Aisialdi euskaltzale eta eraldatzailea xede

Udalekuen arloan lan egiten duten hainbat eragile aisialdi guneak arautzeko dekretuaren berrikuntzaz mintzatu dira, eta hainbat eskaera egin dizkiete hala administrazioari nola familiei.

Ume batzuk udaleku batean, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ume batzuk udaleku batean, artxiboko irudi batean. BERRIA
Isabel Jaurena.
Donostia
2026ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar egunez etxetik kanpora joan aitzineko urduritasunak; joko eta mendi ibilaldi artean lagun bihurtu ziren ezezagunak; afalondoko irrialdi eta solasaldi luzeak; eta etxerat bueltatu aitzineko besarkadak eta negarrak. Hamaika dira Euskal Herriko haur eta gazteek —eta ez hain gazteek— udalekuez dituzten oroitzapenak, nekez atzentzen diren horietakoak. Nekez atzenduko den bezala ikasturte honetan aisialdia arretagune mediatiko eta politiko bihurtu eta proiektu jakin batzuk seinalatu izana. Zurrunbilo horri aurre egite aldera, saretzeko, elkar babesteko, eta elkarrekin egoteko beharra sumatu dute hezitzaileek, sarean egiten dutelako lan, euskara eta feminismoa oinarri izanik, Iparraldetik Hegoaldera. 

Erran eta egin. Euskal Herrian barna aisialdi hezitzaile, euskaltzale eta eraldatzailearen alde lan egiten duten 23 eragile Ozetako (Araba) Garaion Sorgingunean elkartu ziren apiril hondarrean, eta bertze topaketa bat egin asmo dute irailean. Iragan hilabetean hausnartutakoez, udalekuak arautzeko Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren berrikuntzaz eta gizarteari egiten dizkioten eskaerez mintzatzeko saioa egin dute asteon, Donostian. Udalekuak bezala, saio hori ere komunitatean egin dute, zazpi eragiletako kideak bildu baitira, bakoitzeko bat: Naiara Martin Oinherritik, Deunore Aguilera Urtxintxatik, Ainhoa Pinedo Heztenetik, Lander Juaristi Txatxilipurditik, Iñaki Aristondo Kukulaisi Euskaltzaleen Topagunetik, Joxe Mari Agirretxe Porrotx Katxiporreta kooperatibatik eta June Rivas Zirimola elkartetik.

(ID_17794620395975) Udalekuak
Joan den apirilean Garaion Sorgingunean egin zituzten topaketak. BERRIA

Iazko zurrunbiloaren harira, Aguilerak gogoratu du «epai sozial oso bortitza» egon zela tartean, eta horrek «babesgabetasuna, beldurra eta bakardadea» zabaldu zituela eragileen artean. Eta aisialdi hezitzaile, euskaltzale eta eraldatzailearen potentzialtasunean jarri du arreta: «Hezitzaileon jarduna ez da hutsetik sortzen den zerbait, inprobisazioaren bitartez garatzen dena, baizik eta aurrez taldean pentsatu eta landutakoa, haur nerabe eta gazteen babesa eta tratu ona erdigunean jarrita». Hezitzaile horiek, gainera, lan hori egiteko trebatuta daudela kontatu du Pinedok, eta proiektu horietan haurren ongizatea bermatzen dutela ziurtatu: «Oinarrian hori dago: ume horien ongizate fisiko, mental eta soziala; eta haiek erdigunean jartzea, subjektu politiko moduan».

«Hezitzaileon jarduna ez da hutsetik sortzen den zerbait, inprobisazioaren bitartez garatzen dena, baizik eta aurrez taldean pentsatu eta landutakoa, haur nerabe eta gazteen babesa eta tratu ona erdigunean jarrita»

DEUNORE AGUILERA Urtxintxa

Lanketa horiek, gainera, hiru ardatzen gainean egiten dituzte, Rivasek erran duenez: hezkuntza, euskaltzaletasuna eta eraldatzea. Eta horietako bakoitza esplikatu du. Batetik, arlo hezitzaileari dagokionez, adierazi du haurrak «subjektu aktibotzat» hartzen dituztela, eta horien parte hartzea sustatzen dutela. Bertzetik, kontatu du euskaraz bizitzeko eta erlazionatzeko «espazio naturalak» sortzen dituztela. Eta, azkenik, amesten duten gizarte horren alde lan egiten dutelako da eraldaketa hiru ardatzetako bat: gizarte «feminista, inklusiboa, komunitarioa eta kritikoa» izatearen alde aritzen dira. Hain justu, orain arte emandako pausoak gogoratu ditu Agirretxek: «Aurrera egin dugu herri eta komunitate moduan: lehiakortasunaren aroan, geure burua, geure emozioak eta geure nortasuna ezagutzen ikasi dugu, geure buruan konfiantza izaten eta harreman osasuntsuak sortzen».

Dekretuarenak

Iazko zurrunbilo horiek aitzakiatzat hartuta, Jaurlaritza Gazteriaren Legea aldatzeko bidean da udalekuetan «babes eta kontrol» handiagoa ezartzeko, baita udalekuen jarduna arautzen duen dekretua berritzekotan ere —biak uda hasi baino lehen onartu nahi dituzte—. Aristondo mintzatu da horri buruz, eta azpimarratu du ez daudela dekretuaren kontra, aspaldiko eskaera baita hura moldatzea: «Badakigu 1985eko dekretua aldatu beharra dagoela, garaiak aldatu dira eta: guk kritikatzen duguna zera da, azken urtean izan den presazko prozesua. Oso azkar joan da, eragilerik handienak ekarpenak egitera deitu dituzte, baina hasierako zirriborro baten gainean; eta, beraz, ez dugu uste denon iritzia kontuan hartu denik».

Dekretuaren edukiari lotuta, Aristondok erran du ikuspegi pedagogikoa eta hezitzailea alde batera utzi dituztela, eta segurtasuna eta kontrola indartu. Eragileen ustez, baina, segurtasunak eta ahalduntzeak «elkarrekin» joan behar dute. Horrez gain, nabarmendu du dekretuan biltzen diren neurriek burokrazia lanak handitu egiten dituztela, eta Juaristik hari horretatik jarraitu du: «Horrelako eskaera zorrotzek arriskuan jarri ahal dituzte proiektu txikiak, halako egitasmoek ez daukatelako egitura nahikorik eskakizun horiei aurre egiteko». Eta galdera bat egin du: «Zelako aisialdi eredua nahi dugu Euskal Herrian?». Are, Aristondok erran du araudi horrek «aisialdi eredu handi baten» alde egiten duela. 

«Horrelako eskaera zorrotzek arriskuan jarri ahal dituzte proiektu txikiak, halako egitasmoek ez daukatelako egitura nahikorik eskakizun horiei aurre egiteko»

LANDER JUARISTI Txatxilipurdi

Hortaz, iritzi diote dekretuak «egoera guztietara» egokitzekoa modukoa izan behar duela. Eta bertze ideia bat eman du Pinedok: «Eskoletako dekretuak ere badaude, eta horiek ere berritzear daude. Prozesu naturalago bat izango litzateke dekretu guztien lanketa aldi berean egitea». 

Horiek horrela, Martinek zenbait eskaera egin dizkie hala administrazioari nola familiei. Batetik, administrazioari eskatu dio aisialdi gune batean gertatutako edozein kasuren inguruan erantzun publiko bat eman aitzinetik antolatzaileekin harremanetan jartzeko. «Konfiantza izan dezatela. Orokorrean, urte askoko ibilbidea egindako elkarteak gara; orokorrean, oso borondate onez jarduten dugu; orokorrean, hezitzaile trebatuak izaten ditugu, eta saiatzen gara ahalik eta ondoena egiten dena, jakinda hobetzekoak ere badaudela». Familiei, berriz, eskatu diete udalekuetan izena eman aitzinetik proiektu pedagogikoaren eta lan metodologikoaren berri izan dezatela. 

Kritikak kritika, araudiak bere bidea eginen du, eta eragileek ere bai, adierazi baitute hemendik aitzinera ere «saretzen, hausnartzen eta gozatzen» arituko direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA