txostenek ohartarazi dute angularen egoera «larria» dela, eta berreskuratzeko helburua urrun dagoela oraindik.

Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak gaur eman dio erabakiaren berri Euskadiko Anguleroen Elkarteari. Eta azaldu dio bereziki bi txostenetan oinarritu duela bere erabakia. Espainiak Europako Batzordeari Angularen Kudeaketa Planaren ebaluazioari buruz egindakoa da haietako bat. Txosten horren arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaietako aingira kopurua 1960ko eta 1970eko hamarkadetakoen %7 baino ez da.

Adituen arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaietako aingira kopurua 1960ko eta 1970eko hamarkadetakoen %7 baino ez da

Erakundeek hainbat neurri hartu dituzte egoerari buelta emateko, hala nola arrantza jarduera mugatzea eta habitataren kalitatea hobetzea. Baina adituek ondorioztatu dute neurri horiek ez direla nahikoa izan, eta espeziea muga biologiko seguruetatik kanpo dagoela oraindik.

Bide berean doaz AZTIren txostenaren ondorioak ere, zentro zientifikoaren txosten horretan ondorioztatu baitute ez dagoela espeziea lehengoratzen ari den zantzurik. Txosten hori ere aintzat hartu du Jaurlaritzak arrantzaren debekua onartzerakoan.

Profesionalizazioa

Ekainean, Arartekoak Jaurlaritzari eskatu zion egokitu zezala angularen arrantza arautzeko legea espeziea lehengoratzeko neurrietara. Izan ere, Jaurlaritzak iaz onartu zuen angularen arrantza profesionalizatzeko dekretua, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu aurreko azken gobernu bileran, hain justu ere.

Erabakiak ekologisten haserrea piztu zuen, gobernu berriaren jarduera baldintzatuko duen neurria delakoan. Eguzkik eta Mutriku natur taldeak Jaurlaritzari leporatu zioten erabaki horren bidez «izkin» egin nahi izatea Europako Batasunak 2023ko urtarrilean angularen aisialdiko arrantzaren gainean ezarritako debekuari. Iaz 198 kilo harrapatu ziren guztira Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaietan.

Horiek horrela, arrantza aldi baterako debekatu beste aukerarik ez du izan orain Amaia Barredok zuzentzen duen sailak. Jaurlaritzak argudiatu du, hain zuzen ere, erabakia bat datorrela adituek angula erabat desagertzea eragozteko proposatutako neurriekin. Eta azpimarratu du espeziea lehengoratzeko lanean jarraituko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.