Eusko Legebiltzarrak 2022an onartutako Gazteriaren Legea aldatzeko proposamen bat erregistratu du gaur Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak. Aisialdiko jardueren eta udalekuen inguruko araudia zorroztea izango du helburu moldaketak: «babes eta kontrol handiagoa» ezarri nahi dute, elkarteen betekizunak areagotuz eta arau hauste berriak txertatuz. Uda aurretik indarrean nahi dituzte arau berriak.
«Lege erreformaren helburua da adingabeen babesa indartzea eta haurren eta gazteen aisialdiko jardueretan administrazio kontrolerako mekanismoak areagotzea», nabarmendu du Melgosak. Horretarako, halakoak antolatzen dituzten elkarteen erregistro bat sortuko dute, eta «nahitaezko erantzukizun adierazpen bat» eskatuko diete aurretiaz, jarduera hasi baino lehen «erakundeak bere gain har dezan legezko baldintzak betetzea».
Ildo horretan, arau hausteen eta zigorren inguruko araubidea moldatuko dute, arau hauste larri edo oso larri gehiago sartzeko, hala nola asegururik edo ziurtagiririk ez izatea, segurtasun neurririk ez hartzea, eta arrazismoa, xenofobia edo indarkeria sustatzea. Era berean, sexu erasoen kontrako «bermeak indartuko» dituzte: halako delituetan aurrekaririk ez dutela ziurtatzen duen agiria eskatuko diete langileei.
Bernedoko polemikaren ondorio
Bernedoko (Araba) udalekuen harira udazkenean izandako polemikak eragin du lege aldaketa. Guraso batzuek begiraleei leporatu zieten nerabeak dutxa mistoak erabiltzera «behartu» zituztela, begiraleak ere dutxetan sartzen zirela eta hamabost egunez familietatik «inkomunikatuta» eduki zituztela adingabeak; hezitzaileek salatu zuten «mezu transfoboak» zabaltzeko erabili zituztela udalekuetako jardunaren kontrako kritikak. Hamabost salaketa baino gehiago jaso zituen Ertzaintzak.
Edonola ere, eztabaida haren harira azaleratu zen udalekuen antolatzaileek ez ziotela beren jardunaren berri eman Arabako Foru Aldundiari, eta diputazioak ere ez zuela horren berri, Euskal Udalekuek urte askotako ibilbidea zuten arren. Hala, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek koordinazio mahai bat eratu zuten urrian, Bernedoko udalekuetan gertatutakoaz elkarrekin hausnartzeko eta «sistemaren akats posibleak aztertzeko».
Lan horren emaitza da gaur legea aldatzeko aurkeztutako proposamena. Mahaian izandako «erabateko elkarlana» txalotu du Melgosak, «garaiz iritsiko» baita moldaketa: premiazko tramitazioaren bidez, bi hilabete barru onartzea espero dute, eta, beraz, udararako indarrean egotea.