26 pertsona. Hamar heldu: zazpi gizon eta hiru emakume, haietako bat haurdun. Hamasei adingabe, haietatik bat urtebete baino gutxiagokoa. Aita Mari itsasontziak gaur goizean erreskatatu ditu, 06:32an, Mediterraneo itsasoan, Lampedusatik (Italia) 40 itsas miliara. Etiopiakoak, Somaliakoak eta Sudangoak dira, lehen informazioaren arabera.
Aita Mari-k Louise Michel itsasontziaren laguntza izan du aurtengo azken erreskatea egiteko. Italiako agintariek zehaztu diote jada Aita Mari-ri erreskatatutako pertsonak zer portutan lehorreratu: Erromako Civitavecchian. Orain dauden lekutik bi eguneko bidaia egin behar dute hara iristeko. Ohikoa da ontzitik urrun dauden portuetara joan behar izatea: «Portuak erreskate eremutik urruti egoteak salbamendurako baliabideak murriztea dakar Mediterraneoko eremu honetan, baita giza eskubideen urraketen lekukoak murriztea ere», salatu du Itsas Salbamendu Humanitarioak, Aita Mari-ren ardura duen elkarteak.Â
Europako Batasunaren erantzukizuna
Itsas Salbamendu Humanitarioak hamar urte bete ditu. Haren iritziz, hamar urteotan okertu egin da migratzaileen eta nazioarteko babesa eskatzen dutenen egoera. Itsas Salbamendu Humanitarioarentzat, Europako Batasunak eragin zuzena izan du horretan.
Alde batetik, Migrazio eta Asilo Itunaren bidez: «Itun horrek sortzen duen marko legegileak legezkotzat hartu nahi ditu nazioarteko oinarrizko eskubideen aurkakoak diren gertakariak; besteak beste, hil ala biziko egoeran daudenei laguntza emateko betebeharra ukatzea».
Libia eta Tunisia
Bestetik, EBk Libia eta Tunisia babestu ditu. Elkarteak salatu du Europako Batasuna herrialde horien aliatua dela, eta herrialde horiek migratzaileen kontra hartzen dituzten neurriak babesten dituela. «Herrialde horiek porrot egin dute», azaldu du Itsas Salbamendu Humanitarioak. Gogoratu du Refugees in Libia erakundeak Europako Parlamentura eraman zituela migratzaileen lekukotza batzuk, eta Libian zer egin zieten kontatu zutela: jendea apetaren arabera atxilotu, tratu txarrak eman, bortxatu eta esklabo gisa eduki. «Hori jakinda ere, Europako Batzordeak ez ditu baldintzak aldatu», salatu du, «eta 'legez kanpoko migrazioaren aurka borrokatzeko' diru laguntzak ematen jarraitzen du».
Egoera okertu egin da migratzaileentzat, baina baita haiei laguntzera joaten direnentzat ere. Europaren neurri berriek «eskubiderik gabeko guneetan» migratzaileen eta haiei laguntzera joaten direnen egoera okertu dutela nabarmendu du Itsas Salbamendu Humanitarioak: «Kriminalizazioa eta deshumanizazioa eragiten dute».