Ainhoa Ozaeta euskal presoa aske geratu da

Hamasei urtez egon da Reauko kartzelan, Frantzian, Euskal Herritik ia 1.000 kilometrora.

Ainhoa Ozaeta euskal presoa. ETXERAT
Ainhoa Ozaeta euskal presoa. ETXERAT
2024ko otsailaren 16a
09:10
Entzun

Etxerat elkarteak atzo iluntzean jakinarazi zuenez, Ainhoa Ozaeta euskal presoa aske geratu da. Hamasei urtez egon da Reauko espetxean, Frantzian. 2008an atxilotu zuten, Bordelen, eta sei urte geroago epaitu, Igor Suberbiola eta Jon Salaberriarekin batera. Hogei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETAko kide izatea leporatuta, «zuzendaritza mailan». Hiru horiez gain, Xabier Lopez Peña ere atxilotu zuten urte hartan; Ozaetaren bikotekidea zen, eta 2013an hil zen.

2014ko epaiketa hartan Gure Esku-k antolatutako giza kateaz solastatu zen Ozaeta, eta «berandu baino lehen Euskal Herria aske» izanen zela adierazi zuen.

Andoaindarra da, eta hango alkateordea izan zen 1999tik 2003 bitarteko legealdian, Euskal Herritarrok taldean. Hala, 2021eko maiatzean euskal presoen aldeko egitasmo bat egin zuten haren herrian, eta kartzelatik ateratzeko garaia zela aldarrikatu zuten haren lagunek eta senideek.

Urruntzea eta dispertsio politika amaituta dauden arren, Euskal Herritik ia 1.000 kilometrora dagoen espetxean zegoen; etxetik urrunen zegoen presoa izan da azken urteotan. Ildo horretan, iaz sakabanaketa politika salatzen duen 846 km dokumentala estreinatu zuten. Hainbat gaztek ondu zuten, Reauko kartzelatik Martutenekora dagoen bidea bizikletaz egin eta gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.