Aisialdi hezitzailearen, euskaltzalearen eta eraldatzailearen aldeko aldarria

Euskal Herri osoko 23 eragilek topaketak egin zituzten joan den hilabetean. Gaur zabaldu dute laburpen bideoa.

Zenbait udalekuetako arduradunek apirilean Garaion egin zuten bilera
Isabel Jaurena.
2026ko maiatzaren 22a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Sare bat sortzea elkar babesteko, laguntzeko eta behar dugun horretan gu izateko». Euskal Herrian barna aisialdi hezitzailearen, euskaltzalearen eta eraldatzailearen alde lan egiten duten 23 eragileren nahia da hori. Duela hilabete eskas elkartu ziren Ozaetako (Araba) GaraiOn Sorgingunean, eta saio horien laburpen bideoa zabaldu dute gaur. Talde horien artean daude, bertzeak bertze, Txatxilipurdi, Urtxintxa, Hezten, Euskal Udalekuak, Oinherri, Uda Leku, Kirikiño edo Dinadaia Fundazioa. 

Azaldu dutenez, talde horien guztien erronkei aurre egiteko tailerrak eman eta jaso zituzten, eta hausnarketa kolektiboa sustatu; sexualitatearen, komunikazioaren, legediaren edo euskararen inguruan. Hain justu, Eusko Jaurlaritza Gazteriaren Legea aldatzeko bidean da, Bernedoko (Araba) udalekuen harira iaz izandako polemika medio; testuinguru horretan egin zituzten topaketok. «Aisialdian gertatu diren zenbait jazoeraren harira plazaratu diren zenbait iritzi eta erantzun administratibori erreparatuta, ikusi genuen bazegoela behar bat aisialdi hezitzaile eta eraldatzailean diharduten eragileen arteko topaketa bat egiteko; gure artean hausnartzeko eta bakoitzak aurrera eramaten dituen praktika onen inguruko zabalpena egin eta elkarrengandik ikasteko», erran dute eragileek bideoan. 

Finean, amesten duten Euskal Herrirantz «gozamenez eta euskaraz» egin nahi dute bidea, eta, hortaz, ezinbertzekoa zaie sarea egitea, Iparraldetik Hegoaldera. «Ilusioak, beldurrak, pozak, zalantzak, arazoak eta lorpenak elkarbanatzeko zubiak eraiki nahi ditugu: elkarri entzuteko eta elkar babesteko espazioak sortu nahi ditugu, alegia», erran dute.

Arabako topaketak, baina, hasiera bertzerik ez dira izan, eragileek «saretzen, hausnartzen eta gozatzen» segituko dutela adierazi baitute. «Nazio mailako aisialdi hezitzaile, euskaltzale eta eraldatzailean sinesten eta jarduten garen eragileon elkarlanaren abiapuntua da», borobildu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA