Udalekuetan «kontrol handiagoa» ezartzeko bertze pauso bat eman du Legebiltzarrak, zigor ekonomikoak gogortuz

Gazteriaren Legea aldatzeko proposamena adostu dute gaur legebiltzarreko ponentzia batea eta datorren astean bozkatuko du batzordeak, plenoan onartu aurretik. Bertzeak bertze, begiraleek sexu izaerako delituen ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute.

Bernedo udalekuak, artxiboko udaleku batean. EUSKAL UDALEKUAK
Bernedo udalekuak, artxiboko udaleku batean. EUSKAL UDALEKUAK
Isabel Jaurena.
2026ko maiatzaren 22a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udalekuetan «babes eta kontrol» handiagoa ezartzeko bertze pauso bat eman dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Joan den otsailean Gazteriaren Legea aldatzeko proposamen bat erregistratu zuen Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak. Legebiltzarreko alderdiek gaur adostu dute behin betiko testua, datorren astean bozkatuko dute, eta, seguruenik, Legebiltzarreko plenoan emanen diote onespena, ekainaren 11n. Bertzeak bertze, begiraleek sexu izaerako delituen ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, eta arau hauste larriei lotutako zigorrak 600.000 eurora artekoak izan daitezke. 

Legebiltzarreko kideek ohar bidez adierazi dutenez, hiru zuzenketa gehitu dizkiote EAJren eta PSE-EEren jatorrizko testuari: EAEko Arartekoaren gomendioz EAJk eta PSE-EEk egindako bat, eta PPk jarritako bi —popularrek bertze bi aurkeztuak zituzten eta EH Bilduk lau, baina horiek, momentuz, ez dituzte onartu—. 

Lege proposamenak bortz artikulu eta azken xedapen bat ditu. Bertan jasoko diren hiru aldaketa nabarmendu dituzte gaur: batetik, orain arte jarduera bat egin aitzinetik aurrekomunikazio bat bete behar zuten taldeek, orain, ordea, adingabeek parte hartzen duten aisialdiko jarduerak hasi aitzinetik erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, Eusko Jaurlaritzako Gazteria arloan edo jarduera eginen den lurraldeko aldundian; bertzetik, adingabeekin ohiko harremanak izanen dituzten horiek sexu izaerako delituen ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute.

Zigorrei lotutakoa da hirugarren aldaketa —jeltzaleen eta sozialisten zuzenketari lotutakoa—, arau hauste larriak eta arras larriak zer diren berriz definitu dute. Zehazki, hemendik aitzinera, eta araua onartuko balitz, arau hauste larri gisa identifikatu ahalko dituzte honako hauek: erantzukizun zibileko asegururik ez izatea, delitu sexualen ziurtagiri negatiborik ez izatea edo beharrezkoak diren segurtasun neurririk ez izatea. Arras larriei dagokienean, honela definitu dituzte: «Ekintza edo ez-egite bidez haurren, nerabeen eta gazteen eskubideak mugatzen dituzten jarrera eta jokabide diskriminatzaileak sustatzen dituztenak edo edozein indarkeria mota sustatzen dutenak». 

Arau hauste horiei ezarriko zaizkien zigorrak ere gogortuko dituzte, PPren zuzenketetako bat oinarri hartuta. Hain justu, arau hauste arras larriengatik gehienez 45.000 euroko zigorrak ezartzen ziren orain arte, eta aldaketarekin 600.000 euro bitartekoak izan daitezke. 

Premiazko tramitazioa

Premiazko tramitazioaren bidez egin dute aldaketa, uda baino lehen indarrean jartzea baita jeltzaleen eta sozialisten helburua. Hori ez zen izan, baina, alderdien lehenbiziko aukera: irakurketa bakarreko prozeduraz izapidetzea zen hasierako asmoa, baina EH Bildu kontra agertu zen, argudiatuta bide horrek saihestu egiten duela «baldintza normaletan eztabaida» izatea. Horrela mintzatu ziren koalizio subiranistako kideak: «Garrantzitsua iruditzen zaigu arlo honetan adituak direnek eta gizarte eragileek proposamen honi buruz esateko dutena entzutea. Irakurketa bakarreko prozedura onartuz gero, hori ezinezkoa litzateke». 

Erabaki horrekiko kritiko mintzatu ziren jeltzaleak eta sozialistak, eta bide beretik solastatu dira gaur ere. Salatu dute koalizio subiranista arau aldaketa «oztopatzen eta atzeratzen» saiatu dela. «Jokoan dagoena adingabeen babesa denean, ez dago denborarik galtzeko. Zergatik jarri dizkiozue oztopoak lege hau ahalik eta azkarren martxan jartzeari?», adierazi du EAJko legebiltzarkide Ander Añibarrok. Itxaso Asensio sozialisten legebiltzarkideak, berriz, aldaketak adingabeendako «ingurumen seguruak bermatzeko» balioko duela erran du: «Familiek jakin dezaten seme-alabak aisialdi hezitzaileko jarduera batean uzten dituztenean zainduta eta babestuta egongo direla. Eta administrazioak kontrola egingo duela eta baldintza guztiak betearaziko dituela».

Izan ere, Bernedoko (Araba) udalekuen harira udazkenean izandako polemikak eragin du lege aldaketa. Zenbait gurasok udalekuetako begiraleei leporatu zieten, bertzeak bertze, dutxa mistoak ezarri eta adingabeak elkarrekin dutxatzera «behartu» zituztela; behar bezala ez zituztela zaindu; begiraleak ere dutxetan sartzen zirela, eta hamabortz egunez familietatik «inkomunikatuta» eduki zituztela. 

Begiraleek, baina, hori ukatu zuten. Eta nabarmendu udalekuei buruzko «gezurrak eta difamazioak etengabeak» izan zirela, lintxamendu pertsonaletara iristeraino, sareetan eta kalean. Halaber, salatu zuten dutxa mistoen harira gorroto mezuak zabaldu zirela, eta bide publiko eta pribatuetatik eraso transfoboak jasan behar izan zituztela. 

Dekretu bat, bide berean

Lege aldaketaz gain, arlo hori arautzeko dekretu bat ontzen ari da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko saila. Araudi zabalagoa da hori, baina legeak jasoko dituen neurri nagusiak barne hartuko ditu. Bertzeak bertze, udalekuak antolatzen dituzten eragileek haurrak eta nerabeak babesteko arduradun bat esleitu behar dute, eta lan hori egiteko adina formakuntza izan beharko du. Pertsona horren ardura izanen da administrazioari ezein bortizkeria kasuren berri ematea.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak dekretuaren balorazioa zabaldu zuen atzo, eta erran aisiaren arloko «gizarte, hezkuntza eta antolaketa errealitate berriei erantzun» egiten diela, baina «hainbat atal garrantzitsu» ez dituela behar bertzeko «zehaztasunarekin» garatzen, eta, gainera, zenbait gai «argitu» behar dituela. 

Batzordearen erranetan, arau horrek egun indarrean dagoen erregulazioa eguneratzea dakar, eta hori positiboki baloratu du. Are, haurren eta nerabeen babesa indartzea garrantzitsua zaio. 

Dekretuaren proiektuan udalekuek bete beharreko baldintzak ageri dira, eta horiek defendatzeko egun indarrean daudenak baino argiagoak eta sinpleagoak direla argudiatzen dute. Batzordearen irudiko, baina, «proposatutako neurriek ez dute sinplifikazioan lagunduko, baizik eta, praktikan, taldeentzat karga administratibo gehiago ekarriko dute». Hala, talde horiek gizartean egindako ekarpena nabarmendu du batzordeak eta azpimarratu prozedura berriek «zailtasun gehigarriak» ekarri ahal dituztela. 

Eta proposamen bat egin du: «Baldintzak argitzea, horiek betetzea erraztuko duten mekanismoak ezartzea, hiru lurraldeetarako erreminta bateratu bat ezartzea, eta talde horien beharrei laguntzeko eta erantzuteko arreta kanal irisgarriak eta erreferentziazko pertsonak bermatzea».

Indarkeria matxistaren prebentzioari dagokionez, dekretuko bi artikuluri egin die erreferentzia —bosgarrena eta hamazazpigarrena—, eta erran «orokorregiak» direla, eta horrek «zaildu» egiten duela arau horien «aplikazio egokia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA